argia.eus
INPRIMATU
José Marí­a Setién eta Francisco Garmendia
  • Pueblo Vasco y Soberanía liburuak Francisco Garmendia (Pako) eta José María Setién bildu ditu. ARGIAk, berriz, mahai baten inguruan eseri ditu bi egileak, Donostiako elizbarrutiak Martutenen duen Gentza etxean. Solaskideek gure herriaren historiara hurbildu gaituzte, baita gogoeta sakona eskaini ere. Gentza inguruko palmondoen artean ibili gara, baita José María eta Pakoren arteko adiskidantza noizkoa den ezagutu ere. Pakok 1964an ezagutu zuen José María; «mini» bat gidatzen zuen orduan. Beren bizitzako hainbat pasadizo ezagutu dugu. Solasaldiaren zati mamitsuena bildu dugu hemen.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 27a
Zer dela-eta Pueblo Vasco y Soberanía liburua?
FRANCISCO GARMENDIA: Subiranotasunaz sortu diren eztabaidak direla-eta, gure herriko eta atzerriko hainbat jenderen galderei erantzuteko. Osatzen duten bi idazlanak ere, urtebete lehenago emandako hitzaldiak dira, gai horretaz kezkatutako herritarrek eskatuta. Hain zuzen, hitzaldi horien ondotik jaso genuen deia, liburu batean-edo argitara emateko.

Zein galderei erantzuten die liburuak, zehazki?
F. G. Bi galdera nagusiri eta bakoitzari lan batek. Lehenengoak, euskaldunok eta euskotarrok azken bi mendeotan bizi izan ditugun herri arazoen eta subiranotasunaren arteko zer ikusia jorratzen du. Eta bigarrenak...
JOSÉ MARIA SETIÉN: ...subiranotasunaren zertarakoa aztertzen du, kulturalki plurala den herri-gizarte batean. Horretarako saiatzen naiz, hitz horren jatorrizko esanahia eta gaur egun izan lezakeen legitimazio etikoa ikertzen, ondoren gure gaurko herri egoerari aplikatzeko.

Subiranotasuna aipatzean Euskal Herria eta Espainiako Koroaren arteko Ituna agertzen da: Euskal Foru sistema. Historiaz ari zaretenean, Frantziako Iraultza duzue hizpide. Gure herriaren historian ezinbesteko gertakaria. «Absolutismoa» terminoa ere agertzen da. Egingo al diguzue balorazio bat azken gertakari horri buruz?
J. M. S. Frantziako Iraultzara jotzen dut, batez ere, «subiranotasuna» eta «nazio» kontzeptuak ezkontzen dituelako eta, horren ondorioz, botere politikoak, nahiz eta hainbat herri eta nazio biltzen dituen gizarte batekoa izan, nazio bakarraren monopolioa ezarriko duelako.
F. G. Horren lekukorik agerikoena Euskal Herriei gertatutakoa da. Frantziako Iraultzaren eraginez hasi ziren herri lurrak eta eskumenak larriki galtzen, jatorrizko gizarte eta herri erakundeak ia erabat zapuzteraino, lehenik Iparraldean eta ondoren Hegoaldean, Frantziaren eta Espainiaren subiranotasun nazionalaren izenean.

Foru sistemari dagokionean, zuk, Garmendia jauna, Cánovas del Castillo aipatzen duzu: «Estatua, indarra eta zuzenbidea» batu zituen Cánovasek. Egungo egoeraren genesi bezala jo al daiteke? Espainiako Estatuan funtsezkoa gaur egun ere?
P. G. Gaurko Espainiako Estatuko zenbait buruzagiren artean neocanovismoa indartu da. Bere izena daraman Fundazioa (Fundación Cánovas del Castillo) Fragak sortu zuen, Alianza Popularraren sortzaile berak, Gernikako Estatutua gaitzetsi eta haren aurka borrokatu zenak, alegia. Fundazio horren gaurko presidentea Aznar da eta 1999an Cánovasen lan guztien argitalpenaren aurkezpenean, Aznarrek berak adierazi zuen oraindik zein loturik sentitzen den haren Espainiaren nazio kontzeptuarekin.

