argia.eus
INPRIMATU
Mahai-ingurua: Itzulpena eta literatura
  • Itzulpena eta literatura gaien arteko harremana aztertu dugu Durangoko Azokaren karietara. Nolakoa izan da literatura eta itzulpenaren arteko harremana Historian? Nola gauzatzen dira itzulpen lanak? Nolakoa da idazleen eta itzultzaileen arteko harremana? Itzultzaileen lana onartua eta ezagutua al da? EIZIEko (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) lehendakaria eta itzultzailea Karlos del Olmo, Koro Navarro itzultzailea (Isaac Bashevis Singer idazle poloniar juduaren Zortzi kontakizun liburuarengatik 2003ko itzulpengintzako Euskadi Saria jaso duena) eta Inazio Mujika Iraola, idazlea eta Alberdania argitaletxeko editorea bildu ditugu mahai batean. Karlos del Olmok berak Egan aldizkarian argitaratutako «Itzulpena eta literatura: elkarren beharreko etsaiak» izenburuko azterketa hartu dugu solasaldiaren abiapuntu gisa.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 28a

Elkarren beharreko etsaiak ote dira itzulpena eta literatura?
Karlos del Olmo. Historian zehar egindako kritikak kontuan hartzen baditugu, hala dirudi. Literatura nazionalak sortzen direnean, kultura gehienetan izan dira pentsalari batzuk itzultzea aberriarentzat galgarri dela uste dutenak. Are gehiago, itzulpenaren ikerlariek testua itzultzea ezinezkoa dela diote. Hala ere, ezinak ezin, egunero-egunero itzuli egiten da.
Itzulpengintzak berezko ezaugarriak dauzka, horietako bat idazle batzuk itzultzaileak izatea da. Ezaugarri hori konstante bat da testuen historian. Idazle handienek beren gustuko idazleen lanak ekartzen dituzte beren hizkuntzara.
Itzulpenaren inguruan bi ikuspegi agertu dira elkarren aurka: batek edozein mezu edozein giza hizkuntzatan eman daitekeela dio, hau da, hizkuntza guztiak gai direla mezu gehienak emateko. Besteak, berriz, -poesia hizpide duelarik- literatur genero hau itzuli ezinezkotzat jo du. Ikuspegi honen arabera, poesiaren osagai guztiak ezin dira beste hizkuntza batera aldatu. Hala ere, poesia ere itzultzen da.

Inazio Mujika Iraola. Ez dakit itzulpena eta literatura etsai ote diren edo ez. Hala balira ere, anaia edo ahizpa siamdarrak dira. Hau da, elkarren ondoan bizitzera kondenatuta daude, itsatsiak alegia, eta, are gehiago, gurea bezalako kultura txiki batean.
Euskarazko kulturak daukan ahulezietako bat gutxi itzuli izana da -orain gehiago egiten bada ere-. Gure hizkuntza besteen ekarpenez gutxi aberastu dela esan nahi dut. Hizkuntza txikia izateagatik tokatzen zaigu beste hizkuntzetan esan diren gauzetara eta moldeetara gurea behartzea, doitzea nolabait. Gurea bezalako hizkuntza txikiek, nahitaez, etengabeko lana egin behar dute arlo horretan.
Koro Navarro. Itzulpena behar beharrezkoa da literaturarentzat. Literatura literaturatik sortzen da, elkarren gainean edota elkarren aurka. Zentzu honetan, gu, euskaldunok, gure ekoizpenarekin soilik biziko bagina, gure literatura etzirako bukatuko zen. Beste literaturak ere behar ditugu, beraz. Zenbat eta txikiagoa izan kultura eta hizkuntza bat gero eta premia eta dependentzia handiagoak ditu besteenganako. Ondorioz, itzultzaileek nahiz idazleek gero eta behar handiagoa dugu beste literaturak geureganatzeko, baita gurea hemendik atera eta besteekin harremanetan jartzeko ere.

