La familia Gabaldica
Lucia Belzunegui Santos
Ttarttalo
133 orrialde
11 euro
1936ko Gerraren eragin ankerra
Lucia Belzunegui Santosek hirurogeiko hamarkadan idatzi zuen nobela hau, baina zuhurki, kaxoi batean gorde zuen, Ttarttalo argitaletxearen bidez duela gutxi kaleratu duen arte. "La familia Gabaldica"n 1936ko Gerra Zibilaren hasierak Nafarroako herri txiki batean izan zuen eragina azaltzen du. Gerra lehertu zenean, lurrikara baten moduko astinaldia jasan zuen mundu guztiak, eta harekin bat, berpiztu ez ezik areagotu ere egin ziren herri orotan erdi lotan zirauten sesioak. Haien ondorioz etorri ziren garaileen aurrean eginiko makina bat salaketa. Gabaldica familia izan zen egoera hori jasan zuen lehenetarikoa; seme zaharrena atxilotu eta hil zioten, eta aitak ihesari eman behar izan zion.
Diseinuaren balioa klusterretan
Batzuen artean
DZ Diseinu Zentroak
260 orrialde
EAEn klustertzat jotzen diren hamaika elkarte
Bizkaiko Foru Aldundiak euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu duen liburu honen izenburu zehatza da "Diseinuaren balioa klusterretan. Diseinuak Euskal Autonomia Erkidegoko klusterretan duen balioaren ikerketa". Nazioek lehiatzeko dituzten abantailei buruzko ikerketaren egilea den Harvardeko Unibertsitateko Michael Porter irakaslearen hitzetan, elkarlotuta dauden eta arlo jakin batean diharduten enpresa eta erakunde publiko zein pribatuen bilgune geografikoa da klusterra. EAE aitzindaria izan zen klusterretan oinarritutako industria politika garatzen. Lan honek EAEn diren hamaika kluster horietako bakoitzak zein diseinu mota beharko lukeen aztertzen du.
Eskuararen ethorkia
Joannes Etxeberri
Hiria
115 orrialde
10,70 euro
Joannes Etxeberri hautatua
Hiria argitaletxeak, 1972an Xabier Kintanak apailatu zuen "Lan Hautatuak" delako antologiaz baliaturik plazaratu duen "Eskuararen ethorkia" liburuan, Joannes Etxeberri Sarako mediku euskaltzalearen lanetatik hautatutako testu zahar berrituak jasotzen dira. Zorte txarrekoa izan genuen Joannes Etxeberri, bere ibilbideko lan erraldoia burutu ondoren ez zuelako, apenas, ezer argitaratzeko aukerarik izan, harik eta berrehun urte geroago, 1907. urtean, Julio Urkijok Parisen bere lana argitaratu zuen arte. Orain irakurleak dastatu ahal izango ditu, besteak beste, haren "Euskara noblea da", "Eskuara bertze hizkuntzetarik ethorkirik", "Gabeko da", "Zenbat gisetarakoa dentz eskuara", "Zertako dentz eskuara" eta "P. Axular" idazlanak.
Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua
124 orrialde
7,81 euro
"Tantak" aldizkariaren azkena
Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza arloko aldizkariaren azkeneko zenbakian, besteak beste honako gai hauek aurkituko ditu irakurleak: Iñaki Pikabeak landutako "Ikas-estiloen eta ikas-estrategien garrantzia euskara-ikasle helduengan"; Karmele Arangurenek jorratu duen "Adimen urritasuna duten haurren arreta goiztiarra" (bide batez, interesaturik dagoen orok jakin ahal izango du gure lurraldeetan nora jo minosbaliotasun zerbitzuren bat behar izanez gero); J. M. Correa, A. Ibáñez, E. Jimenez de Aberasturi eta N. Amenabarren artean egindako "Interneten oinarritutako hezkuntza unibertsitarioaren azterketa", eta M. P. Díaz, M. Cuesta, I. Echevarría eta M. Morentínen artean landu duten "Zientzia guneak, zientzia komunikatzeko tokiak" idazlana.
Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta elefanteak
Marcè Arànega
Ibaizabal
29 orrialde
5,24 euro
Oilo bidaiaria lagun berriak egiten
Bere maleta misteriotsua gainean duela dabil harantz eta honantz oihanean zehar Txinatik iritsitako Txit oilo bitxia. Mercè Arànegak idatzi eta Jose Antonio Sarasolak euskaratu duen kontakizun honetan, elefante talde bat ezagutzen du. Bainatzen dabiltza guztiak eta oiloa haiei begira dago, harriturik, ordura arte sekula ez baitzituen hainbeste elefante elkarrekin ikusi. Taldeko elefante txikiena jolasean dabil, halako batean baloi bat aurkitzen du, eta bere tronparekin behin eta berriro gorantz jaurtitzen hasten da. Ohartu gabe, ordea, elefante taldetik urrunduz doa. Horrela jarraituz gero, galdu egingo da. Oiloak dena ikusi du, eta badaezpada ere, elefante txiki jostalariari atzetik jarraitzea erabakitzen du.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
118 orrialde
8,40 euro
Euskalduntze-alfabetatzearen inguruko azterketa
Euskalduntzea krisian ote dagoen galdetu diote beren buruei "Jakin" aldizkarikoek oraingoan, eta horren inguruko lana osatu dute. Batetik, 1985etik 2003 urterainoko Euskal Herri osoko datuak bildu dituzte, Nafarroa eta Iparraldeko xehetasunak erren samar geratu omen bazaizkie ere. Bestetik, soziolinguistikan adituengana jo dute, ustezko krisiari buruz duten iritzia eskatzeko. Eta azkenik, euskalduntze alfabetatzearen sektoreko arduradun eta kideengana zuzendu dira, iritzi eske.
Las moscas no salen en las fotos
Joxemari Iturralde
Erein
255 orrialde
18,20 euro
Joxemari Iturralderen nobela gaztelaniaz
Erein argitaletxeak kaleratu duen Joxemari Iturralderen "Las moscas no salen en las fotos" izenburuko nobela beltza, egile beraren "Euliak ez dira argazkietan azaltzen" eleberriaren gaztelaniazko bertsioa da, Begoña Montoriok itzulia. Rekexo ikertzailea da protagonista nagusia. Ikertzaile horrek asko atsegin ditu emakumeak, nahiz eta batek iraganean min eman zion. Baina hain zuzen ere pertsona hori dauka orain atzetik, bere bihotzaren jabe egiteko asmo guztiarekin. Rekexok, ordea, ez dio kasu handiegirik egiten. Nahiago du bere lanean murgildu, eta agindu dioten bezala lau neska berezien atzetik, zelatan ibili. Gainera, haien artean bada izugarri erakartzen duen bat. Nolanahi ere, ez da hori eskuartean duen lan bakarra, hemezortzi urteko ikasle aberats batek bere irakaslearekin bizitzera joatea erabaki baitu, eta haren aitak berriro etxera ekartzea nahi du-eta. Neskak ez du aitaren nahia betetzeko asmorik, ordea, eta azkenean Rekexok eta horiek bahitu egin beharko dute gaztea eta Londres aldera eraman. Han, berriz, beste euskaldun misteriotsu batzuekin topo egingo du neska horrek.