Euskal Herria »eta bere erakundeak» ondoan dauzkan erresumak eta estatuak baino lehenagokoa izaki, hainbat itun mota izan dira historian. Zein izan da azken 200 urteetan «subiranotasun eskubideaz» egin den erabilpena, zuen ustez?
J. M. S. «Estatuaren onerako» erabili izan dela gehiago, bere helburu behar zukeen gizartekide denen «ongizate orokorrari» zerbitzu egiteko baino.

Subiranotasunaren inguruan uste okerra zabaldu da historian. Zer-nolako pertzepzioa dute egungo euskal herritarrek subiranotasun terminoaz?
J. M. S. Nire iritziz, gaurko estatuek subiranotasunaz egiten duten erabilpena hartzen da erreferentzi modura, edozein estatutan subiranotasunaren zertarako etiko zehatza eztabaidatu gabe.

Historia hurbilagoko itunek ez dute gainditu subiranotasunaren inguruan dagoen auzia. Espainiako oraingo Konstituzioak, kasu. Liburuan bide batzuk eskaini dituzue: etika eta elkarbizitzarena. Komunitatea eta kolektibo sozialaren eremuak garatzea aldarrikatzen duzue. Politikak norbanakoaren «izan beharko lukeela» sustatu behar duela diozue, baina ez «behartuta». Sakondu alderdi hori, mesedez?
J. M. S. Gizon-emakumeon berezko garapenaren helburua, inguruak eman diguna baino haratago heltzea da, jaso duguna geure barneko askatasunez gaindituz. Baina garapen hori gizarte giro politiko jakinetan gertatzen da, izan ere estatuak bere boterea erabiltzen badu, garapena baldintzatu egiten du. Baldintzapen horiek gizabidez hobetzeko, askatasuna eta etika uztartu behar ditu gizakiak bere jokabidean.

Aldaketa eta krisi garaia izanik, nola ikusten duzue euskal gizartea «izaera» horren jabe egiteko?
F. G. Gure gizartearen baitako krisi eta aldaketa giroa, teknologiari eta ekonomiari dagokienez, beste herri askorena bezalakoa da. Kulturari eta herri izateko bideari dagokienez, baditugu hainbat zera bereiziago egiten gaituztenak. Politika eta indarkeria dira, ordea, arazotsuenak. Gizarteko gehien-gehienek askatasuna eta gizabidea uztartu nahi dituzte beren bizitzan, ekonomian eta kulturan bezala politikan ere. Bortxakeriari irabazteko, hain zuzen, arma horiek dira indartsuenak.

«Ez-subiranotasun» terminoa erabili duzu zerorrek, Garmendia. Sakondu ideia hori, mesedez.
F. G. Subiranotasuna ez dut gogoko, ez gizabanakoak definitzeko, ezta herrien edo klaseen edo nazioen izaera adierazteko ere. Subiranotasuna harrotzen denean, absolutismoaren haizeak jo ohi du, gehiagotan gutxi batzuen mesederako, denen askatasunerako eta elkarkidetzarako baino. Dena den, aitortu beharra dago, niri gustatu ez arren, gure inguruan botere politikoen arteko harremana subiranotasunaren parametroetan erabakitzen dela, eta, beraz, ezabatzen ez den bitartean, bere erabilera mugatu beharko dugula. Hori da, hain zuzen, Setién jaunak proposatzen duena.

«Subiranotasuna» eta «gobernu moduak». Horra bi kontzeptu ezberdin. Subiranotasunak boterearen gogortasuna eta arbitrariotasuna dakartza. Egungo Europako Estatu indartsuenen izaerak horren adibideak al dira?
J. M. S. Epai orokorrak ez dira oso bidezkoak. Erakunde baten erabilera bidegabeak edo inmoralak ez du derrigorrez esan nahi erakunde hori berez inmorala denik.

Rousseauren Itun soziala obra hizpide. Komunitatea (borondate orokorra) da moraltasunaren agerkari gorena. Alabaina, antza denez, gizabanakoek ez bide dugu subiranotasunaren izaera funtzionalean asmatu. Estatuaren absolutismoak eragin du horretan, akaso?
J. M. S. Rousseauren obran agertzen den kontraesanik handienetakoa da hori. Bere garaiko gizartea inmoraltzat jo zuen, eta gizartea egoera hartatik ateratzeko bidea hain zuzen inmoraltzat jotzen zuen gizarte hartan bertan aurkitu nahi izan zuen.