Nola ikusten duzue azken urteotako euskal itzulpena eta idazketaren arteko harremanen bilakabidea?
I. M. I. Euskal idazle batentzat nahitaezkoa da itzulpenaren ekarria aintzat hartzea. Azken 15 urteotan egin den ahalegina kontuan hartuta, euskal literaturan aldaketa nabarmenak gertatu direla esango nuke, bai konplexutasunaren aldetik nahiz beste hainbat ezaugarriren eta alderdiren aldetik. Esate baterako, gaur egun euskal idazle batek ezin du idatzi Isaac Bashevis Singer, Raymond Carver edo Herman Melville euskarara itzulita ez baleude bezala.

Euskal itzulpengintza bere bidea urratzeaz batera literaturari ekarpenak egiten ari zaizkio, beraz.
K. d. O. Bai, noski. Euskal idazle batzuek aitortu dutenez, euskal itzultzaileei esker aldatu dute beren idatz tankera. Hori ukaezinezkoa da. Ikuspegi teknikotik begiraturik, adibidez: idazleak idaztean zailtasun batekin topo egiten badu, hasieran urratu nahi zuen bidetik alde egiteko aukera dauka. Joskerarekin edo lexikoarekin arazoak baditu, itzulinguruka edo parafrasia eginez aterako da atakatik. Itzultzaileak ere bere teknikak ditu horretarako, baina, jatorrizko testuarekiko morrontzak kontuan hartu behar ditu. Hau da, ahalegindu behar du jatorrizko testuaren oihartzun den-denean irakurlearengana helarazten. Ezin du iheska edo disimuluan ibili, jatorrizko esanahia eta efektua ekarri behar dizkio irakurleari. Ekarri horiek dira, hain zuzen, literaturaren esentzia.
Zentzu honetan, zenbaitek jatorrizko idazleak ez duela inongo kutsadurarik uste du, jatorrizko testuak, berez, jatortasun labela duela uste du. Jende askok literatura irakurtzen du euskara landu behar duelako, agindu diotelako, eta orduan uste du jatorrizko lana hobea dela itzulia baino. Ez dute ezagutzen euskal itzulpenak duen maila, benetan.
Bestalde, beste hizkuntzetan ez dira hainbeste itzultzaileen izenak aipatzen. Eta horregatik-edo, batzuk, irakasle harroak beti ere, jatorrizkoa irakurtzen dutelakoan daude, nahiz eta gaztelaniazko edo frantsesezko itzulpena irakurri. Ikasle garaiko irakasle bat gogora ekarriz, bagenekien irakasle hark ez zekiela errusieraz edo alemanez, baina berak jatorrizko autore horiek beren hizkuntzan irakurtzen zituelakoan zegoen, edo tira, horrela agertzen zen gure aurrean. Biblia-ren kasua dugu horren adibide esanguratsua. Batzuek Biblia irakurtzean jatorrizkoa irakurtzen ari direla uste dute.

K. N. Hain zuzen ere, lagun batekin hitz egin nuen alderdi horri buruz eta aurreiritzi hori antzeman nion. Hau da, jatorrizko testua beti, berez eta definizioz, itzulpena baino hobea dela aditzera eman zidan. Baina begira, esate baterako, literatura ez diren beste itzulpenetan -itzulpen utilitarioetan edo erabilgarrietan, nolabait deitzegatik- jatorrizko testua ulertzeko arazoa izaten dugu, idazkiak zer esan nahi duen ulertzeko arazoak izaten ditugu.
Alegia, testua idatzi duenak ez daki askotan esan nahi duena argi adierazten. Azken finean arazoa itzultzailearentzat izaten da, guk itzultzaileok erantzun bat eman diogu arazo horri. Aldez edo moldez, testua aztertu ondoren, batzutan, testuak esan nahi duena itzultzera iristen gara. Testua berridazten dugu eta kasuen %99etan, berridazketa hori hobea izaten da jatorrizko testua baino. Hasteko, ortografia akatsak ez ditugu egiten, eta hartara, testuak puntu asko irabazten du. Eta bigarrenik, testua ulertua izan dadin egin dugun ahaleginaren ondorioz, gureak jatorrizkoak baino koherentzia gehiago izaten du. Hau bati baino gehiagori gehiegikeria irudituko zaio. Exageratzen ari ote naizen? Baliteke. Nik gai hau horrela bizi dut. Itzulpena jatorrizkoa baino txarragoa den akusazio hori, aurreiritzi hori, maiz, kontrakoa izaten da niretzat.

