Bilakatu dute laborategi. Inpunitatearena. Hamasei urtez preso atxiki ondoan, kondena osoa bete eta ustez libre zegoela berriz ere eraman dute eta kartzelaratu. Eta aspaldiko partez, bere herrian Arrasaten desmasiaren aurka bildu dira bestela elkarri bizkarra emanda bizi direnak. Poza ematen du guztiak norabide batean ikusteak. Zeren Letonarekin egin dutena bere horretan pasatzen uzteak aurretiko lanjerosa sor dezake Guantanamoak guajira guantanamerak bailira sozializatuz. Ez dela aski "zain dago ama..." "erramillete, erramillete"aren ondoren kantatzea errespetua sorrarazteko. Izan ere, herritar hurbilari egin izugarrikeriak ez bagaitu asaldatzen, eta ez bagara kapaz gure hortzen indarrak elkarturik erakusteko, alferrik ditugu urruneko intxaurrak biltzeko aurkez ditzakegun plan estrategiko oro. Beste askotan bezalaxe termometroa jarri digute, eta arrasatearrek erakutsitako lotsaren indarrak agian kenduko dizkie neurriz kanpoko zigor laborategiak berriro ere saiatzeko gogoak. Eta garrantzitsua dena, arrasatearrena Euskal Herriko bazter guztietara esportatu litekeen eredua dela da. Zain dauzkagu amak.