argia.eus
INPRIMATU
Lizardiren pagotxa
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Hemen da, inoiz baino goizago, mahatsaren uzta. Negu hotza, udaberri blaia eta uda saparen ondoren udazken atariko uzta sekulakoa dator, agi denean. Aurten oporretan mahatsa biltzeko asmoa dudan eran datorren urte osoan pagotxa bildu nahi dut. Pagotxak bil nazala nahi dut. Akuran hartu diot Lizardiri Bacozaleak eta pagotxa inork ez bezala lotu dituen uztarria "Sagar-lore, loreil-bete" olerkiko zortzigarren bertsoa: "Bego tximirriten egaketa; / beude marrubi-loreak, eta / irusta-sailla ere bego: /dantzari-talde, Baco'tiarrak, / naaspil zoroan zuti-baldarrak, / esku goituan ontzia ardo." Ikuskizun hauxe bizi nahi dut neuk ere datorren udaberrian, lorez erditzen den sagastipean hirusta-pagotxa ere lore, ardotsu.
Pagotxa, Trifolium incarnatum izenak dioen eran hirusten generoko gorriena da. Alpapa eta beste hirusta batzuk ez bezala, urteko landarea. Metro beteraino hazi daiteke eta garaiera horretan haizerik meheenak ere aise dantzaraziko du (dantza-talde/ naaspil zoroan zuti-baldarrak). Erabat heldu eta garatu denean lore multzo gorri bizi luzexkak ematen ditu (Baco'tiarrak / esku goituan ontzia ardo). Haziendarentzako jatenik onenetakoa izan da pagotxa, hortik usu erabilia den "hau da hau pagotxa!" esamoldea. Hori ahuntzaren gauerdiko eztula ez baino kazetariaren berria balitz, landareentzako elikagai garrantzitsuenetarikoa den nitrogenoz aberasten du pagotxak lurra. Horra Lizardiren garaikoek ezagutu zuten pagotxa sailen paisaiaren benetako pagotxa. Nik ez dut hemen pagotxa sailik ezagutu eta itsu nabil bertako barietateren baten haziaren bila. Ba al duzu zeuk? Edo, daukanik ezagutzen al duzu?