argia.eus
INPRIMATU
Zeruko izarrak txinatarrenak ere badira
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a

Shenzhu v izeneko espaziontziaren jaurtitze eta lurreratzea txinatarrei aspaldi honetan jazotako gertakizun handienetakoa izan da. Urteotan posizio bat hartu du Txinak espazioan, batik bat sateliteak kokatu eta kudeatzeko alorrean. Baina urriaren 15ean lehen aldiz ipini du gizaki bat bere hegaldi baten barruan biosferatik at, eta horri garrantzia berezia eman diote. Hegoaldeko euskaldunok ez gaitu horrek harritu, espainolek Pedro Duqueren inguruan antolatu duten parafernalia ikusita.

Baina Txinak espazioa kontrolatzeko lasterketan esku sartze hori ez du mundu guztiak begi onez ikusten nonbait, eta hala salatu dute Huangiu Shibao egunkarian He Honze eta Run Tian kazetariek. «Ameriketako komunikabideek erotuta dirudite Shenzhu dela eta», idatzi dute. Ontziaz, jaurtitzeko lekuaz, Shenzhu V.aren barruan joateko hautagai ziren pilotuen nortasunez, hautatutako pilotuez eta abarrez munduko xehetasun guztiak eskaini dituzte. Baita Txinako agintariek gune militar moduan edonorentzako itxita dauzkaten instalazioen argazkiak ere. Oso kalitate onekoak gainera. Informazio berezi hori guztia «iturri onetatik» bildu dutela esan dute AEBetako komunikabideek. Eta bi kazetari txinatarron aburuz, oso ondo informatutako iturriak ziren hain zuzen: Txinari begira dauden espioitza zerbitzuak.

Mehatxua horia omen da

AEBek dituzten lau espioitza erakunde nagusietan, Txinaren boterea ikertzen duen lehena National Reconnaissance Office da (NRO). Hau bazenik ere ez zuten herritarrek jakin 1992a arte, baina 1961etik ari zen lanean. Urte bete lehenago armada yankiak jasan zuen humiliazio baten ondorioz sortu zen.

1960ko maiatzaren batean artean sekretua zen U-2 hegazkin espia batekin «Grand Slam» (Jipoi Handia) izeneko operazioa jarri zuten martxan amerikarrek: Pakistandik aterata Sobiet Batasuna zeharkatu eta Norvegian lurreratu behar zuen Powers pilotuak, bidean sobietarrek Plesetsk-en zuten misil guneari argazkiak eginda. Baina sobietarrek tiroz jo eta bota egin zuten hegazkina, eta Powers preso hartu. Hau askatzeko ordainetan, Eisenhowerrek espioitza hegaldiak gelditzea agindu zuen. Hurrengo urtean sortu zen NRO, eta amerikarren etsai izan daitezkeen potentzia guztiak sateliteetatik espiatzen espezialdu da urteotan. AEBek eduki dituzten 38 satelite militarretatik 15 aritu dira NROrentzako.

National Security Agency (NSA) beste alor batean dago espezialdua: komunikazioak dekodifikatu eta kontrolatzen ditu, horretarako mundu osoan dituen 4.120 estazio erabiliz. Espazioko lasterketa deitu den horretan, hau egon da Errusiako Baikonur kosmodromoa eta Txinako Jiuquan jaurtitze zentroa zaintzen urte luzez.

Bi agentzia nagusi horiez gain, AEBetako armadak Army Intelligence Agency dauka eta aire armadak Air Force Intelligence Agency.

Espiatzeko makineria honen begiak luzaz Sobiet Batasunaren gain egon dira, baina Gerra Hotza deitua bukatu zenetik, gero eta garrantzia handiagoa eman diote txinatarrei. Kezka hau handiagotu egin zen 1999 Shenzhu I aireratu zutenean. Bi kazetari txinatarrok diotenez «hegalaldi arrakastatsu haren ondoren, AEBetako militarrek Txinari buruzko informe berezi bat egin zuten, bere espaziorako teknologiaren garrantzia eta luzera amerikarrentzako honek ekar lezakeen inpaktoa aztertuz». Horregatik uste dute txinatarrek amerikarren gaurko 12 satelite militarretatik 6 Asia gainean ari direla etengabe, eta zehazkiago Txinaren gainean. Era berean, urteotan handitu egin dituzte kontrol elektronikorako Taiwanen eta Australian dituzten baseak. Eta azken bi urteotako estrategia antiterroristaren babesean beste base bat eraiki dute Mongolian bertan. «Militar amerikar baten hitzetan esateko, Txinak duen espazio programaren xehetasun oro ezagutu nahi dute, baita astronauta bat ezkertia den ere».

Amerikarren errezeloak hobeto ulertzen dira azken urteotan espazioan ugaltzen ari zaien konkurrentzia ikusita. Zaharkitu fama zuten instalazio sobietarrak erabiltzen ditu Europako Batasunak, amerikarrek dituzten baino prezio hobeekin. Europako Batasuna, Japonia, India, Brasil... satelite zerbitzuen konkurrentzian sartu dira, eta hasieran komunikazio sateliteak aireratzen bazituzten ere, orain eskifaiak espaziora bidaltzen hasi dira.

Aldiz, amerikarrek programa militarretan egin dituzten inbertsioak eta alor horretan duten indarrak ez dira inorekin konparatzeko modukoak, ezta beste herrialde guztiena batuta ere. Eta merkatuaren gardentasunaren izenean, horixe da azken urteotan hainbat herrialde AEBei aurpegiratzen ari zaiena, bere espioitza militar indarra gero eta gehiago daukala interes komertzialen zerbitzura.

Txinara itzulita, AEBek urtean 10.000 milioi dolar gastatzen dute Txina espiatzeko, ikertzaile amerikarrek argitu dutenez. «Zergatik hainbeste diru gastatu, beren ekonomia hain makal dabilenean?» galdetu dute bi kazetariok. Hona beren erantzuna: «Sobiet Batasuna hondoratu zenetik amerikarrek espazioa beren lurralde propiotzat daukate. Eta beste herri bat horretan mugitzeak urduri ipintzen ditu. AEBak den superpotentziak desafio gogorrak ditu gaur, handitzen ari den terrorismoaren eta bere ekonomiaren ahulaldiaren aldetik. Horregatik kontrolatu nahi dute espazioa, nagusitasunaren azken muga delakoan».

Baina bolbora asmatu zuen Txina ez dago makurtzeko.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.