Irratigintzan urte asko daramatzazu. Zer aldaketa ezagutu dituzu?
Garapen teknologikoa izugarria izan da, eta horrek aukera asko eman dizkigu. Irrati kazetaria beti izan da bere produktuaren oso jabe. Telebistan lan talde zabala behar da produktu bat aurrera ateratzeko (kamerak, argiztatzaileak, kazetariak...). Irrati kazetariaren lana, aldiz, mikrofono edo askotan telefono batekin egin liteke. Digitalizatzearekin prozesu hori are errazagoa bihurtu da. Funtsean lehengo lan bera egiten dugu baina azkarrago eta, beraz, lan gehiago egitera iristen gara.
Irratia gaurkotasuna da, eta gaurko teknologiak aukera ematen du momentuan gertatzen ari den hori kontatzeko. Garai batean nekez sartuko ginen notizia gertatzen ari den tokitik bertatik. Egun sakelako telefonoarekin edozein tokitatik sar gaitezke.
Teknologiak eskaintzen dituen aukerak, kazetaritza lana aldatu du?
Azkarrago egiten da lan, horrek dituen arrisku guztiekin. Ia pentsatzeko aukerarik gabe egiten da lan askotan. Egia da gaurkotasunari arintasuna zor zaiola, baina gaur jendeak gertakariak hotz-hotzean kontatzea bezainbeste estimatzen du hori marko batean txertatzeko gaitasuna. Datu asko iristen zaizkigu, iturri askotatik, eta gaur benetako lan zaila galbahea pasatzea eta gertakarien artean zer lotura dagoen ikustea da. Kazetarion lana hori ere bada, eta batzuetan juxtu-juxtu aritzen gara datu hutsak ematen, ia ordenatzeko edo korrelazioak egiteko aukerarik gabe.
Euskadi Irratiko zuzendari zara 1999az geroztik. Zer da ikasi duzuna?
Agintzea baino askoz eraginkorragoa dela, egin behar duenak garbi ikustea zergatik den lan hori garrantzizkoa. Norbera ez bada jabetzen, alferrik da beste batek agintzea. Baina, aldi berean, hain konplikatuak dira gure egiturak, oso zaila dela mundu guztiari gauza guztien zergatiak iritsaraztea. Horrek frustrazio handiak sorrarazten ditu. Gainera, askotan mezuak zeharkako bidetik iristen zaizkio jendeari, eta pertsonak aurreiritzi bat sortzen du mezua zuzenean ematen zaionerako. Komunikazioa zaildu egiten da kasu horietan.
Zuzendari lanak bizimodua aldatu dizu?
Albistegietako buru nintzenean okerrago bizi nintzela uste dut. Tempoak ezberdinak dira. Albistegietan ez da pertsiana jaisten sekula: goizeko ordubietan zerbait gertatu bada adi egon eta jarraipena egin behar zaio. Eta zerbait garrantzitsua gertatzean kanpoan egokitzen banintzen edo jokoz kanpo harrapatzen baninduen, halako arra, halako egonezina sartzen zitzaidan barrura. Orain erabakiak gogorragoak dira, baina eguneroko bizimodua errazagoa da.
Zuzendari eta emakumea izateak, egungo gizartean zer esan nahi du?
Seme-alabak izango banitu seguruenera nahiko gaizki moldatuko nintzateke. Gaur hainbat lanek ia dedikazio osoa eskatzen dute. Gizona edo emakumea izan, seme-alabei benetan zor zaiena eman nahi bazaie oso zaila da bi gauzak uztartzea. Eta gizarteak, luzera begira, benetan estimatuko du seme-alabei eskaintzen zaien denbora.
Norberaren bikoteari ere zor zaio denbora eta arreta, baina ezberdina da. Zortea dut, sekulako laguntza baitaukat etxean. Seguru nago bakarrik biziko banintz askoz ere estuago biziko nintzatekeela.
Programazio berria jarri duzue martxan. Zer helburu jarri diozue?
Mezu zuzenagoak lortu nahi ditugu. Nik uste errealizazio tekniko-artistiko aldetik, Euskadi Irratiak urtetan gauzak dezente jorratu dituela eta maila polita lortu duela. Baina inpresioa dut mezu zuzena ahaztuxeago geneukala.
Programazioa prestatzerakoan mezuari, edukiari indarra ematea erabaki dugu. Gertatzen ari den horren berri ematerakoan, guk bakarrik hitz egin beharrean, protagonistek, adituek eta entzuleak berak ere lekua izatea nahi dugu. Irrati publiko batek bere gizarteko sentsibilitate ezberdinen pulpitua ere izan behar du, hizketarako lekua eman behar die. Urte askotan telefonoak entzuleentzat zabalik egon dira, baina batez ere entretenimendu eta jolaserako saioetan eman zaio jendeari parte hartzeko aukera. Esparru hori zabaldu egin nahi dugu. Lehenengo aldiz ostiraletako debate politikoari telefonoak zabaldu dizkiogu, jendeak galderak egin edo iritziak eman ditzan.
