argia.eus
INPRIMATU
Etienne Salaberri: Euskal eta frantses gogoak behatzeko miraila
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 20a

Nafarroa Behereko Heleta herrian sortu zen Etienne Salaberri; Garrate auzoko Garra etxaldean. Hiru haurrideen arteko gizasemea zen. Primua edo maiorazkoa berari zegokion, hots, etxeko segida hartzea; alta, apaizgoaren bidea hautatu zuen. Lehen ikasketak (1909-1915) bere jaioterrian burutu zituen, Frantziako Estatuaren eskola laikoan. Etienne Salaberrik berak horrela idatzi zuen hari buruz: «Jainkoaren ordez Estatua goraipatzen zuen eskola». Salaberri frantses nazionalismoan hezia izan zen, beraz.

1915etik 1923ra, Belokeko apaiztegian ikasi zuen. Bertako irakasleen heziketa arrunt frantsesa jaso zuen ere Beloken. 1923tik 1929ra, Baionako seminario eraiki berrian ikasi zuen, armadan eman zituen hemezortzi hilabetetan izan ezik. Ondoren, II. Mundu Gerran borrokatu zen, baita bost urtez (1939-1940) preso egon ere; Stalag kontzentrazio-esparruan, Alemaniako Münhlberg an der Elbe-n. Soldadutzan eta gerra handian Frantziaren -eta frantses espirituaren- alde jardun behar izateak euskal gogoa ernarazi zion, nolabait. Hona, adibide gisa, bere egunerokoan idatzi zituenak: «Stalag-ean mintzo nintzan errotik eta bakarrik Frantses gisa. Bainan ere Frantzian alderako amodioaren barnean ari zen ezin erdiz intzirika Euskal-Herriaren amodioa. Bere dorpe guzian eri zen ene frantses nazionalismoa».

Etienne Salaberri ordurako apaiza zen; Heletan eman zuen bere lehen meza, 1929an. Alabaina, hurrengo bi urteetan bere ikasketak Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan osatu zituen, filosofia lizentziatura erdietsiz. 1931 eta 1939 bitartean filosofia irakasle gisa aritu zen Uztaritzeko San Frantses Xabierkoaren seminarioan.

Enbata eta Jean Louis Davant

Jean Louis Davant zuberotar idazleak 1953an ezagutu zuen Etienne Salaberri, Uztaritzeko kolegioan. Iraskaslearen eta ikaslearen arteko diferentzia politikoak begi-bistakoak izanik ere, oroz gainetik, bien arteko harreman ona agertu ohi du Davantek. Konparazione, beranduago, 1972an, Enbata mugimenduaren burukidea zela, Hegoaldeko iheslarien aldeko manifestazio batean Jean Louis Davant atxilotu zuen poliziak, Baionan. «Délit de rebellion» (erreboltari izateagatik) akusaziopean auziperatua izan zen, Simon inspektorea jotzeagatik. Salaberrik Davant militante politikoaren alde idatzi zuen «Herria»n. Orduko Iparralde eskuindar eta gaullista hartan, Iparralde hagitz frantsesean, Enbatako kide baten alde azaltzea ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula. Salaberrik honela idatzi zuen: «(...) Davant hiltzen ari den Euskal Herriaren aldekoa da, idazle-soldadu bat, kazetari konprometitua. Davant ezagutzen dutenek ez dute sinesten Simon inspektorea jo ahal denik». Davantek honela idatzi du «Egan»en Salaberriren ele haiei buruz: «Ez, bizi naizeno ez dut holako gorazarrerik gozatuko. Aita baten bihotzarekin mintzo zen Etienne Salaberri...»
«Ene Sinestea» eta «Beñat adiskide agur!»
Joxe Azurmendi eta Pako Sudupe saiogileek ere idatzi dute Etienne Salaberriri buruz, «Egan» aldizkarian. «Herria»n idatzi zuenez gain, bi liburu argitara eman zituen Salaberrik: «Ene Sinestea» (1978) eta «Beñat adiskidea agur!» (1981). Joxe Azurmendiren iritziz, euskalduntasuna eta frantsestasuna bizi beharraren arteko korapiloa askatzeko ezintasuna ageri du Salaberrik lehen liburuan: «Frantziak eta Espainiak egin daukute ongi ederra, ekarriz gure arterat beren kultura aipagarria. Bainan Frantziak eta Espainiak egin daukute gaizki gaitza, ez utziz zabaltzerat gure kultura berezia», idatzi zuen Salaberrik. Zegamako Joxe Azurmendi filosofoak gutun bidezko harremana izan zuen Heletako filosofoarekin, behin edo bitan baino ez zuten elkar ikusi. Hogei urteko Joxe Azurmendi gaztea haren idatzien miresle izan zen. Orain hari buruzko saio kritikoa egin arren, honela ere idatzi du Azurmendik: «Salaberriri eskertu behar zaio, abertzaletasuna kosmobisio global baten barruan pentsatu izatea, filosofo gisa».

