Zirikadak (Ipuin barregarridun liburua)
Juan San Martin
Itxaropena
151 orrialde
Juan San Martinen "Zirikadak"
Itxaropena argitaletxearen Kuliska Sortan ikusi zuen argia, 1960an, Juan San Martinek herritarren ahotik jasotako "Zirikadak" honek, Julian Zabaletak eginiko marrazkiez horniturik. Kontakizun gehientsuenak Soraluzen bildu omen zituen, baina asko eta asko Eibarren eta banaka batzuek Elgoibar eta Bergaran. Eta hain zuzen ere entzundako hizkeran
-Eibar ingurukoek erabiltzen duten euskaran- eman zituen ezagutzera Juan San Martinek kontakizun guztiak., euskaraz hain gutxi irakurtzen zen garai hartan inguru horietako euskaldunak euskaraz irakurtzen ohitzeko erarik hoberena zelakoan. Baina ez zuen hori arrazoi bakarra: "Seguru nago tankera onetara egiñik ipuiñak eurak pe beren gatza obeto eruango dabiela", esaten baitzuen.
Nosferatu 43
Batzuen artean
Donostia Kultura
118 orrialde
4,5 euro
Federiko Luppi aktore, zuzendari eta gizona ardatz
Donostiako Kultur Udal Patronatuak argitara ematen duen "Nosferatu" zine aldizkariak, bere 43. zenbakian, Federico Luppi argentinarra du ardatz nagusi. Jesus Angulo eta Mirito Torreiroren artean egindako elkarrizketa luze bezain sakonean, zinemaz eta aktore lanaz hitz egiteaz gainera, bere bizitza gogoratzen du Federico Luppik, ez baitauzka ahazteke ez bere hautzaroa, ez bere hastapen profesionalak, eta are gutxiago bizitzea egokitu zaion Argentinako historiaren zatia. Ezkertiarra da Federico Luppi, eta peronismoarekin zein Argentinako klase politikoarekin oso kritikoa da. Argi adierazten du bere herrialdeko oraingo egoera politikoari buruz pentsatze hutsak sorrarazten dion samintasuna.
Lau gartzelak
Nazim Hikmet
Hiria
104 orrialde
9,50 euro
Arestik euskaratutako poemak
Gabriel Arestik euskaratu zuen bere garaian Nazim Hikmet (1902-1963) olerkari turkiarraren "Lau gartzelak" poema bilduma, orain Hiria argitaletxeak berrargitaratu duena. Gaur egun Turkian ere literatura modernoaren aita bezala onartua eta maitatua da Nazin Hikmet, baina ez zuen bizitza erosorik izan. Hamabost urte kartzelan eta hamabi atzerrian egin behar izan zituen bere uste politikoengatik, eta Moskuko deserrian hil zen, 61 urte zituela, turkiar naziotasunik gabe, bere gobernuak kendu ziolako. Horrez gain, kartzelan zegoela, Turkiako Alderdi Komunistak arbuiatu egin zuen 1923an Alderdi Komunistako kide egin zena. Baina horiengatik guztiengatik ere, Nazin Hikmetek ez zion sekula bere konpromisoari uko egin.
Lagun mina
Aitor Arana
Euskaltzaindia,
BBK Fundazioa
60 orrialde
4 euro
2002ko "Antzerkia" saria
Aitor Aranaren "Lagun mina" antzezlanak irabazi zuen iazkoan Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten "Antzerkia" Toribio Altzaga saria. Homosexuala izan arren bere egiazko izatea normaltasunez bizitzeko gauza ez den gizon baten erabaki tristea azaltzen du aipatu antzelanak. Gizon horrek ez du inolaz ere nahi gizarteak jakiterik bere sexukoek erakartzen dutela. Iruditzen zaio, adibidez, etxean garbi agertuko balu homosexuala dela, bere ama hil egingo litzatekeela disgustuarekin. Beti aurkitzen du aitzakiaren bat ez aitortzeko bere sexukoak gustatzen zaizkiola. Eta arrazoi horrexek eramango du bizitzan aurkitu dituen bi lagun onenak azalpenik gabe baztertu eta, ahal den neurrian, betirako ahaztera.
Barraskiloa ote da?
Guido van Genechten
Ibaizabal
11 orrialde
2,90 euro
Ikusi Makusi bildumako irudi txundigarriak
Barraskiloa dirudi Ibaizabal argitaletxeak etxeko txikienei zuzentzen dien Ikusi Makusi bildumako liburuska honen azalean agertzen den irudikoak, baina, hala ote da? Ziur-ziur egoteko, ikusi-makusika jolastu beharra dago, eta kartoi mehea zabalduz joan. Ireki ahala, azaleko animalia horrexen itxura duen barraskilo pottolo bat ikusi ahal izango dugu, bai, baina kartoiaren beste atalak zabalduz goazen heinean, zeharo aldatuko da haren itxura eta oso bestelako lau animaliaren antza hasiko da hartzen. Beraz, "Barraskiloa ote da?" liburuarekin jolasten duten neska-mutikoek, pinpilinpauxak, saguak, sugeak, igelak eta barraskiloak nolakoak diren ikasiko dute.
Egan
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
371 orrialde / 18 euro
Etienne Salaberry idazle filosofoaren biografia eta lana
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko "Boletin"aren euskarazko gehigarria den "Egan"ek, bere azken zenbakian, besteak beste, Etienne Salaberry idazle filosofoaren berri zabala eskaintzen du, Iparraldeko gizon horren pentsamenduan, biografian eta lanetan arakatuz. Esate baterako, Jean Louis Davantek "Etienne Salaberry zenaz oroitzapen eta ohar batzuk" agertzen ditu. Pako Sudupek haren kazetaritza politikoa du hizpide. Eta Joxe Azurmendik Salaberryren pentsamendua.
1936
Aquella soledad
Iñaki Egaña
Txalaparta
334 orrialde
14 euro
Gerraren zurrunbilo ankerrean harrapatuak
Iñaki Egaña historialari eta idazleak plazaratu duen "1936. Aquella soledad" nobelan ikerketa lanak bazterrean uztera behartzen dizkion hainbat gai ukitu ditu, sentimenduen munduan murgilduz. Gerraren zurrunbilo krudelean harrapaturik dauden pertsonak dira bere idazlanean agertzen dituenak, milizianoak gehienak, baina baita beste aldera lerratutakoak ere: jende gazte xumea, etorkizunetik zerbait espero eta nola edo hala bizirik iraun nahi duena, gerrak berarekin dakarren ankerkeriatik ihes eginez. Etsaiak jadanik bere esku hartutako hiri bateko "zuloan" gorde den gizon ezkertiarra, hari lagunduz falangistek atxilotu eta fusilatzen duten emakumea, mendian babesa nola aurkitu asmatu ezinean dabilen beste gazte errepublikarra, inguru haietako baserri batean bere senar erreketea noiz itzuliko zain bizi den emakumea, Bizkaiko frontera daramaten milizianoak bere ardurapean dituenak nola hiltzen dituzten ikustean sentitzen duen etsia... Haien guztien barnean dagoena agerian uzteko orduan, elkarren artean gurutzatzen diren hiru istorio nagusi irudikatu ditu Iñaki Egañak bere bigarren nobela honetan.