argia.eus
INPRIMATU
Urriko hostoak
2021eko uztailaren 28a
Fikzioa
Kale-antzezpen bat. Jendea, oihu eta bitore, desfilea ikusten. Aktore guztien artean, errege-jantzian doan zalduna da txalotuena. "Gora Enrike IV.a, gora Enrike gure errege!", egiten du jendeak. Zalaparta hain da burrunbaria, non aktorearen zaldia, izuturik, putinka hasi baita brastakoan. Aktoreak, bridei tira eta ezproiei saka egin arren, ezin du zaldia gobernatu. Zaldiaren jauzietako batean, lurrera erortzen da eta kolpe zakar laburra hartzen du buruan. Erietxe batean esnatzen da. Ez da ezertaz gogoratzen, ez du ohe inguruan dituen lagunak ezagutzen. Artean soinean daraman errege-jantzia ikusirik, jendearen oihuak piztu zaizkio gogoan: "Gora Enrike IV.a, gora Enrike gure errege!". Aginduak ematen hasi da, erresumak premia larriegiak baititu besoak antxumatuta egoteko. Aktorea ez da jada aktore: Enrike IV.a dela sinesteraino itxuraldatu du kolpeak.
Hedabideek eta ikuskizunaren munduak bozketetan duten gero eta eragin handiagoaz mintzatu dira politologoak (horra hitz itsusi bat, itsusirik bada!), Schwarzeneggerrek Kaliforniako bozak irabazi dituela jakin bezain arin.
Beude esanak. Aukeran erakargarriagoa egiten zait gertaera (eta ez anekdota!) Pirandelloren «Enrike IV.»a obraren argitan ikustea: egun batez, erotu aurretik gorrotatzen zuen pertsona bat hiltzen du aktoreak inork zigortuko ez dion uste osoan: nola zigortuko dute hamaika urte Enrike IV.a dela sinetsita bizi den aktore ohi gizajo bat? Eta zer egingo liokete Schwarzeneggerri ere fikziozko mundua gobernatu duen bezala gobernatuko balu eskura jarri dioten mundu erreala? Botoekin irabazia luke zigortu ezingo lioketen xalotasuna, botoek zuritzen dute Bushen kasuan ere badaezpadako gerra bat pizterainoko kasketaldi justiziatsu ustea.
Ni nago aktorea bozkatu dutenek -herio-zigorra gehien praktikatzen duen estatuko herritar gehienek- esperantza horixe dutela: filmetan erakutsi duen ausardia eta justiziaren zentzu bera erakutsiko duela Schwarzeneggerrek mundu egunerokoan ere.

Armiarmaren estrategia
Giuliano Ferrara izeneko kazetari batek -marxista izana, Berlusconiren ahotsa da gaur- Errepublikan gerta daitekeen zernahiren induktore linguistikotzat jo du Antonio Tabucchi. Idazle italiarrak "Armiarmaren estrategia" izeneko artikulu gogoangarri bat idatziz erreakzionatu du. Ezagutu nahi duenak jo beza iragan hamalauko «El Pais» egunkarira: urriko hosto esanguratsuenetakoa aurkituko du bertan.
Artikulua luzea denez, eta adar joria, nekez laburbil dezaket hemen. Esan dezadan Berlusconik kazetari sateliteen bidez darabilen izu-politika aireratzen duela. Italian hainbat intelektualek bizi duen mehatxu-giroari buruz ari dela, alegia.
Armiarmaren estrategiak ez ditu ezkerra eta eskuina bereizten eta, hargatik, ezinezkoa da -niri ezinezkoa zait behintzat- ez gogoratzea «Zutabe»k Hasier Etxeberriaren kontra botatako mehatxuak eta Hasier Etxeberriak «Gara»n emandako erantzuna, orekatua bezain zintzoa. Hanka puntetan bezala pasatu gara auziaren albotik. Han-hemenka, oihartzun herabe batzuk. «Sustatu» izango zen, oker ez banago, oihartzun gehien bildu dituen hedabidea: kolore askotako iritzi-andana agertu da bertan, Etxeberriari eskainitako elkartasun hitzak nagusi. Lagunartean-eta bolo-bolo ibili den gaia izan arren, agerian, isiltasuna hartu dugu aterpe. Berriz ere. Beste hainbatetan bezala. Hitz egiteko beldurra dugu? Axolagabekeria da gurea? Paso egiten dugu? Normaltzat jo behar ditugu -eta noiz arte?- halako miseriak?
Jende asko ezagutzen dut pentsatzen duena amesgaiztoa bukatutakoan hasiko garela hizketan. Gero eta jende gehiago dago, ordea, pentsatzen eta esaten hasita hitz egitea dela amesgaiztoarekin bukatzeko bide eta modu bakarra.

