argia.eus
INPRIMATU
Sara zara
Jose Ignazio Ansorena 2021eko uztailaren 23a

Sara gure iloba da. Orain dela urtebete, Txinatik etorria. Anaia eta emaztea Sararekin Madrila joan ziren aurrekoan, urtebete dela Txinatik alabak ekarritako beste guraso berrien arteko bilkura batera. Taxian zihoazela euskaraz ari ziren hirurak eta taxizaleak, guztiz sinestuta, honela esan omen zien:

-­Vaya suerte que tiene esta niña, que ustedes saben hablar en chino!

Euskara benetan txineraren antzekoa da espainiar -eta euskal herritar- gehienentzat. Ulertzekoa, entzun duten euskara Karlos Iturgaitzena baldin bada.

Aurkari ikusezina liburua eman du argitara Alberdania-ko Zerberri sailak. Jose Inazio Basterretxea egilea. Oso era interesgarrian esanda, begi eta sentimendu zorrotzez aztertua, kezka larria agertzen du idazleak euskalduntasunaren inguruan. Ez da harritzekoa, denok gaude kezkatuta oso.

Kezka kanpoko eraso lotsagabe eta basatiengatik. Francoren lehengusu txikia den Aznarrek, haren Altxamendu Nazionala berpiztu du. Modernoagoa itxuraz (ez gehiegi ere) eta Armada guztiz erabili gabe, baina beti ere aukera hori ezin bazter daitekeela argi utzita. Bitartean, bestelakoak baditu eskura: epaileak, hedabideak...

Hala ere, euskaltzale askorengan sortzen ari den kezka -aurreko hori alboratu gabe- beste aldetik dator. Geuk egiten dugun eta dezakegunaren aldetik. Asmatzen ari al gara euskaltzaletasunaren norabidean?

Zergatik hainbeste euskal gaztek, euskaraz jakinagatik, erdaraz egiten dute? Zergatik euskaltzale izeneko askok ez du ahaleginik txikiena ere egiten euskaraz jardun ahal izateko? Zergatik euskaldun askok lanerako eta bizitza praktikorako erdara hobesten du, euskararen kaltetan? Zergatik borroka politikoan hainbeste indar eta diru xahutzen badira, euskal gizartea, euskaraz aritzen den gizartea indartzeko askozaz ahalegin txikiagoak egiten dira?

Kontu asko biltzen dira erantzunetan noski. Tradiziozko abertzaletasunak ez dio behar adina garrantzi eman hizkuntzari. Pastelaren ginga izan da pastela bera baino gehiago. Inertziarekin borrokatzea oso nekeza izaten da eta gaur egungo eta azken urte luzeetako inertzia erdararen alde dator. Hizkuntzak behar dituen zabalkunde eta eraberritze bideak eskura izaten ditu: azken modako hitzak eta munduak erdararen bitartez iristen zaizkigu.

Aurrera egin nahi badugu arazo askotxo ondo bideratzen asmatu beharko dugu. Hizkuntza herrigintzaren kakoa den asmoa zabaldu eta ikustarazi. Hizkuntza honek, euskarak, balio ederrak dituela eta mundu erakargarri batean bizitzeko aukera ematen duela (Honetan uste dut autokritika handia egin beharko dugula: zenbaitetan fanatizazioaren eta politikamaniaren hizkuntza gisan agertu delako euskara). Alferkerian lasai bizi direnei apurtxo bat mugitzeko gogoa suspertu egin beharko diegu.

Hala ere, inozokerian erori gabe, hau dena baikortasunez bizitzeko arrazoiak badira. Beharrezkoa genuen krisia. Franco hil eta gero, hortzak estututa onartu ziren kontu asko. Ondorengo urteetan batzuk euskararen kontrako amorrua bildu dute eta askatu egin behar zen. Eta, inondik ere erdibidean egoteko ahaleginik egin gabe, guk euskaldunok badugu geure erantzukizuna honetan.

Espainiarrentzat (euskal herritar asko tartean) txinatarrak bezalakoak gara. Ezezagunak. Ezagutzeko beharrik ere ez dute sumatzen. Ezagutzen ez dena ez da maitatzen. Ezagutzera eman beharko dugu geure burua. Bonbak eta tiroak ez diren beste bide batzuetatik. Badugu zeregina. Amorrazio krisi honek zorne gehiena ateratzen duenean, zauria garbitzen eta lotzen hasi beharko dugu. Ez da askorik falta. Egunero sufritzen ari direnentzat -eta asko daude horrela- minutu bakoitza luzeegia da, badakit. Baina itxaropentsu agertu behar dugu, zeregina badago eta ederra da.

Gure iloba Sara ikusten dudan bakoitzean pozak gainezka egiten dit. Begi luzatuak, kopeta borobildua, sudur tapotza... txinatarra da. Ezagun du jatorria aurreneko begiradan. Eta euskalduna da.

-Nor zara zu?
-Sara Ansorena Esnal.
-Sara zara?
-Bai.

Bai. Etorkizuna txinatarrona da. Ni ere txinatarra izaten hasi naiz.