Subiranotasuna izan badago, baina estatuaren funtzioaren arabera gauzatu da. «Positibismoa» gainditu beharra aipatzen duzue. Positibismo mota hori eduki materialekin eta erosotasunarekin lotzen ote dituzu zuk, Setién jauna?
J. M. S. Ikuskera positibistak gertakizunak bere horretan nola gertatzen diren aztertzeko joera du, gerta bidezkoetaz eta izan beharrekoetaz galdetu gabe. Estatuak zer-nolakoa izan behar duen argitzeko, ez da nahikoa nola funtzionatzen duen ikastea. Ikuspegi etikoa da gertatzen zaiguna hobetzeko jarrera kritikoa eskaintzen diguna.

Zer eragin du positibismo mota horrek gizabanakoen subiranotasuna edo kolektibitateen subiranotasuna gauzatzerakoan?
J. M. S. Subiranotasuna »edozein delarik ere bere erabilera bideratzen duen subjektua» beti dago gogoeta kritikoaren beharrean, baldin eta gizon-emakumeon garapenari zerbitzu egiteko badago, historian zehar irabazitako bizipenek laguntzen baitute argitzen giza garapenari zerk egiten dion on eta zerk egiten dion kalte.

Zergatik iritsi gara politika eta egia bereiztera?
J. M. S. Beste zenbait giza jarduera baino gehiago dago politika interesen menpe. Eta, agidanez, zenbait interes aurrera ateratzeko, egiak baino gehiago laguntzen du gezurrak.
Politika eta gizakia ez bide dira aise ezkontzen.
J. M. S. Politika egiten dutenak ere pertsonak dira, eta beren asmoen alde edota boterea dutenen interesen alde eta denen ongizatea bultzatzeko ari litezke. Interes eta asmo ezberdinak elkar ukatzeraino kontrajartzen direnean sortzen dira arazoak.

Jarduera politikoa inhumanoa ote da?
J. M. S. Ez derrigorrez. Herritarren ona beste edozeren gainetik jartzen bada, jarduerarik gizabidezkoena da politika. Horretarako, ordea, askatasuna, erantzukizuna eta adorea uztartu behar ditu politikariak bere baitan eta jokabidean.

Elkarbizitza politikoa «ongizate komun» bezala interpretatu da. Hori ere ez ote daiteke absolutismo modu bat bezala interpretatu?
J. M. S. Gizabidean oinarritutako gizarte ikuspegiak edota jarrerak jarduera politikoa zentzu kritikoz aztertzen laguntzen du eta bere onera ekartzen. Politika bidezko absolutismoaren arriskuari mugak jarri behar zaizkio, giza eskubideak goietsiz.

Alabaina, pertsonak ez gara jaio estatuan bizitzeko, antza, edota estatuak ez du garatu etika sendo bat behintzat. Zeregin horretan, norberaren ongizateak eta ongizate komunak elkarren aurka egiten dute. Ongizate komuna gauza absolutu bezala ikusten da, hartara.
J. M. S. Gurea bezalako gizarteetan, ezinbestean behar dugu nolabaiteko egitura politikoa elkarbizitza arautu eta bideratzeko. Ez da hain garrantzizkoa egitura horri estatua edo beste izen bat ematen diogun. Gizon-emakume bakoitzaren ongizatearen eta ongizate orokorraren arteko gatazkarik handienak, hasten dira ongizatearen ulerkera kolektibistak edo pribatistak egiten direnean.

Estatuaren «izaera»k «izan behar» zentzuaren arrazionaltasunetik eratorri behar du. Estatuek galdu al dute bilaketa edo betebehar hori?
J. M. S. Ez dut uste erantzun orokor bakar bat eman daitekeenik. Bizi dugun politika konkretua da, eta politiketan, hau da, politika jakinetan, adierazten da. Zientzia eta teknologia bultzatzeko, kulturgintzari eragiteko, edota bideak eta etxeak eraikitzeko hartzen diren erabaki politikoetan ikusi behar da politikaren eta giza beharren arteko lotura zehatza. F. G. Estatuak eta bere forma ezberdinek ez dute berezko arrazionaltasunik gizon-emakumeon gizarte eta herrigintzatik kanpora. Beraz, arrazionaltasuna ez da estatuak guri eman diezagukeen zerbait, izatekotan ere pertsona jakinek (denek edo batzuek) estatuaren bidez ezar dezaketen arrazionaltasun modu bat da gizarteko harremanetan.

