argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 20a

Herri musika eta dantza

Lehengo urteko arrakastari jarraiki azaroaren 29 eta 30erako Herri Musika Jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Herri Musikaren Txokoak Oiartzunen. Herri musika eta herri dantza izango dira aurten jorratuko diren gaiak. Izan ere, askotan batera joaten diren bi arlo baitira eta antzeko egoera bizi dutenak. Horretarako mintegia, tailerra, jaialdia eta erromeria antolatu dituzte. Bertan, Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko gonbidatuak izango dira.


Itsasoaren museoak

Garai bateko Euskalduna ontziolen dikeen gunean kokaturik, hilaren 21ean irekiko ditu bere ateak azkenean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. Itsasoa gizartera hurbiltzeko xedez, 27.000 metro koadroko azalera egokitu dute. Bi erakusketa izango ditu. Kanpoaldean, era askotako ontziak izango dira ikusgai. Barruan berriz, maketak, margoak, itsasontziak eta itsasoarekin loturiko beste zenbait obkejtu paratu dituzte. Guztira, berrehun bat piezarekin irekiko ditu ateak Itsas Museoak eta egunero izango da zabalik abendua bitartean. Bestalde, Pasaiako Badian den Askorreta Ontziolan kokatuko da egun Donostian den Untzi Museoa. Behin betiko erabakia ez izan arren, leku hori ikusi du Gipuzkoako Aldundiak leku egokitzat. Bertara eramango dituzte egun Untzi Museoak dituen 24 itsasontziak. Museo berrian itsasontziak kopondu eta berriak eraikiko dira, besteak beste.


Munduko inprobisazioaren basea

Bukatu dira Ahozko Inprobisazioa Munduan Jardunaldiak. Ez ordea bere ondorioak. Argo, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren web gunean martxan jarriko den datu basea izango da horietako bat. Izan ere, bertan mundu guztitik inprobisazio kantatuaren inguruko informazioa kontsultatu eta gehitu ahal izango da. Xenpelarretik diotenez, bertsolaritzari buruzko informazioa gutxi gorabehera kontrolatua zegoen orain artean. Proiektu berri honek ordea, mundu mailako informazioa eta harremanak antolatzea ekarriko du.


Zinebi-ren markak

Marka guztiak hautsi ditu aurten hilaren 24an hasi eta 29an amaituko den Zinebi, Zinema Dokumentalaren eta Laburmetraien Bilboko Nazioarteko Jaialdiak. Guztira 1.945 film jaso dira, nahiz eta 96 izango diren azkenean lehiatuko direnak. Horietatik 20 animaziokoak, 53 fikziozkoak eta 23 dokumentalak. Eta sei euskal laburmetrai ere izango dira. Markak hautsi ditu, baita ere, dokumentalei eskainitako lehia prestatu duelako Arte Ederretako Museoan. Zinebidok izena darama eta bere epaimahai propioa izango du. Bestalde, Anna Karina edota Jean Luc Godard-i eskainitako zikloak eskainiko dira aurten. Eta azkenik Bilborock-en bideo musikalak ikusi ahal izango dira.


Emakumeen memoria

Gure Historiaren memoria gorde eta zabaltzea da Euskadiko Filmategiaren eginbehar nagusia. Hain zuzen ere, filmen bidez betetzen du eginbehar hori. Orain artean ordea, emakumezkoen historian zuen hutsune nagusia. Horregatik sinatu dute Emakundek eta Filmategiak akordioa. Ekimen horren bidez, Historiaren une ezberdinetan emakumeak izan duen lekua eta garrantzia erakutsiko duten filmak gorde eta zabaltzeko konpromisoa hartu du Filmategiak. Konpromiso horren lehen pausoa emana dago. Izan ere, Begoña Gorospek eginiko Eusko Emakumeak: 1930-1939 filma Filmategiaren eskuetara pasa da. Dokumentu honek Gerra Zibilaren aurretiko euskal emakume langileen baldintzak eta garaiko egoera soziopolitikoarekin zuten harremana aztertzen du.


Lumière baino lehen

1895ean patentatu zuten Lumière anaiek zinematografoa. Baina aurretik, Historian zehar, hainbat aparatu sortzen joan ziren irudien bitartez errealitatea biltzeko asmoz. Iruñeko Planetarioak egun hauetan ikusgai jarri duen «Altamiratik zinematografora, irudiaren odisea» erakusketak bildu ditu horietako asko: XVI. mendeko kamera ilunak, XVII.eko linterna magikoak edota XIX.eko jostailu optikoak. Irudia erabat onartua dugun garai honetan, irudi horiek zein prozeduren bidez lortzen diren argitu nahi du erakusketak.


Artea sarean

Dagoeneko Interneten dago ikusgai Bilboko Arte Eder Museoak sustatutako Arteder, euskal artearen datu basea. Museoak 15.000 dokumentu zituen gordeak bere liburutegian. Eta hori baliatuz jarri du martxan Interneteko datu basea. Oraingoz, XIX. mendetik gaurdaino euskal artisten eta talde artistikoen informazioa bildu dute. Etorkizunean ordea, beste zenbait gai jasotzea da helburua. www.bd-arteder.com/euskera-n sartzea besterik ez dago.


Gure aurpegiak

Dantza, antzerkia, zinema, musika, festak, kirola eta euskara bera jorratuko ditu Euskal Kultur Erakundeak Elhuyar Fundazioaren laguntzaz Donostian aurkeztu berri duen erakusketak. Euskal Herriaren aurpegiak erakutsi nahi ditu erakusketak 400 argazki, bideo bat, soinu dokumentuak eta testuak baliatuz.