I. M. I. Bitxia da, bai. Izan ere, kexatzen diren irakurleak euskal itzulpenekin baino ez dira kexatzen. Irakurle hauen kasua da, gehienetan, euskaraz idatzia baino ez dutela euskaraz irakurri nahi, eta gainerako guztia «orijinalean» irakurtzea nahiago dutela. Eta ez dira konturatzen gaztelaniaz irakurtzen dutenaren ehuneko handi bat itzulpena dela. Bitxia da, gaztelaniazkoa ez dute itzulpentzat jotzen. Jatorrizko bertsioan irakurtzen ari direla iruditzen zaie. Eta, horra paradoxa, gaztelaniazko itzulpenetan ere -eskarmentuz diot-, hanka sartze ikaragarriak daude. Gaztelaniaz, hizkuntza guztietan bezala, itzulpen onak eta txarrak daudela esan nahi dut.

K. N. Inaziok esan duena azpimarratu aldera. Gure mundu eta kultura txiki honetan auzi hau honela ulertu izan da eta ulertzen da oraindik ere: euskal literatura euskarazkoa da eta beste guztia literatura da, beste guztia jatorrizkoa da. Uste ustel horren jabeak ez dira ohartzen nonbait, ustez irakurtzen duten jatorrizko hori espainola dela. Demagun jatorrizko testua polonieraz idatzia dela, bada, pertsona jantzi horiek -beren ustez oso jantziak nonbait- «nik ez dut hori euskaraz irakurriko», esaten dute. Gaztelaniaz edota espainolez irakurriz jatorrizkoan irakurtzen ari direlakoan daude. Horra jende askoren iritzia: nik alde batetik literatura irakurtzen dut eta bestetik euskaraz. Nonbait euskarazkoa ez da literatura eta beste literatura guztia, dirudienez, espainolez idatzia dago.

Itzulpenaren zereginetara itzuliz. Hona baieztapen bat: itzultzea sortzea da. Ados al zaudete horrekin?
I. M. I. Sortze lanak bere mugak ditu. Itzulpenik liluragarriena egin dezakezu eta gerta daiteke itzulpen txarra izatea. Alegia, zuk Margarite Yourcenar eta Italo Calvino itzultzen baldin badituzu, adibidez, eta itzuliari zeuretik gehiegi eransten badiozu, biak zure bahetik pasaturik berdintzen badituzu, ez zara ondo itzultzen ari. Hor dago itzulpen eta sortze lanaren arteko muga. Itzultzaileak jatorrizko testuaren egileari maileguan uzten dio bere hizkuntza eta ahotsa. Itzultzaileak testua egokitzen saiatu behar du, ahalik eta ondoen eta berak daukan senaren arabera. Hori da itzultzea eta horregatik niri ikaragarri zaila iruditzen zait ondo itzultzea. Baina itzultzaileak badaude, eta onak. Karlos eta Koro horietako bi adibide ditugu.

Itzultzaileak susmagarritzat jo izaten dira. «Traduttore, traditore» delakoa topiko astuna ote? Nola bizi duzue topiko hori?
K. d. O. Topiko hori, topiko izanagatik ere, neurri batean, egia da. Korok esan duenez, irakurleak itzulpen lan bat hartu eta irakurtzean itzulpena dela ahazten duenean, horra benetako itzulpen lan ona. Liburu bat ezari-ezarian pasatzen bada, inor ez bada itzultzailearekin gogoratzen, ondo itzulia dagoen seinale. Eta, paradoxikoki, horra ere lanbidearen miseria. Itzultzailearen lana ez bada igartzen edota nabaritzen, bada, gogorra ere gerta dakioke itzultzaileari.

