argia.eus
INPRIMATU
Basagoiti
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 27a
PPkoak irakurri ez dudan karta publikatu omen du "El País" egunkarian. Martin Ugalderi berrikitan emandako saria dela eta, Lankide Aurrezkiari boikota egitea eskatu omen du, bera omen delako sariaren emailea. Martin Ugalde sarihartzailea berriz, pepek bortxaz erauzarazi "Euskaldunon Egunkaria"ko sortzailetako bat. Saritua izateko aski merezimendu luke hortaz. Baina hain izen polita duen zinegotzi demokratarentzat, Martin delinkuentea da, preso eta beraz jendarte demokratikotik at behar lukeena. Eta paradoxikoa da afera: orain hogeita hamar bat urte badira Martin ezagutzen dudana, beti demokrazia gose eta Euskal Herria gogo. "Egunkaria" lekuko. Guk miretsi eta basagoitiarrak gorrotatu. Eta guztiek behar omen dugu elkarrekin bizi. Eta bake santuan gainera. Zaila, oso gaitza. Hitza indar gaitzeko arma omen da. Ez dut nik ukatuko, nahiz eta eskarmentu propioz jakin, belarriak sakelak legez erabiltzen direlarik ezin dela pieza bera elkarrekin eman, ez baitago belarri normalarentzat tortura bortitzagorik musika egituratuaren gaineko orroka aritzen direnen zarata baino. Eta orroka usaiatua kantuz ezartzea, nik ezagutzen ez dudan lorpena da. Gure adinean dagoeneko sinestezina.