Genetikoki manipulatutako osagaiak arautze bidean
Eztabaida ugari plazaratu da azken hilabeteotan, genetikoki manipulatutako elikagaiak direla-eta. Auzi honek izan duen punturik liskartsuenetariko bat, hain zuzen, elikagai hauen etiketa eta jarraipen sistemari buruzkoa izan dugu. Oraintsu Europako arautegiak erabakitakoaren arabera, barazki transgenikoei erabateko jarraipena egingo zaie, kode sistema bati esker, hazia botatzen denetik kontsumitzailearen eskuetara heltzen den arteko etapa guztiak kontrolpean izango dira. Etiketari dagokionez, ezinbestekoa izango da manipulazio genetikoa iragartzea, osagaien %0,9ko neurria gainditzen denean.
Baina berri txarrik ere badu onartu berri den arauak, animalien elikagaiei dagozkien datuak ez baitira kontsumitzaileengana helduko. Alegia, etxeetara helduko diren arrautza, okel eta esnekiek ez dute marka bereizgarririk izango, ezta genetikoki manipulatutako produktuez elikatutako animalietatik atera badira ere.
Datu ikaragarri bitxia: Europako Batasunak genetikoki manipulatutako elementu ez onartuei ere baimena eman die, baldin eta osagai transgenikoaren proportzioak % 0,5a gainditzen ez badu.
Bartzelonako Udalak kultura zientifikoaren batzordea sortu du
Kultura zientifikoaren batzordea sortzea erabaki zuen Bartzelonako Udalak 2003ko irailaren 19ko biltzarrean, zientzia eta teknologiaren garapenak eta zientzi dibulgazioak hiriari onura handiak ekarriko dizkiola argudiatuz.
Bultzatzaileen eta bereziki Vladimir de Semir kazetari zientifiko eta Bartzelonako zinegotziaren ustez, gizarte industriala atzean utzi eta ezagutzaren gizartean murgiltzen ari garen honetan, «eboluzio sozial eta kultural garrantzitsu bati aurre egin beharrean gaude, gertatzen ari diren aldaketek esparru ekonomikoa gainditzen baitute». Batzordearen ardura hartu duen zinegotzi honen ustez, «gero eta beharrezkoagoa da ezagutza berri hauen zabaltzea helburu duten estrategiak indartzea eta horrekin batera, ezagutza berri hauek ekarriko dituzten ondorio etiko, sozial, ekonomiko eta politikoak dibulgatzea».
Kultura zientifikoaren hedatzeak lorpen handiak ekarriko lituzkeela diote adituek. Batetik, bokazio zientifikoen krisia gainditzen lagunduko luke (matematika, fisika, kimika eta ingeniaritzetako ikasleen beherakada oso negatiboa iruditzen zaio Europako Batzordeari). Bestetik, gizonezkoen eta emakumezkoen orekatzea ekarriko luke zientzia arlora. Gainera, ikerkuntzaren irudi publikoa hobetuko luke, zientzien eta letren arteko bereizketa tradizionala gainditu eta berrikuntza oinarrizko baloretzat hartzen lagunduko luke.
Figura politiko hau guztiz berria da Europako administrazioetan eta, europarren bi heren zientzia gaietan gutxi informatuta daudela zioen azterketa bat du oinarri.