Non egon daiteke arrazionaltasun horren giltza, historian akaso?
J. M. S. Pertsonei on egitean aurkitu behar da giltza. Pertsonak historikoak dira, baina berariazko izaeraren eta jatorrizko eskubideen jabe ere badira.
F. G. Eskubideak arrazoizkoak izatekotan, elkarrekiko behartzen gaituzten zorrak bezala ulertu beharko genituzke. Zor horiek, edukiz eta formaz, historikoki geureganatu ditugu, baina ez dute askorik balio, erabaki etiko sendoan sustraitu gabe.

Orain arte, estatuek nori egin diote mesede handiena subiranotasunaren jardueran?
J. M. S. Estatu jakin bakoitza ezin eten daiteke bera gauzatzen den gizartetik. Gizarte usteldua ezin ekar daiteke bere onera boterea eskuz aldatzetik bakarrik, are gutxiago totalitarismoaren eraginez, bera gertatzen baita ustelbiderik azkarrena.

Euskal Herrian «ongizate komuna» ulertzeko modu asko dago. Aniztasunak «ongizate komuna» zailtzen ahal du?
J. M. S. Gizarte homogeneoek, baldin baleude, eta gizarte anitzek, denek behar dute oinarritu beren ongizate orokorra giza eskubideak betetzeko erabaki sendoan eta jokabide zorrotzean. Helburu hori zer-nola betetzetik epaitu behar da estatu eredu baten edo bestearen izaera zuzenagoa ala okerragoa, hobea ala txarragoa.

Subiranotasuna «euskaldunon zerbitzura» edo «euskal herritarron eskubideen zerbitzura». Zehaztu itzazue bi kontzepzio hauek.
J. M. S. Esanahi nahasiak dituzten hitzak arreta handiz erabili behar dira. Euskal herritar oro da jatorriz eskubideen jabea. «Euskal herrikidea» izatea zertan datzan, kulturaz izaera ezberdinekoak garelarik Euskal Herrian bizi garenok, gizartearen aniztasunari buruz esan dudana kontuan hartuta argitzekoa da.

«Subiranotasuna» eta «euskal nazionalismoa»ren identifikazioa bereizi beharra proposatzen duzu, Setién jauna.
J. M. S. Beren buruak aberriz euskotarrak direneko auto-aitorpena, estatu bezala osatuko litzatekeen euskal nazioaren subiranotasuna baino lehenagokoa da. Aberri bezala bizi dena estatu bezala garatzea, bidezko aukeretako bat da, baina ez da derrigorrezkoa, batik bat «plurinazionalak» diren gizarteetan. Dena den, horrelako gizarte batetako ardura politikoa duen estatuak, gizartekide den-denen aukera nazionalei dagozkien eskubideak zaindu beharko lituzke, gizabidez jokatzekotan.

Egungo gatazkaren egoerak »ETAren biolentzia eta estatuen jarduera tarteko» zein neurritan eragozten du hori egitea?
J. M. S. Oraingo gatazkak baditu hainbat osagai politiko eta horiek ere konpondu egin behar dira, gure artean ditugun aukera politiko denek izan dezaten askatasunez garatzeko bidea, elkarrekiko errespetu eta lehia demokratikoan. Hori baina, jarduera politikoz iristen da, denon parte hartzea bermatuz eta lor daitezkeen adostasunak lortuz. ETAren indarkeriazko jarduerak ibilbide hori oztopatzen du, bortxakeriaz erasotzen baitu Euskal Herriaren politikagintza, nahiz eta Euskal Herriak bere kontra atera duen hitza behin eta berriz. Euskal Herrian bidezkoa izan nahi duen estatuak beti hartu beharko du kontuan, ezin duela jokatu nazionalki gizarte homogeneoa eta bateratua bailitzan. Eta horrelako homogeneizazioa lortzeko estatuaren indarra erabiltzea ere »edozein delarik ere erabiltzailea» indarkeriazko jokabidea onartzea da.