Beranduegi baino lehen
"Jainkoak aldatzen ez diren bitartean, ez da posible deus aldatzea" (Sánchez Ferlosio)
Jainkoak gureak dira, guk sortuak, guk aldarera jasoak, guk izugarrikeriaz jantziak, guk gurtuak. Gure kontzientziaren lasaigarri sortu ditugulako baimentzen dituzte jainkoek hurkoaren oinazea, urrutiko gerrak, ezinduen gosea eta gosetuen ezina.
Oinazea eta gerra eta gosea etxeko atean joka has daitezeenean bakarrik hasiko gara jainkoak madarikatzen. Ordurako, ordea, beranduegi izango da.

Oteiza
Sei hilabete hil zela. Ordutik, jendea harri eta izotz geratu da haren oinordekoek (familiartekoek zein haren ondarea kudeatzeko legea eskultorearen borondatea bihurritzeraino baliatu dutenek) euskararenganako erakutsi duten begirune faltarekin. Hiletan ez zen euskararik izan ("Haserre baino, triste nago", aitortu zuen Miren Azkaratek hiletatik irten zenean). Familiak atera zion heriotza ondorengo oroigarrian ere, euskarak ez zuen hitzik. Museoa inauguratu zutenean ere, halatsu museo berriko hormak, halatsu museo berriko iragarki eta aldarriak, halatsu inaugurazioko hitzak: euskararik gabe. Dagoen tokian egonda eta Oteiza izan zena izanda, ez dut esango museoa arrotza egiten zaidanik, baina bai urrutikoa, urrutiratu zaidana, urrutiratu didatena. Pilar Oteiza eskultorearen ilobak -Madrileko unibertsitateko katedratikoa da- inolako konplexurik gabe adierazi zuen zergatia: "Bi hizkuntzekin hormak beteegiak geratuko ziren. Gainera, nire osabak den-dena gaztelaniaz idatzi zuen". Ez dut inolako zalantzarik Ameriketan-eta egin behar dizkioten erakusketetako programa, ohar, eta obren titulu eta aipamen teknikoak oro hizkuntza bakarrean egongo direla. Gaztelaniaz.
Euskara, neolitikoko fruitu estetiko parerik gabea: hori esanez ahoa betetzen zaien sasi-euskaltzaleen kalamatika ez da Oteizak asmatua, baina Oteiza dugu euskararen inguruko fantasiari modernitatearen distira eta estetikotasunaren dirdira eman zizkiona (Xenpelarrek esango zukeen bezala, abilla zen Oteiza, bazuen pantasiya…). Halatan, eta Oteizaren laguntza eskergaitzarekin, hutsaren diletante eta huts-minaren gurtzaile askori (artistei batez ere, baina tartean baita hainbat politikari abertzaleri ere!) oso ondo etorri zaio euskarari buruzko diskurtso horren farfaila, ez dakit beren kontzientzia linguistikoa lasaitze aldera. Nolanahi ere, euskara izan da galtzaile.

Erregaiak
Razzia: Arpilatzeko, hondatzeko edota pertsonak harrapatzeko helburuz etsaiaren lurrean egindako sartu-irten azkarra (hiztegietatik).
Zaintzaileak nork zaintzen ditu? (Juvenal) Juezak nork juzkatzen ditu? (urriak hemezortziko manifestariek)
Benetako demokraziarik balego, herri batek ez lioke beste bati eraso egingo, indartsuak ez luke ahula zapalduko, justizia eta askatasuna uztarri berean ikusiko genituzke (esperantza galdu nahi ez duen batek).

Plana
Ibarretxeren planak nahiko lan izango du jendearen uste desberdinak uztartzen. Horretarako, eta nor banintz, hitzaren hiru esanahiak betetzea eskatuko nioke lehendakariari: lehenik eta behin, aurreratuen dagoena, "etorkizunerako asmo eta programa" ondo zehaztea; bigarren, egoerari dramatikotasuna kendu eta jende ahalik gehiena biltzea, bere plana "aisiarako pentsatutako ekintza" poz-emailea dela guk sineste aldera. Eta, hirugarrenik, plana edo "hormak porlanez txukuntzeko tresna lau-laua" izan dadila aitaren etxeko hormak aberasteko eta ez berdintzeko. Ez lurrarekin, behintzat.