argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 19a
Mariasun Landak Espainiako Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala irabazi du «Krokodiloa ohe azpian» lanari esker. Saria duela 25 urte sortu zenetik, lehen aldia da euskarazko lan bati ematen diotena. Bestalde, Landaren «Galtzerdi suizida» liburuan oinarritutako obra taularatu berri du Taun Taun txotxongilo taldeak.

Eduardo Txillidaren nahia bere obra ahalik eta jende gehienarengana iristea omen zen. Bada, datozen asteotan bere 200 lan ikus ahal izango dira munduko puntu ezberdinetan. Tamaina txikiko obrak San Petersburgoko (Errusia) Hermitage museoan daude ikusgai, eta gero Helsinki (Finlandia) eta Varsoviara (Polonia) joango dira. Tamaina handikoak Wakefield-en (Erresuma Batua) erakutsiko dira eta Bartzelonan, aldiz, erakusketa antologikoa egingo da.

Tahures Zurdos talde nafarrak zuzeneko diskoa grabatuko du datorren abenduaren 5ean Tuterako Noboo aretoan. Diskoak jasoko dituen kantak publikoak aukera ditzan nahi dutela adierazi dute taldekideek.

Mikel Urdangarin eta Kirmen Uribe «Zaharregia, txikiegia agian» liburu-diskoa ari dira prestatzen eta Durangoko Azokarako kalean izango da.

Montxo Armendarizek Bernardo Atxagaren «Obabakoak» zinemara eramango du. Martxoan hasiko da errodajea Nafarroan eta protagonistak Juan Diego Botto eta Pilar Lopez de Ayala izango dira. Atxaga gustura agertu da Armendarizen gidoiarekin.