Itzulpena, bertsioa, interpretazioa... Zein termino lehenesten duzue? Generoen arabera, agian?
I. M. I. Itzulpenak beti ere itzulpena izan behar du, baina, askotan, gauza asko interpretatu behar izaten dira. Itzultzea ez da bakarrik sintagmak hurrenez hurren aldatzea, testua hizkuntza batetik bestera aldatzea. Jatorrizkotik itzulpenera ez da hizkuntza bakarrik aldatzen, gizartea ere aldatzen da, aldatzen da denbora… Demagun Kixotea itzultzen dugula, gaztelaniatik euskarara. Irakurketan hainbat gauza galdu egiten dugu, Cervantesek idatzi zuenetik gaztelaniaz ere galdu egin direlako edo aldatu. Orduan gauza horiek interpretatu egin behar ditugu.
Interpretatze lanean, ikerketa lan bat ere badago, zeregin horretan gauza batzuk galdu eta beste batzuk eransten dira. Biblia bera da "traduttore traditore" delakoaren adibide esanguratsuena. Esate baterako, gamelua eta jostorratza azaltzen dituen pasartea. Jostorratzaren begitik pasatzen zena ez zen gamelu bat, itsasontziak lotzeko soka lodi bat baizik. Eta hori, gurean, Leizarragak bakarrik ikusi zuen. Pentsa, zer-nolako exegesiak egin diren gameluaren pasartearen kontura.
Mila eta Bat gau ipuin-bilduma arabiarra itzultzen baldin baduzu, guregandik oso urrun dagoen kultura batean sortua, gauza asko interpretatu behar duzu, eta hala ere, denak ez dituzu jasoko. Itzulpena, hartara, bilatze lan orekatsuaren ordaina eta emaitza da. Gauzak ez dira hitzez hitz aldatzen, baizik eta orduko gizarte hartan bizitzen zena eta oraingo gizarte honetan bizi dena, biak hala biak, komunikazioan jarri behar dira.

Patxi Zubizarretak Mila eta Bat gau itzuli du berriki. Euskaraz itzulia zegoen lehendik ere. Agidanez, gizarteak eta hizkuntzak bilakatzen doazen neurrian eta moduan, itzulpen berriak moldatzen jarraitu beharra dago.
K. N. Hizkuntza guztietan obra bera itzultzen jarraitu beharra dago etengabe, nahiz jatorrizko obra bere horretan egon beti ere. Hizkuntza guztiak aldatu egiten dira eta garai bakoitzak garaian garaiko hizkuntza eskatzen du. Gu gaztelaniaz eta euskaraz bizi gara gehienbat. Gaztelania bera izugarri aldatzen doa. Bada, orain 40 urteko gaztelania zaharra egiten baldin bazaigu, are zaharragoa egingo zaigu euskara. Izan ere, euskarak bizi duen egoeragatik aldaketa handiak izan dira eta bizkorragoak izan dira azken 40 urteetan. Beraz, beharrezkoa da berritzea.

I. M. I. Mila eta Bat gau liburuaren historia adibide gisa harturik. Patxi Zubizarretak frantsesetik itzuli zuen, Antoine Galland-en itzulpenetik, uste dut. Autore honek XVIII. mendean ipuin hauen antologia bat egin zuen. Badaude, bestalde, arabiarretik zuzenean egindako itzulpenak, Juan Vernet-ena, esaterako. Baina horretarako arabista bat behar duzu, Vernet bezalako bat. Ez da nahikoa hizkuntza ezagutzea, historian, antropologian, eta abarretan jantzia egon behar duzu.

