argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Split operazioa
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21

Splita enpresa baten akzioak banatzeko operazioa da: akzio bakoitza hainbatetan partitzea. Tituluak banatzen dituen enpresak ez du bere kapital soziala aldatzen, baina akziodun gehiagoren artean partitzen du. Splitari esker, enpresak bere akzioen prezioa merkatzea lortzen du, inbertitzaile txikiak erakartzeko eta bere tituluen likidezia eta kontratazioa gehitzeko helburuarekin. Splitaren ondoren, akziodunak lehengo kapital bera mantentzen du, baina titulu gehiagotan banatua. Akzio berriek, ordea, lehengoek baino likidezia handiagoa izango dute. Merkeagoak direnez gero, akziodunak aiseago sal ditzake, eta horrek berekin ekarriko du balore horiek merkatuan gehiago kontratatzea. Balore merkeek garestiek baino igoera proportzional handiagoa lortzen dute. Enpresaren estruktura ekonomikoa, beraz, ez da aldatzen splita egin ondoren. Splita, 1997. urtean, modako operazioa izan zen balore merkatuan. 1997an, Espainiako estatuko 15 enpresak egin zuten splita, beren akzioen prezio altua murrizteko xedez. Splita, Estatu Batuetako Burtsatik inportatua, Burtsara ahalik eta akziodun txiki gehien erakartzeko biderik aproposena bezala hartu dute Espainiako Estatuko enpresek.