argia.eus
INPRIMATU
Argitalpenak
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
2002ko Txomin Agirre saria
Aitor Aranak idatzitako «Bost ahizpa» nobelak irabazi zuen iazkoan Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Txomin Agirre saria. Polizi eleberri klasikoen arabera idatzi du egileak batere ondo konpontzen ez den familia baten bilkura, Agatha Christieren «Hamar beltx» eleberri ezagunaren antzeko giro hertsian azaltzen duena. Bat-batean aberats bilakatu den aitak gutun bat idazten die urtetan ikusi ez dituen bost seme-alabei, kontu garrantzitsu bat esan behar diela eta bakarrik ager daitezen eskatzeko. Baina lehenengo ezustea berak hartuko du, semetzat zeukana emakume bezala azaltzen zaionean. Nolanahi ere, berean jarraituko du aitak, eta narrazioan zehar hainbat hilketa izango dira.

Bost ahizpa
Aitor Arana
Euskaltzaindia,
BBK Fundazioa
130 orrialde
6 euro

Enpresa txiki eta ertainek informazioa izan dezaten
Enpresa txiki eta ertainei begira egina dago, batik bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Sailaren sozietate publikoa den DZ Diseinu Zentroak gaztelaniaz zein euskaraz argitaratutako «Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak eta enpresa berrikuntza» liburua. Hauxe du helburu: teknologia berriek enpresa txiki eta ertainetan duten eragina edota negozio elektronikoa behar bezala baloratzeko lagungarri izatea. Azpimarratzen dituen gaiak, berriz, ondokoak dira: Informazioa eta komunikazioaren teknologia berriek ekonomia eta gizarte garapena sustatzen dutela, lan aukerak sortzen, sarrera-iturri gehiago ematen eta osasun eta irakaskuntza zerbitzuak hobetzen ere laguntzen dutela.

Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak eta enpresa berrikuntza
Batzuen artean
DZ Diseinu Zentroak
283 orrialde Colon euskal jatorrikoa ote?

Colon euskal jatorrikoa ote?
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen «Boletin»aren azken zenbakian, 2002. urteko memoria eta beste hainbat idazlan agertzeaz gainera, honakoak dira azpimarragarri: Mikel Zabala Montoyaren «Erregimendu eta Udalbatzak Goi Aro Berriko Bizkaian: adiskidetasun eta aurkakotasunetarako topagune», eta Emilio Múgica Enecoteguik idatzi duen «Colón Vizcaíno?». Azken hori oso lan bitxia da. Egileak gogorarazten duenez, makina bat bazterrek erreibindikatu dute India aldera beste itsasbidetik ailegatu nahi eta Amerika aurkitu zuen gizonaren jatorria. Atlas bat beharko omen genuke horretarako, portugesa, korsoa, errusiarra, ingelesa, greziarra, polakoa eta abar dela dioenik ba omen da-eta.

Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
339 orrialde 12 euro Ingelesa-euskara- gaztelania

Ingelesa-euskara-gaztelania
Eguneroko ingelesezko esamoldeak biltzen dituen liburu hau ingelesa ikasten edo irakasten ari direnei zuzendua dago. Horregatik agertzen dira «Chattering -solasean- (ingelesa - euskara - gaztelania)»n esamolde horiek hainbat egoeratan eta bost atal desberdinetan banatuak. Hauexek dira atal horiek: adimen-egoerak eta emozioak, adiskidetzako sentimenduak, kontrako sentimenduak, buru-jarduerak eta ekintzako hizkera. Baina gainera sentipen horiek guztiak adierazi nahi dituzten esamoldeak hainbat erregistrotan daude jasoak eta letra-mota desberdinen bidez bereiziak. Hau da, hizkera jasoan, arruntean, lagunartekoan eta trauskilean. Euskal Herrian plazaratzen den mota honetako lehenengo hiztegia dugu hauxe.

Chattering
-solasean-
Batzuen artean
Gaiak
259 orrialde
34,32 euro

Ibaizabalen «Txit oilo bitxia» bilduma
Etxeko txikienak gogoan plazaratu du Ibaizabal argitaletxeak Mercè Arànegak idatzi eta marraztu eta Jose Antonio Sarasolak euskaratu duen «Txit oilo bitxia» bilduma. Oraingo honek «Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta tximinoak» du izenburutzat, eta bertan, oihan baten erdian aurkituko dugu gure oiloa, bere maleta misteriotsuarekin. Gutxien uste duenean, lurrezko bola bat jaurtikiko dio burura jolasean zarataka dabilen tximino talde batek. Oiloa mindu egingo da, eta pixka bat haserretu ere bai, baina gero pasa egingo zaio eta haiekin hasiko da jolasten. Eta jolasez ari garenez, kontakizun hau irakurtzen duenak oiloak galtzen dituen gauzak aurkitu beharko ditu.

Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta tximinoak
Marcè Arànega
Ibaizabal
32 orrialde

Hizkuntza, jakinduriaren
adierazpide
Jainkoek hitzaren arteziaz sortu zutela mundua eta gizakiak jainkoen arketipoez baliatuz nahi izan duela bere hitza ere erritoaren bidez sortzaile agertu adierazten du Félix Zubiagak «Euskararen jakinduria» saioan. Jainkoak gizakia, ala gizakiak Jainkoa, nork nor sortzen duen bere idurira, egilearen ustez oiloa eta arrautzarena bezalakoa omen da, eta edonola ere, giza jakinduriak aztertu beharrekoa. Berarekin harremenatan jartzeko, jo felixzubiaga padrespasionistas.e. telefonica.net-era.

Euskararen jakinduria
Félix Zubiaga
Felix zubiaga
145 orrialde

Alejandro Mallonaren fusilamenduaz
Edorta Jimenezek plazaratu duen bere azken nobela honen oinarrian eskuartean duen beste lan erraldoi bat dago: euskaldunek XX. mendean hainbat zerbitzu sekretutan zer nolako lanak egin dituzten aztertzen duen saioa. Lan hori alde batera utzita, pare bat hilabete egin zituen idazleak «Kilkerren hotsak» idazten, narratzaile den espioi baten ahotik Espainiako azken Gerra Zibilean, eta batik bat 1937ko udaberri eta udan, Bilbo eta Bizkaiko kostaldean gertatutakoak kontatzeko. Mungiako alkate izandako Alejandro Mallonaren fusilamenduaren nondik norakoak ardatz dituen nobela honetan, fikzioa eta benetako gertakizunak eta pertsonaiak agertzen dira. Hara zergatik gehitu dituen Edorta Jimenezek liburuaren bukaeran eranskin pare bat, narrazioan zehar agertzen diren pertsonaia garrantzitsuenen ezaugarriak adierazten dituztenak: hain zuzen ere, asko benetakoak direlako, hala nola George Steer, «Gernikako Arbola» liburuaren egilea; edo «Kilkerren hotsak» nobelaren azalean agertzen den irudiaren egilea -Robert Capa- bezalako argazkilariak, hainbat kazetari, Lauaxeta, Císcar gerraontziko komisario politikoa...

Kilkerren hotsak
Edorta Jimenez
Susa
239 orrialde
14,5 euro