«Hitzen ordena euskaraz. Adibidetegi bat» doktore tesia egiteko, zer autore aztertu zenituen?
1900. urtera arteko autore denak, Azkue-Altuberen eskolatik kanpokoak. Eta gehienak dira, e! Ez bazterreko hiru ero. Orduko eta oraingo ahozko hizkera ere aztertu nuen.
Zein da emaitzarik garrantzitsuena?
Ez dagoela diferentziarik euskara idatzi klasikoa, XIX. mendetik jaso ditugun ahozko testigantzak, eta gaur eguneko ahozko hizkeraren artean. Diferentea den bakarra da gaurko euskara idatzia. Zergatik? Azkuek eta Altubek erabaki zuten sistema batean idazten dugulako.
Ikerketan ateratako datu estatistikoen arabera, autore klasikoen testuetan aditza non doa?
Kasuen %55ean aditza erdian ematen da. Kasuen %28an, esaldi amaieran. Hori portzentaje oso altua da. Gaztelera, frantsesa edo ingelesean agian %0,001ean bakarrik ematen delako atzean. Baina gauza bat da berezitasun hori azaltzea, eta beste bat da esatea "beti horrela ematen da". Eta aditza esaldi hasieran ematen da %14an. Hori ere ez da gutxi, eta kontuan hartu beharko da!
Batuan non idazten da aditza?
Portzentaiak ez dira oso ezberdinak. Batuan ere, esaldi gehienetan erdian doa aditza. Aditza atzean ematen diren testuak ez dira hainbeste, %35-40. Aditza hasieran ez da inoiz ematen, hori galdu da ikaragarri.
Baina bada alde nabarmen bat batuaren eta klasikoen artean: non ematen da aditzaren informazio pisurik handiena, informazio gunea, alegia, galdegaia? Idazkera klasikoan eta gaurko ahozko euskaran, %90ean galdegaia aditzaren atzetik doa. Aldiz, euskara batuan aditzaren aurretik doa %90ean. Beraz, esaldiaren pisua zeharo desegituratuta dago.