Umorea, emakumeak eta sormena
Edozein gairi lotutako antzerki jaialdiak egin daitezkeela frogatzen digute hil honetan hasiko diren hainbat proposamenek. Izan ere, ia aldi berean Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien XXII. ekitaldia, Durangon, Amorebietan eta Elorrion egingo den Antzerki Garaikidearen Antzerkide Erakustaldia eta Getxoko Antzerki Eskolak antolatutako Emakume Bideak Antzerki Zirkuitua burutuko baitira. Lehenengoa hilaren 17an hasi eta 26an amaituko da. Iragarritako zazpi ekoizpenetatik lau euskal taldeek taularatuko dituzte. Hain zuzen ere, May Gorostiagaren «Klowncierto», Joxemari Carrerek antzeztutako «Gizon ustelgaitza», «Hau paraderoa!» eta azken saioan izango den ustegabeko ekitaldia izango dira bertakoek eskainitako lanak. Bestalde, Emakume Bideak Antzerki Zirkuituan emakumez osaturiko talde amateurrek ekaina arte euren lanak eskainiko dituzte hainbat herritan. Besteak beste, Bonboliñak, Kolore edota Luna Llena taldeek parte hartuko dute. Azkenik, sormena eta arrisku artistikoa dira Antzerkide Erakustaldian parte hartuko duten taldeen obren osagai amankomuna. Urriaren 16tik azaroaren 9ra, Maskaradak, Antzerkiola Imaginarioak, eta Chusmak hartuko dute parte, beste batzuekin batera.
Pasaia moda erakusleku
Hil honen bukaeran hasiko dituzte Pasaian hiri horretan sortu zen Paco Rabanne jostunaren lanak bilduko dituen museoaren eraikuntza lanak. Eraikinak erakustokiaz gain, moda sorkuntza irakasteko adituek eskainitako tailerrak, azken joerak bilduko dituen denda eta egingo diren erakustaldietarako gunea jasoko ditu.
Irakurlearen partehartze aktiboa
Agoniara kondenatuta legoke literatura irakurlearen partehartze aktiborik gabe Bihotz Bakartien Klubaren iritziz. Hori bultzatzeko hain zuen Literatura Eskola antolatu dute. Urriaren 18an hasi eta ekainaren 12an amaituko da. Larrabetzun emango dituzte eskolak hilean larunbat goiz batez. Iñigo Aranbarri izango da irakasle eta zenbait gairi buruz hitz egiteko gonbidatuak etorriko dira. Besteak beste, Mikel Elorza literatura aldizkariei buruz mintzatuko da; Gabriel Aresti izango du mintzagai Koldo Izagirrek; eta Alberto Barandiaranek kazetaritzatik literaturara dagoen bidea arakatuko du.
Arkeologia Museoa eta Auditorioa
Atzerapen ugariren ostean, urtea amaitu baino lehen hasiko dira Gasteizen Arabako Arkeologia Museoaren lanak eta 2006rako amaitzea espero da. Ez dago hain garbi ordea, zer gertatuko den Musika eta Arte Eszenikoen Jauregiarekin, Auditorioarekin. Oinarrizko proiektua aste honetan aurkeztuko ei dute. Baina zehazteke dago Jaurlaritzak zenbateko diru-laguntza eskainiko dion Auditorioari. Hil honen amaieran aurkeztuko den Azpiegituren Planaren zain egon beharko da horretarako.
Diskoen salmentak behera mundu osoan
Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak eman ditu azken datuak. Industria honek diskoak eta musika bideoak hartzen ditu bere baitan eta ezagutarazi dituen datuen arabera, aurtengo lehenengo seihilekoan, %10,7 jaitsi dira diskoen salmentak. Mundu osoko datuak dira. Era berean, Federazioak dio iazko lehen sei hilabeteetan 12.200 milioi euro irabazi zituen bitartean, aurten 10.880 milioi irabazi dituela. Beraz, %10,9an jaitsi dira irabaziak ere. Zergatien bila abiatu da Industria Fonografikoa. Eta ikusirik merkatura produktu berri ugari atera direla, gero eta argiago omen dago pirateriak eta saretik musutruk jaitsitako musikak eragindako beherakada dela. Ez da berria. Konponbideak bilatzea da arazoa, ordea.
Stand bana.
Euskal Editoreen Elkartearen, Euskadiko Editoreen Gremioaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren lankidetzaren fruitu da euskal editoreek Madrilgo Liber Azokan joan den astean izan zuten stand-a eta Frankfurten egun hauetan dutena. Liburu azoka garrantzitsuenetan jarritako stand-ak baino ez dira. Baina egia da urtero euskal literaturak harrera ona izan duela bai stand-ean bai eginiko ekitaldietan. Eta horrez gain, bertan egoteak liburugintzaren tenperatura hartzeko balio duela. Esaterako, Liberren eman da ezagutzera Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eginiko «Espainiako liburu edizioaren Panoramika»ren aurrerapena. Horren arabera, iaz Frankfurten argitaletxeek liburu gutxiago kaleratuko zituztela esan arren, aurten liburuen argitarapenak gora egin du orokorrean. 2002an 69.893 liburu argitaratu ziren Espainian. 67.012, 2001ean. Kontrakoa gertatu da, EAEn. Izan ere, 2001ean 3.075 liburu argitaratu ziren eta 2.620 iaz. Beraz, %14, 8 gutxiago.
Hiru dimentsiotako eguna.
Gasteizko Silverspace Animation Studios enpresa 3Dren Nazioarteko Eguna antolatzen dabil. Abenduaren 3an izango da eta bertan 3Dko film laburren emanaldia eta hitzaldi eta mahai-inguruak egingo dira. Egun hauetan laburrak hautatzen ari dira, baina oraindik posible da lanak bidaltzea.