Eduki aldetik nola egituratu duzue eguna?
Irratiaren prime-time (edo entzule gehien dituen puntako ordua) goizeko 7etatik 10ak artekoa da. Jendeak ordu horretan, batez ere, gertatu denaren berri jakiteko pizten du irratia. Beste jende batek, errepidean denbora asko pasa behar duenak, jada albisteak entzunak izaten ditu eta beste entretenimendu mota bat bilatzen du: konpainia, barre pixka bat, musika. Guk bi produktuak bereizi egin ditugu: goizean Euskadi Gazteari jarri diogun magazina jolastiagoa da, eta Euskadi Irratiari jarri dioguna sakonagoa da, gaurkotasunari kasu gehiago egiten dio eta errepideari ere arreta gehiago jartzen dio (gero eta gehiagok entzuten baitu irratia autoan doala).
Arratsaldean "Kostaldeko Trena" saioa dugu, musikari eskainia. Ia gure ikurra da, hasiera-hasieratik daukagun saioa baita; ondo funtzionatu du ordu horretan, jendeak estimatzen du. Bestetik, «Arratsaldekoa» saioarekin apustu berri bat egin dugu: gaiak sakon lantzen ditu, baina unean uneko gertaerei hainbesteko arreta jarri gabe. Gure bizitzan ere badirelako hainbat gauza erabat atenporalak direnak eta garrantzia dutenak.
Gauetan jende askok kirolaren berri izateko jotzen du irratira. Kirol saioa gaueko 23:15etatik gau erdira arte izango da. Gau erditik aurrera "Ipurtargia" izeneko saioa jarri dugu martxan, konpainia eskaintzen duena. Musika, elkarrizketak, entzuleen deiak biltzen ditu, gauak ematen duen konplizitate giro horretan.
Zer entzule kopurutara iritsi nahi duzue?
Audientzia neurtzen duen CIES etxearen arabera, Euskadi Irratiak 79.000 entzule ditu, Radio Euskadik 213.000 eta Euskadi Gazteak 63.000.
Lortu nahi dugun audientzia kopurua, bi ikuspegitatik planteatu dugu: bata entzuleria absolutua da eta gure helburua 70.000 entzuleren bueltan ibiltzea da (hori Hego Euskal Herrian, Iparraldean ez baita halako neurketarik egiten).
Bigarren audientzia mota kopuru absolutuari dagokio. Audientzia kopuru absolutuetan askotan ez dakigu garbi zertaz hitz egiten ari garen; biztanleriaren %25 gara euskaldunak, baina multzo horretan denek ez dute ulermen maila bera, denak ez dira irrati entzuleak eta denak ez dira 25 urtetik gorakoak. Euskadi Gaztearekin batera, entzule euskaldunen poltsa horren %16ra iritsi nahi genuke.
Gizartean euskaldunen kopurua haziz doa. Euskadi Irratiak proportzio horretan entzule gehiago ditu, edo ez da halako hazkunderik sumatzen?
Euskadi Gazteak 15 urteko bizitza dauka eta badakigu hor hazkunderako potentzial handi bat dagoela oraindik. Ikusi egin beharko da herri honek bizitzeko zein aukera egiten dituen eta guk eskaintzen diogun produktua gustatzen zaion ala ez.
Militantzia garaiak joan ziren eta jendeak gustuko duen saioa bilatzen du. Gero eta gehiago zappeatzen da irratian. Gainera, euskalduna normalean nola elebiduna den, oso aukera zabala dauka. Ez dago esaterik Euskadi Irratia entzuten ez duelako, ez denik euskaraz bizi. Gerta daiteke informaziorako beste iturri batzuek nahiago izatea, eta entretenimendurako Arrate irratia modukoak nahiago izatea, edo Euskadi Gaztea (40 urtetik gorako askok ere entzuten baititu irrati-formulak), edo EITB moduko produktua nahi izatea. Gainera gaur tradizionalak izan diren entretenimendurako hedabideez gain, beste batzuek ere badaude, Internet esaterako.
Entzuleak halako aukera duela jakinda, zein da zuen apustua?
Kontuan hartzen dugu irrati publikoa garela, euskarazko irratia, eta normalizazioari bultzada emateko sortu zela. Horregatik, irrati konbentzional bat da egin behar duguna, guk egiten ez badugu beste inork ez baitu egingo.
Informazioa egitea oso garestia da. Euskal Herrian nekez sortuko da irrati pribatu bat, euskaraz jardungo duena eta gainera informazioa emateko aukerak izango dituena. Entretenimendurako, ostera, irudimenarekin eta musikarekin sortu daitezke ekimen pribatuko produktuak, funtzionatu dezaketenak. Baina guri ez dagokigu hori. Guk irrati konbentzional bat egin behar dugu, gure herriak horretarako eskubidea baduelako.
