Hendaiako hondartzan, dutxa gehiagorik ez. Donibane Lohizunekoan, pulunpa-toki habororik ez. Eta Angelukoetan, igerikarien zainketa amaiturik.
Barnealdeko errepideen bazterretan, autobus aterpeetan, goizean goiz jaikirik ikasleak eskolako garraioen zain. Kostaldeko hainbat ikastetxe ataritan biltzen diren ikasle multzoetarik dario «Petit chéri» ala «Nenuco» lurrin goxoa. Hegoaldeko txikien itzuleraren seinalea.
Mendian iratze okreak (olerkian ez bezala, ez hain geldiak egia erran). Baigorri aldean, ohi baino bi aste lehenago, mahats biltze oparoa. Etxaldetako inguruan artaldeak, mendietatik jautsirik. Uztaritzetik Baionarako bidean, auto ilarak berriro Maignongo bidegurutzean. Gidarien pazientzia eza. Pizturik dauden auto-irratien entzule arinak.
Kantxetan, asteazkenetan, haurrak pilotaka. Asteburuetan, Aguilerako errugbi zelaian BOko (Biarritz Olympique) lagunak berriz ere sutan, Baionako txuri-urdinekoak bezala. Baigorri eta Donibane Garazi aldean, sortu berri den US Nafarroa entrenamendu serioetan. Atzoko anaia-etsaiek bat eginda.
Bai, dudarik gabe, sartzea eginda dago. Eskola, lana, kirola, literatura sartzeak bizi ditugu uda ondar eta larrazken hastapen guztietan bezala. Iparraldean beste sartze motarik izan ote da? Sartze politikorik bada? Dudatan nago. Hasteko, sartze politikoa izateko, kurtso politikoaren amaiera bizi izan behar genuen. Uda gorria hasi baino lehen ez dut halako ziklo nabarmenik sentitu. Ez eta ere, beraz, udazken honetan.
Statu quo delakoaren esparruan bizi gara. Debaterik ez, deus ez aldatzeko. Kontsensu malgu batek manatzen du. Nehori ez zaio penarik egin behar. Orduan zergatik aipa haserretzen duten dossierrak? Eta erran gabe doa, Batera plataformak proposatzen dituenak: euskara, departamendua, unibertsitatea eta laborantza ganbera.
Hemen, dakitenek aditzera ematen digutenez, ez da instituzio propiorik behar. Gaurko egoeran ez baita ezinbestekoa, ezen Europa, Estatua, Akitania eta Pirinio Atlantikoetako departamenduaren artean lortu finantzamendu gurutzatuei esker proiektuak aurreratzen baitira. Entitate bakar batek ez omen lezake halakorik erdiets. Ados. Baina erresultatze praktikoa zer da? Euskararen alorrean esaterako, hitzarmen bat izenpetu berri da, Iparraldean mementoko behintzat, existitzen ez den hizkuntza politikari buruz. Plangintza horren kudeatzeko Iparraldeko ordezkaritza anitza da: Erregio Kontseilu, Kontseilu Nagusia, Hautetsien Kontseilua, euskara eta euskal kulturaren aldeko hiriarteko sindikatu eta estatuko ordezkariak ditugu. Beste aldetik, Eusko Jaurlaritza, bera bakarrik, eta, gainera, egitasmoa bidean izanen delarik, hemengo hizkuntza politikaren funtzionamenduaren erdia bere gain hartuko duena!
Hemen, politika eta hautuen ardura galtzen da hainbat erabakiguneren artean. Horrekin, noski, ez dut erraten klase politikoa lanean ez dagoenik eta gauzak egiten ez direnik. Udal mailan, departamendu mailan, erregio mailan egiten dira. Baina ikuspuntu orokorraren falta da, eta maiz, partaide diren estruktura guztiak adosteko anitz energia behar da. Are gehiago, mahai gainean finantzamenduak ezarri orduko. Nik ez dakit departamendua beharrezkoa den ala ez. Galderak dauzkat, dudak, asmoak eta ametsak. Baina dakidana da eztabaidarik ez dela. Ez eta herri kontsultarik ere. Eta erreformak aurkezten dituztenak, ergeltzat, antzinakotzat ala separatistatzat, besterik gabe, usu aurkeztuak direla, nahiz herritar andana (gehiengoa ez bada ere) ordezkatzen duten. Joan den udaberrirako iragarri zen Frantziako barne ministroaren bisita itxaroten dugu oraindik ere. Proiektu berriak aurkeztu behar ziren. Iparralderako erreformaren hastapen gisako zerbait. Baina mementoko ezer ez! Aurreko kurtsoa ez zen arrunt bukatu, beraz. Baina okerrena liteke ez zela ezta hasi ere. Orduan kurtso berria, pentsa!