argia.eus
INPRIMATU
Kontuz koltxoi gogorregiekin
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Koltxoi oso zurrunak eta gogortasun maila handikoak erabiltzea ez da batere egokia bizkarreko minak jota dauden pertsona ia gehienen kasuan. Horixe da, beste hainbaten artean, koltxoiaren gogortasun mailak bizkarreko minean eduki dezakeen eragina neurtzeko mundu mailan egindako lehenengo azterketaren ondorio nagusia. Ikerketa horretan traumatologoek, neurokirurgialariek, errehabilitatzaileek eta metodologoek hartu dute parte, Kovacs Fundazioak finantzatu duen hilabete askotako lan batean, eta argi geratu da koltxoiak gogorra izan behar duela dioen ustea edo ideia oker dagoela.
313 pertsona ikertu ziren lan horretan, eta emaitzek erakutsi duten bezala, aski izan zen koltxoi gogorraren ordez gogortasun maila ertaineko beste bat erabiltzea, pazienteen %40k beren bizkarreko minean hobekuntza nabarmena izateko, kasu askotan medikuak errezetatutako botikak uzteraino. Adituen ustez, garai batean medikuek ohizko koltxoiaren azpian egurrezko ohol bat jartzea gomendatzen zutenez, koltxoien gogortasuna exageratu egin da, azken aldi honetan batez ere. Eta exagerazio hori bultzatzeko, hainbat mezu publizitario ere kritikatu ditu Ramon y Cajal ospitaleko Abraira irakasleak. Konklusio gisa, koltxoi oso gogor eta sendoa baino, sendotasun maila ertaineko koltxoi batek dezente hobetzen du mina eta ezintasun maila lunbalgia edo bizkarreko min definitu gabeak dituzten paziente gehientsuenetan.