Gure eskaintza egiterakoan, guk muga handi bat daukagu, euskaldunon esparrua mugatua dela. Askotan iritsi nahi genuke hainbat protagonista elkarrizketatzera eta ezinezkoa da, gure gizartearen zati handi batek ez duelako euskaraz egiten. Hizkuntza bera kasu honetan muga da. Horrek esan nahi du ez dugula euskarazko informaziorik egin behar? Ez ditugula debateak egin behar? Egin behar ditugu, baina kontziente izanda ezintasun bat daukagula.
Euskadi Irratia diru gutxirekin egiten dela esaten da...
Kontua da zeri esaten zaion diru "gutxi". Informazioa egitea oso garestia da. Norbait Irakera bidaltzen dugunean ez dugu bidaia bakarrik ordaintzen, pertsona horri egiten zaion asegurua milaka euro kostatzen da. Eta kazetariak Afganistanen barrena ibili direnean euren konboia babesteko talde bati ordaindu behar izan diote. Halako erabaki bat hartu behar dugun bakoitzean, partida handiekin jokatzen ari gara. Dena da zer egin nahi dugun, edo noraino iritsi nahi dugun. Gu diru publikoz hornituta gaude eta diru hori ezin da edozein modutan gastatu.
Bestetik, begira dezagun inguruko komunikabide publikoek zenbateko zuloak dituzten: TVEk bilioietako zuloa du. Kataluniako hedabide publikoek ere sekulako defizita daukate. Eta EITBk ez du defizitik. Tokian tokiko agintariek erabakitzen dutena da "informatiboki interesatzen zaigu hau egitea eta egin dezagun zuloa", edo EAEko gobernuan daukagun lehendakariak esan duen bezala: "Defizitik ez. Herritarren dirua kudeatzen ari zarete, beraz ondo gestionatu".
Zentzu horretan, Radio Euskadiren aurrekontuak eta Euskadi Irratiarenak orekatuak daude?
Baietz uste dut. Subentzioan nahiko antzerako gabiltza, baina autofinantzaketan Radio Euskadik daukan publizitate poltsa askoz ere indartsuagoa da guk daukaguna baino. Radio Euskadik ondo lan egiteaz gain bere alde daukana da protagonista guztietara iritsi daitekeela. Gainera ez hemengoetara bakarrik. Munduan gaztelera hain hedatua da, edozein lekutatik jaso dezaketela bertakoen iritzia. Kolaboratzaileen kasuan ere ez dira Euskal Herrikoetara mugatzen. Kataluniako edo Madrilgo kolaboratzailea eduki dezakete.
Saio batzuk pribatizatu egingo omen dira. Zergatik?
Urtetan entretenimendurako produktuak obra kontratuen bidez egin dira. Eusko Jaurlaritzak eskatu duen beste gauza bat da, Euskal Herrian badela ikus-entzunezko sektore pribatu bat, eta sektore horri bultzada eman edo ateak zabaldu behar zaizkiola. EITBk ezin duela jasotzen duen dirua bere zilborrera begira gastatu.
Hala ere, egiten den gehiena etxekoa da. Kanpoan egiten dena %30 izango da. Pribatizatu dena entretenimendua da, hedabideetan frogatua dagoelako entzuleak berritasuna eskatzen duela gero eta gehiago. Beraz, programak maizago aldatu behar dira.
Programa pribatua edo etxe barrukoa izan, antzematen da kalitatean?
Irrati nobela gehienak kanpoan egindakoak izan ditugu. Pello Zabala ere ez da etxe honetako langilea. "Klasikoak gaur" etxeko batek egingo balu, seguruena okerrago egingo luke, guk ez baitakigu Pello Zabalak musika klasikoaz dakien guztia.
Gidoilari talde bat, kazetari talde bat produktu jakin bati begira badago, eta bere besoetako haurra bada, hori oso ondo mimatuko du, etxekoak izan edo kanpokoak izan. Hori bai, lan baldintza eta azpiegitura egoki batzuk eskaini behar zaizkie kanpokoei eta barrukoei, eta nik uste biei lan baldintza berdintsuak eskaintzen zaizkiela.
Euskadi Irratiari hedabideetan egindako kritiken artean, entzulea umetzat hartzen dela ere esan du norbaitek. Programak egiterakoan, zer entzule duzue buruan?
Gure entzuleria ez dugu umetzat hartzen, izatez, "Maritxu Berritxu" umeen saioa ere kendu egin genuen.
Gure entzule eredua edozein irrati konbentzionalek duena da: 30etik 50 urtera bitartekoa. Eta hor denetik sartzen da. Entzule asko adineko jendea da, gelditzen diren elebakarrak horiek direlako; gainera emisore batekiko oso leialak izaten dira askotan.
Baina guk buruan dugun target edo xede-taldea hiritarra da, gizarte moderno eta industrializatu bateko entzulea. Gaur Alkizan edo Orozkon bizi den pertsona hiritarra da. Egun Euskal Herria Los Anjeles moduko zerbait da. Batzuk biziko dira herri txikietan edo auzoetan, baina azkenean hiriak oso gertu daude. Gehienok lantegietan egiten dugu lan eta denok dauzkagu hedabideetara iristeko modu berberak.