argia.eus
INPRIMATU
Politikaririk gabeko politika
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Christoph Blocher jauntxo dirudunak irabazi ditu Suitzako hauteskundeak, Arnold Schwarzenegger aktoreak Kaliforniakoak eta iragan politikorik gabeko lagunez inguratu da Carlos Mesa boliviar buruzagi berria. Etorkizuna politikaririk gabeko politikagintza ote?
Bai, egia da. Politikak, politikagintzak eta politikariek ez dituzte garairik onenak bizi. Are gehiago, nolabaiteko gizarte-esparru aurrerakoiren batek pentsa lezake ordua dela aldatzeko, aterabidea herrigintzatik etorriko dela, hiritarrei egoki eta zuzen erantzungo dieten lider ez politikoen aldetik.
Bai, baina. Politikaririk gabeko politika eta politikagintza ez dira berriak. Berlusconi eta Gil ez dira errotik politikariak. Ezta Pinochet, Franco eta Hitler ere. Ezin esan, ordea, eredu gogoangarriak direnik.
Gauza bat da herrigintza eta herri-partaidetza areagotu nahi izatea eta beste bat, ordea, politikaririk gabeko politikagintza iraultza berritzat jotzea. Politikaririk gabeko politikagintza, luzera, eskuin muturraren alternatiba bihurtu ohi da. Politikariak, txarrenean ere, demokraziaren bermerik seguruenak dira.