Konstituzionalistek «Euskal subiranotasuna» versus «askatasuna» diote. Gure gizartean badira ekuazio hori gainditzeko osagaiak?
J. M. S. Estatu «nazionala» zertan datzan ulertzeko era oker baten ondorioa da ekuazio hori. Beste barrutiei begira ankerrak jotzen ditugun estatu formak, gurera aldatzean zuzenak bihurtuko direla usteak, erdia baino askoz gehiago du usteletik. Gizarte plurinazionalari egokitzen zaion estatu forma bultzatu behar dugu.

Nola ikusten duzue gizartea egungo aniztasunaren ondorioak eta arriskuak gainditzeko?
J. M. S. Gizarte baten baitako giza izaera anitzen ondorioek ez dute, berez, zertan izanik kaltegarriak edo arriskutsuak. Erantzun uniformearen bitartez bere burua aniztasunetik babestu nahi duen gizarteak aurrera ordez atzera egingo du, bere burua txirotu egingo du, aberastu ordez. Elkarkidetza eta auzokidetza ez da aberasgarri «besteentzako» bakarrik, baita «geure baitarako» ere.

«Zergatik subiranotasuna» ere galdetu daiteke.
J. M. S. Subiranotasuna hitza erabiltzen dugu, beste egokiago baten faltan, estatuaren azken indarra adierazteko. Estatuen baitan eta herrien artean gero eta harreman saretuagoak bizi ditugu. Eta harreman horietako zenbaiten norabidea markatzerakoan erabili izan da indar bidegabea, baina harreman horietako asko bidezko bezala ere onartu izan dira herrien baitan eta herrien artean. Pertsonen eta herrien egoera hauei gizabidetik erantzuteko, elkar ulertzetik hasi behar da eta ditugun behar anitzei dagozkien aginte forma egokiak asmatu eta aplikatzetik.

Autodeterminazio eskubidea: bitartekoa. Zein da eskubide hau bitarteko eraginkor bihurtzeko gakoa?
J. M. S. «Autodeterminazio» hitza, «subiranotasuna» bezain erlatiboa da. Hitz horiek ez dute esanahi zehatzik historia konkretutik kanpora. Ezin daitezke kategoria horiek era absolutuan definitu, gertatuzko eta berezko elkarkidetzak eta interdependentziak kontuan hartu gabe. Garrantzi gehiago du autodeterminazioaren edukia zer den argitzeak, erabakimena era absolutuan eztabaidatzen nekatzeak baino. Kontua ez baita hitzaren azalekoa gordetzea eta bere muinaren edukia galtzea. Hori egingo bagenu, bere zertarako eraginkorra galduko luke.

J. M. Setién: Curriculuma
jaio: Hernanin, 1928an.
bizi: Astigarragan.
donostiako gotzain ohia
ikasketak: Teologian lizentziaduna eta Eskubide Kanonikoan doktorea.

Ibilbidea
1944an Gasteizko seminarioan sartu zen. 1951n apaiz izendatu zuten Donostian. Ondoren Erromara joan zen ikasketak osatzera.

1955ean Gasteizko seminarioan Teologia Moralaren irakaslea eta arimako zuzendaria izan zen.
1960tik 1972ra Salamancako Unibertsitateko Teologia fakultatean katedraduna eta dekanoa.
1972an, Donostiako gotzain laguntzailea izendatu zuten.
1975etik 1984ra Gotzaitegiko apostolutza sozialaren eleduna.
1979an, Jacinto Argaia gotzaina ordezkatu zuen eta 2000n Juan Maria Uriartek bera.
Moral politikoa, gizartea eta etikari buruzko bibliografia oparoaren egilea.

F. Garmendia: Curriculuma
jaio: Azpeitian, 1946an.
bizi: Zumaian.
unibertsitateko katedraduna
ikasketak: Teologia politikoan doktorea.

