argia.eus
INPRIMATU
Uzta korrika txikian
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Fruituen uzta gorenean da. Neguaren gorriena iristerako fruitu barruan garatu diren haziak kolonizatzeko modukoa den lur berrira iritsi eta ernaraziko dituen udaberriraino irauteko babesa aurkitu beharrean dira. Geurea bezalaxe, landareena konpetentzia sutsuko mundua da. Besteei aurrea hartu eta lur sail berriak kolonizatzeko espezie bakoitzak bere trikimailu eta estrategiak milaka eta milaka urtetan zorroztu ditu; bihar hasten diren ehunka urtetan gertatuko den bezala. Sortutako haziak inguruan bertan edo ahal den urrutien barreiatzeko landareek garatutako sistemak dira zorrotzetan txorrotxenetakoak.
Landare gehienek haizea baliatzen dute haziak sakabanatzeko: orkidea batzuek bezala hazi ttiki-ttikiak eginez, astigarrak, aihen zuria, kardulatza eta txikoria belarraren gisan haziei sasi hegalak edo kardilaunak emanez edo txilarren eran haizeak landareari eragindako mugimenduak aprobetxatuz.
Badira ura medio haziak zabaltzen dituztenak: igebelar edo nenufarrak bezala ur azalean ibiltzeko gai diren haziak sortuz edo azeri buztanaren moduan ernetzeko toki heze bat topatzeko gai diren zatiak dituzten haziak haziz.
Sakabanaketarako animaliak erabiltzen dituzte beste batzuek: haziak zirinetan edo kaketan banatzeko fruitu jangarriak ematen edo ile eta biloetan zintzilikatzeko azalean kako bereziak dituzten hazi edo fruituak eraikitzen dituztenak.
Beste inoren beharrik gabe hazien barreiatzea bere kasa antolatu dutenak ere badira: murruntzak bezala fruituen mugimenduen bidez, barrabas belarrak eta etxeko-pozak adibidez ehunen hanpadura medio, garoen, isatsen eta geranioen generoen gisa horretarakoxe sortutako organoekin edo hezetasuna baliatzeko biloak erabiltzen dituztenak.
Uzta korrika txikian dabil gure inguruan.