argia.eus
INPRIMATU
Janariengatiko intoxikazioak gehitu egin dira
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
udarekin batera janari intoxikazioak ere etorri ziren, urtero bezala, Salmonella izeneko germenak eragindakoak batez ere. Aurtengo daturik ez dakigu oraindik, baina iaz, 2002an alegia, Hegoaldeko lau probintzietan 90 kasu erregistratu ziren, aurreko urtean (2001ean) kontabilizatutako janari intoxikazioak 74 izan ziren bitartean. Eta zergatik doa gorantz kopurua? Etxeetan gertatzen diren intoxikazioak urtetik urtera gehiago direlako, elikagaiak gordetzeari buruzko kontzientziazio handiegirik ez dagoelako, batetik, eta osasun edo higienearen aldetik erabiltzen diren praktikak ez direlako gomendatzeko modukoak, bestetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko programen arduraduna den Javier Garciak esandakoaren arabera.
Horrela, tortilla bat egitean arrautza behar bezala ez mamitzeak (gorringoan dago arazoa), edota hozketa behar duten janariak hartu eta ordutan eguzkitan eduki ondoren kontsumitzeak (hondartzara edo erreka bazterretara joan eta askotan gertatzen dena), janari intoxikazio bat ekar dezake. Eta horrelakoak uda partean agertzen dira gehien, janarietan dauden germen horiek tenperatura altuak behar baitituzte ugaltzeko.
Salmonellak jarraitzen du germen sortzaile nagusia izaten, eta batez ere maionesa eta tortillak prestatzerakoan izaten da. Iaz gertatutako 90 kasuetatik, 71tan salmonella izan zen identifikatutako arrazoia. Intoxikazio mota horietan, sukarra, gorakoak eta sabeleko mina eduki ohi dituzte afektatuek, eta sarritan bakterio horrek konplikazioak eman ditzakeenez, ospitaleratzea beharrezkoa izan daiteke. Kontuz, beraz!