argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2007ko otsailaren 21a
Jaki transgenikoekin berriro bueltaka
Joan den uztailean Europako Batasunak neurri zorrotzak hartu zituen produktuen etiketetan, elaborazioaren edozein unetan transgenikotasun arrastorik dagoen ala ez islatzeko. Hala ere, herrialde eta enpresa multinazional askoren eraginez, Europako Batasunaren mahai gainean jarri berri da lehen jaki transgenikoaren inportazio eta produkzioari argi berdea eman ala ez erabakitzeko eztabaida, baina Europako Batasunak aipatu eztabaida abendura atzeratzea erabaki du, aldez aurretik herrialde guztiek ongi pentsatzeko denbora izan dezaten.
Bt-11 deituriko artoa Novartis talde farmazeutikoko enpresa batek komertzializatzen du eta Ameriketako estatubatuarrak dira gehien kontsumitzen dutenak, krispeta moduan, hain zuzen ere. Arto mota honek Europako jakien segurtasunaz arduratzen den EFSA erakundearen oniritzi zientifikoa jaso berri du eta hainbat birus eta intsekturen erasoen aurrean defentsa ona erakusteaz gain, hainbat herbizida onartzen du.
Dena den, arestian aipatu presioaren adibidea hauxe dugu: AEBek, Kanadak eta Argentinak Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) aurrean Europako Batasuna salatu berri dute jaki transgenikoen inportazio eta produkzioari ezarritako luzamenduagatik. Estatu hauen arabera Europak argudiatutako ingurumen eta osasun arrazoien atzean merkataritza babesteko politika baino ez dago.
MMEk har dezakeen erabakiaren garrantzia izugarria da, zeren eta artoa inportatzearen alde erabakitzen badu, batetik, 1999 urteaz geroztik Europak jarritako luzapenaren amaiera izango litzateke, eta bestetik, zabaldutako atetik beste 21 jaki transgeniko pasatzeko bidea errazagoa izango litzateke. Gainera, une honetan munduan 60 milioi hektareatan arto transgenikoa lantzen den bitartean, Europan 60.000 hektarea baino ez dira jarduera horretara dedikatzen eta beraz, Europako nekazaritzak desabantaila nabaria izango luke atzerrikoarekin alderatuz.
Europako Batasuneko hamabost kideetatik bost, Frantzia horien artean, jaki transgenikoen aurka daude, baina MMEren erabakia izango da indarrean jarriko dena. Erabaki hau jaki transgenikoen aldekoa bada, gizartearen presioa izango da erabakiorra, jaki transgenikoen kontsumo handitzeak edo txikitzeak edozein erabaki politikok baino indar handiagoa izango baitu.

Informazioa enkriptatzeko era berria
Torontoko unibertsitateko ikerlariek segurtasun neurriak behar dituzten dokumentuetan argazkiak, sinadurak eta hatz digitalak enkriptatzeko estrategia berria asmatu dute.
Eugenia Kumacheva ikerlariaren zuzendaritzapean garatzen ari diren teknologia berriak heltzen zaizkien dokumentuak manipulatuak izan ote diren berehala jakitea ahalbidetuko die aduanei zein segurtasun osoa behar duten erakundeei.
Polimeroetan aditua den Eugenia Kumachevak sortu duen teknologiak ondoren datorrena du oinarri. Oso zabalera txikia duen polimero-film bat sortzen da hiru geruza elkartuz. Geruza hauetako bakoitzak tinda desberdina du: batek izpi ultramoreekiko sentikortasuna du, besteak izpi ikusgaiekikoa eta azkenak izpi infragorriekikoa. Intentsitate handiko irradiazio baten bidez hainbat datu enkripta daitezke aipaturiko hiru geruza horietan. Adibidea jartzen hasita, pasaporte baten argazkiaren atzean begien bistarako ikusgai ez diren bestelako datuak ezkutatzen ahal dira, esate baterako hatz markak eta sinadura.
Sortzaileak dioenez, teknologia honek alternatiba azkarragoa eskain dezake administrazio publikoetako hainbat zerbitzuetan eta segurtasun kontrola duten guneetan.