Ibilbidea
Municheko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Soziologia doktoregoa egin zuen, Madrileko Complutensean homologatua.
1977tik 1984ra Donostiako Elizbarrutiko irakasleen irakaslea izan zen, artean, zuzendaria izaki.
1982tik 1985era Euskararen Kontseiluko aholkularia, artean Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikaren idazkari nagusia izaki.
Deustuko Unibertsitatean katedraduna. 1982tik1985era eta 1996tik 2002ra unibertsitate horretako Zientzia Politikoak eta Soziologia fakultateko dekanoa izana.
Euskal Herriko politikari buruzko bibliografia oparoaren egilea.

J. M. Setién: «Politikaz ere arduratu izan naiz, baina, hain zuzen, jarrera etiko jakin batetik kritikatzeko»
Nola arduratzen zara gure aldarte politikoaz gotzain karguari utzi zenionetik?
Politikaz baino gehiago, gure herriko jendeaz izan dut ardura. Min ematen zidan eta min ematen dit, bihotzik gabeko edo bidegabea den jokabide orok: indarkeriak, bazterkeriak, bortxakeriak, zapalketak, mehatxuak... Horrelakorik gabeko gizarterik ez dugu ezagutu. Baina gure esku dago gehitzea ala gutxitzea. Eta bidegabekeria asko arazo politikoei loturik agertzen denez, bada, politikaz ere arduratu izan naiz, baina, hain zuzen, jarrera etiko jakin batetik kritikatzeko.

Idatzi duzun liburua ere, kritika asmoz egina da beraz?
Dudarik gabe. Estatuen subiranotasun nazionala soluzio bezala saltzen denean, kritikoki aztertzea komeni zaigu, konponbide bezala eskaintzen zaiguna ea benetako aterabidea ote den argitzeko.

Eta zer argitu al duzu aztertu ondoren?
Estatu aski ezberdinak izan daitezke, zerbitzatu beharko lituzketen gizon-emakumeen eta herrien gizarte beharrak ere ezberdinak direlako. Baina, Estatugintza »edozein gizarteri begirako estatugintza» bidezko egiten duena, gizarte jakin horretako pertsonei eta herriei eskaintzen dien zerbitzua da.

Beraz, euskal estatugintza bidezkoa da.
Estatugintza bidezko egiten duena ez da euskotarra, frantsesa, europarra edo espainola izatea, baizik eta bere barrutiko pertsonekiko eta herriekiko erakusten duen jokabide etikoa.

Eta zerk egiten du bada, bidezkoa?
Giza-eskubideak eta herrien eskubideak estatuen aurretik jarri behar dira, bai gure barruti hurbilean eta baita zabalagoetan ere. Horretan ez dugu diferentziarik jarri behar.

F. Garmendia: «Gure auzoetan elkarbizitza bideratzeko arazo gutxiago dugu esparru politikoetan ados jartzeko baino«
Nola ikusten du Pako Garmendiak giro politikoa Ibarretxek Estatutu berri baterako plana aurkeztu ondoren?
Euskal Herriari buruz plan ezberdinak ari dira burutzen. ETAk eta haren segidako NAEMak badute beren plana. Aznarrek gidatzen duen estrategia ere plan jakin baten harikoa da. Ibarretxek proposatu duena, bestelako egitasmo batean sustraitzen da. Ezkon ezinak diren plan horien arteko borroka giroan bizi gara gaur egun.

PSE-EE, EA, EB edota Aralarrek ere beren planak aurkeztu dituzte.
1978ko Espainiako Konstituzioaren eztabaidatik hasita gaur arte irauten duten hiru egitasmo politiko nagusienak eta kontrajarrienak aipatu dizkizut. Baina badaude horietatik bereizten direnak ere.

Hiru egitasmo politikorik nagusienak ezkon ezinak badira, dibortzioa nagusituko al da euskal gizartean?
Euskal gizarte osoaren baitan ez dugu bizi buruzagi politikoek adierazten duten adinako eten politikorik. Gure auzoetan eta lantegietan elkarbizitza eta elkarlana bideratzeko arazo gutxiago dugu esparru politikoetan ados jartzeko baino.

Gaur egun gehiengo politikoaren babesa duen planik ez dagoenez, beharrezkoa izango ote da batzuekin edo besteekin bat egitea?
Euskal Herriaren eta gizartearen gehiengo handi eta ondo hedatu batekin ondoen ezkontzen den planak irabaziko du borroka. Hor dago auzia.