argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2021eko uztailaren 19a

Hasier Etxeberriak «Gara»n: «Patri maite-maitea, besteren batek ere irakurtzen ditu gure arteko gutun hauek eta ez zaizkio batere gustatzen, antza. Borrokalarien aurkako iritzia sortzen omen dut gutun hauen bidez. Kritikatu ez ezik, iraindu egiten omen dut ezker abertzalea, eta ‘esku beltzaren’ begiradapean jartzen. Label demokratikoa lortu nahi omen dut horrela idatziz, egitura autonomikoan aurrera egiteko. Euren iritzian, ez omen dizut torturaz eta abarrez aski hitz egiten. Hizkera poliziala erabiltzen omen dut, poliziaren iturriak ontzat emanez. Trufatu egiten omen naiz, zure antzera, ihesian eta ezkutuan bizi diren hainbat eta hainbat militantez...

'Zutabe'n idatzi dituztenak paperaren gainean era horretan jartzeko, oso gaizki idazten dudala ondorioztatu dut. Leporatzen dizkidaten gauzetatik, bat bera ere ez baitut asmo edo xede izan sekula. Kontua da, kaltea eginda dagoela eta, nahita ere, ezin dela orain konpondu. (...)

Galduta nago. Orekarik batere gabeko dilindan. Hurrengo pausoa nola egoki bihurtu erabaki ezinik. Egia esanda, diotsudan hau guztia idazteak ere ez dakit ekarriko ote digun mesederik. Halaxe bizi gara gaur eta hemen Patri maitea».

Datorren larunbatean Baionan egingo den manifestazioarekin emango dio amaiera Batasunak autodeterminazioari buruz bultzatu duen kanpaina. Eskubide honen azalpenarekin Batasunak argi utzi nahi izan du eskubide hau zer den eta zer ez den, oso modu interesatuan bideratu nahi baita eskubide hau proiektu politikoa dela eta ez eskubide.. Bere ustez, eskubide honek bermatzen du proiektu guztiak berdintasunean aritu ahal izatea. Bilkurak izaera nazionala du eta Laugatik aterako da arratsaldeko 5etan.