Pako Sudupek «Beñat adiskidea agur!» liburua gogora ekarri digu. Heletarrak bertan Giscard d’Estaing eta Mitterrandek hauteskundeetan errandakoez idatziak azpimarratu ditu: «Irudi zaitak iragan dugula ezin gibelerateko pondua. Euskal-herriaren baguna, ixtorioaren lokomotibari lotua dela. Galduko dituk anitz borroka partida. Azkena irabaziko. Ikus-ak nolakoa den Euskal Herri-herria ezin ikusia duten politikero zaharren hasarrea!». Zorionez ez zela profeta onegia izan, diosku Sudupek. Alabaina, honela gehitzen du bere saioaren bukaeran: «Bere uzta oparoa utzi zigun eta geure burua begiratzeko beste ispilu bat».

Mendeurreneko omenaldia

Euskaltzaleen Biltzarra, EKE, Egan (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea) eta Heletako herriak hil honetan omenduko dute Etienne Salaberri, Baiona, Uztaritze eta Heletan. Urriaren 22an, 16:30etan, Baionako unibertsitatean, Jean Louis Davant eta Pako Sudupe bere bizitzaz eta kazetaritza politikoaz arituko dira. 24an, Uztaritzen (21:00), Lapurdi aretoan, J. L. Davant, P. Sudupe, Emile Larre eta Kurutxet mahai-inguruan bilduko ditu Pierre Aintzart irakasle eta idazleak.
Urriaren 26an, Heletan gorazarrea eginen zaio: 11:00etan meza nagusia. Ondoren, bere oroitarriari bisita eginen zaio, auzapeza, dantzariak eta bertsolariak lagun. Eguerdian bazkaria, Irigoinzaharreta ostatuan. Bazkalondoan, Euskaltzaleen Biltzar berrituaren aurkezpena eginen dute Piarres Xarriton eta Edurne Epaltzak eta Etienne Salaberriri buruz idatzi diren hiru liburu berrien aurkezpena eginen da.
Pako Sudupe, Joxe Azurmendi, Jean Louis Davant eta Pierre Aintzart idazleek idatzi dute filosofo heletarrari buruz. Kazetaritzaz gain, poesia eta antzerkia ere idatzi zituen Etienne Salaberrik. Bere pentsamendua, funtsean eta finean, bere baitan zeraman euskal eta frantses kulturen arteko borrokaren eredua da.

Bost urtez preso
Etienne Salaberri II. Mundu Gerran borrokatu zen; bost urtez (1939-1940) preso egon zen, Stalag kontzentrazio-esparruan, Alemaniako Münhlberg an der Elbe-n. Soldadutzan eta gerra handian Frantziaren -eta frantses espirituaren- alde jardun behar izateak euskal gogoa ernarazi zion, nolabait.