argia.eus
INPRIMATU
Aise
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Aiseegi dabiltza beren gurutzadan. Orain Xarlo, garai bateko "Zimiko berri" irratsaioaren sortzaileetako bati, Etxezaharretako bati erori zaio basapizti errabiatu hauen zapalgailua bere gainera. Eta azpian harrapatu. Soto del Realeko dolarera eraman dute. 80ko hamarkadaren hondarrean izango zen, Hernaniko futbol taldeak, adin ezberdinetakoak, urtero Hazparnera joaten ginenekoa. Bertakoekin futbolean egin eta ondoren elkarrekin askari legean jolasten ginenekoa. Xarlo izaten genuen antolatzaile, batzuen "Frantziara goaz" eta besteen "Espainiatik datoz"en apurtzaile jakitun. Inoiz, Gipuzkoako selekzioek ere ezagutu izan zuten Xarloren fundamentua, gero argazkietan bertako zuzendaritzakoei lekua uzten zien txapeldun harena, Hazparneko klubak duen ostatuan zerbitzari lanak egiteko lotsarik ez zuen hura. Egin eta ezkuta. Hernaniko futbolari haietako bat kondenatu dute oraintxe bizi osorako. Imanol Miner. Ez dira hartaz ohartuko dolare bereko sagarrak bailiran bezain zehatuak dauzkaten Xarlo eta Imanol. Beren arteko berrogei bat urteko aldeak ez die erraztuko gomuta noski. Egun, Euskal Herria formalki eraikitzen ari omen garen honetan, jada ez da Hazparnen hernaniarrik ezagutzen futbolean. Eta Xarlo bezalakoak preso.