argia.eus
INPRIMATU
Ardoen herrian
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a


Ardoen herria da gure hau. Zuri, gorri, beltz, txakolin eta, ahaztu gabe, sagarrarena. Bailara guztietan ardoa, bat ez bada bestea, egiten da. Oraintxe dira uztak bete-betean eta dolareak jo eta su. Dolareak eskuzkoak, karrakadunak, uheladunak, elektrikoak, hidraulikoak, pneumatikoak eta abar… denak tirriki-tarraka lanean, muztiogintzan. Muztio horren gozoa hartzitu edo irakinda biharko alkohola izango da.

Gaur egun, fruitua bildu, jo eta dolarean zanpatu eta muztioa upeleratzea ahal den azkarren egin behar dela esan ohi da. Higiene txatxuaren aitzakiak alperrik galduko gaitu... Oraindik ere bada, ordea, garai batean bezala lana egiten duenik. Ardoetan bodega ttiki jakinak eta sagardogintzan baserri gutxi batzuk. Beratze karboniko zaharraren sistema erabiltzen dute, duela sei bat mila urte Sirian eta Egipton behintzat erabiltzen zena eta ardoa egiteko era zaharrenetzat jotzen dena. Beratzearen era hau erraz ulertzeko modukoa da: fruitua (mahatsa osorik eta sagarra jota) ontzi edo zulo handi batean jartzen da eta bertan oxigenoa erruz hartzeko aukera duelarik lehenengo hartzidura burutzen da. Egungo muztiogintza azkarraren aldean era zahar honek aldaketa nabarmen bat du: ardotzeko bidezidorrean muztioak bizitzen dituen bi hartziduretatik bat fruitu osoa bertan dela egiten du, beraz muztioaren zati bat fruituaren barruan bertan hartzitzen da eta honek geroko ardoari aho-sabaian beste zeru bat eskainiko dio. Dolare hidrauliko, pneumatiko eta abarrak betoz gero, hartzidura hau osatu eta gero. Honela egindako ardoa beti izango da apartekoa, ur gaineko bitsetan dabiltzan beste gehiengo horien aldean aparta.