K. N. Pasadizo bat azalduko dizuet: Patxi Zubizarreta hori egiten ari zela hasi nintzen ni ipuin bilduma horretako Sinbad marinela itzultzen, bera itzultzen ari zela jakin gabe. Sinbad ingelesetik hartu nuen, Robert Burton-en bildumatik. Bi espezialista daude, Galland frantsesez eta Burton ingelesez. Sinbad bukatu nuen eta Zubizarretak Sinbad plazaratuko zuela jakin nuen.
Nik biak konparatu nahi izan nituen, egile ezberdinen ipuina izanda, ea biak nolakoak ziren ikusteko, kuriositatez. Hainbeste bertsio dagoenez, bertsio ezberdinak, nirea eta berea ezberdinak izango ote ziren jakin-mina nuen, nolabait. Bada, ez. Erabat berdinak ziren. Bertan behera utzi nuen. Hor daukat souvenir edo oroigarri modura etxean gordea.

Euskaratik erdarara egiten den itzulpena, berriz, zein egoeran ikusten duzue?.
K. d. O. Euskarazko liburuei buruz nolako interesa sortzen den, bada, horren araberako interesa dago itzulpenengan. Alabaina, literaturaren garapen normala galarazten duten eragile batzuk daude, ez dira faktore literarioak soilak gainera. Bi hitzetan esanda: ikuspegi politikoek ez diote literaturari normaltasunez garatzen uzten. Politika faktore eragile zuzena da. Euskal Herrian oso egoera berezian bizi gara politikaren aldetik. Bizi dugun egoerak kultur arloan eragiten du. Euskal Herrian ez ezik, egoerak Galizian eta Katalunian ere eragin izugarria dauka. Galizian argitaletxeak hil ala biziko egoeran daude.
Espainian euskara beren altxor -beren altxorra badelako ere- sentitzen ez duten bitartean eta honetatik etekinik lortzen ez duten bitartean, ez diote hemengo «menditar» hauek zertan ari garen bere buruari galdetuko.
Bestalde, penintsulako hizkuntza txikituen merkatuak oso mugatuak dira. Merkatu horretan galiziarrak eta katalanak ere badaude. Euskal idazlea gaztelaniaren merkatu zabalagora aldatzen denean baserritik kalera, herritik hirira doa. Espainiarrez gain Hego Ameriketatik etorritakoak ere badaude. Horien pisua oso handia da. Liburuaren politikaren esparrutik begiratua, penintsulako hizkuntzak ez dira bertako ondare kultural gisa ikusten. Penintsulako hizkuntzen arteko harremana lantzeko itzulpen politika bat behar da, elkarrekiko harreman hori sustatzeko dirua inbertitu behar da. Eta ez dago. Badago zerbait, baina txarto ordainduta.
Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritza eta EIZIEri esker ez da hain gaizki ordaintzen, baina itzultzaileek lan izugarria egin behar dute, eskergabekoa askotan. Itzultzaileari ordaindu behar zaio, horrek kostu handia dakar. Argitaletxeek ezin dute euskal literatura gehiago itzuli eta kanpoan argitaratu.

Alberdania argitaletxeak Anjel Lertxundiren lanak gaztelaniara itzuli ditu. Zer moduz?
I. M. I. Esan dezadan aurrena ez dituela argitaletxeak itzuli, Jorge Gimenez nire lankideak baizik. Otto Pette izan zen Jorgek itzuli eta argitaratu zen lehenengoa. Itzultzea bera lan izugarria izan zen, itzultzailearen eta idazlearen arteko borroka aberasgarria. Baina gakoa izaten da liburuaren alde egingo duen argitaletxe bat aurkitzea. Hemengo argitaletxeak txikiak gara eta konfiantza dago gure artean, baina Espainian beste mundu bat da, beste merkatu bat. Nik esan ohi dut onarpena eta zabalpena ez dela berez etorriko, bistan da, onarpena etor dadin ahalegindu egin behar da. Etor dadin, mailaz maila joan behar dugu. Publizitatea egin behar dugu, edo bestela esanda, atez ate joan beharra dago. Adibidez, kargu politikoak euskal enpresariekin Euskal Herritik kanpora doazenean, txakolina edo harri-jasotzaileak eramaten dituzten bezala, bada euskal literatura ere eraman dezakete. Kasu honetan, gure literatura itzulia. Nik uste dut, hala ere, gauzak egin egiten ari direla, poliki bada ere, baina bide onean.

Hona beste adibide bat. Hasier Etxeberriaren Bost idazle liburua. Euskal Herriko erdaldunentzat nahiz kanpokoentzat propio itzulia. Finean erdarazko bertsioak irakurle gutxi erakarri du. Euskaratik gaztelaniara dagoen bide zailaren adibide izan daiteke, antza.
I. M. I. Bai, hala da. Arazo asko tartekatzen eta nahasten dira hor. Guk, kanpoko merkatura joan gabe ere, hemen arrakasta izango zuela uste genuen, hemengo erdaldunen artean, alegia. Ez da hala izan. Hemendik kanpo berriz, bada, Karlosek esan duen bezala, literarioak ez diren hainbat arrazoi daude. Ni Madrilen biziko banintz, jakin nahiko nuke euskaldun hauek ea zer arrazoi ematen dituzten, ezta? Jakin-minez, eta kontra egiteko bada ere. Baina dirudienez ez dago halako jakin-minik. Hondarrean, ez zaie hemen esaten denaren berri heltzen. Halaber, lehen esan bezala, hemengo argitaletxeek hemendik kanpoan aritzeko baliabide eskasak ditugu. Gaur egun, banatzaile onik gabe, hemendik kanpo ez zara inor. Leku espezializatu batzuetan ager zaitezke, baina zaila da publiko zabalarengana iristea.

Azkenik, EIZIEko lehendakaria zaren aldetik, oro har, nola ikusten dituzu itzultzaileak edo itzultzaile ofizioa profesionalki, Karlos?
K. d. O. Nik kezka moduko bat agertu nahi nuke bukatzeko. Eusko Jaurlaritza Kulturaren Euskal Plana prestatzen hasi zenean, EIZIEn harriturik geratu ginen itzulpengintza gaia ez zelako ia txostenean agertzen, ez bazen aipu moduan-edo, hor nonbait. Gezurra dirudi. Hiru hizkuntzetan bizi den herri batean itzulpengintza horrela tratatzea izugarria iruditu zitzaigun. Azken buruan, itzulpengintza kultur industriarako ari den lanbidea da.
Egunez egun gauzatzen ari den alor asko euskarara itzultzeko daude oraindik, beren txikian diru mordoa eragiten dutenak. Erakundeek beren testu administratiboak ere zabaltzen dituzte. Gero eta kultur gune gehiago daude arte eta kultur alorreko hainbat espresio zabaltzen dutenak, itzulpen lan asko egiteko dago horietan. Itzulpenaren industria finkatu gabe dago gune horietan. Herri hau elebidun bilakatzen ari da, baina alderdi honek ez dauka merezi duen isla.
Itzulpengintzan oso profesional onak daude, baina ordainak ez dira horren parekoak; itzultzaileen estatusa oso beherean dago Euskal Herrian. Koro dugu horren adibidea, literatura itzultzen du baina ez literatura bakarrik, literaturatik ezin baita bakarrik bizi.
Literaturak irakaskuntzan ospe txarra du, administrazioko itzulpenak ere ospe txarra du, nahiz eta itzulitako testuak jatorrizkoak baino hobeak izan. Korok aipatu bezala, neurri batean, euskaratutako ikasmaterialak jatorrizkoak baino hobeak izaten dira. Ohiko liburuen testuez gain hor dira ikus-entzunezkoak ere. ETBk botatzen dituen programen ehuneko handi bat itzulia da. Garai batean, beltzak eta indioak euskaraz entzutean jendea harritu egiten zen, gaur egun, normala da, eta horren atzean itzultzaileak daude. Ohiko liburuen testuez gain eta ikus-entzunezkoez gain hor dago informatika ere eta Internet. Softwareak euskaratzen ari dira. Industria handia badago, baina ez da ikusten alderdi estrategiko finkorik.