argia.eus
INPRIMATU
Zinemaraino
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Ekarri dute espainol eskuindar haize totalitarioek beren likitsa, munduaren aitzinean sortzaile baten lana garbigailu estrategikoaren makina erraldoiaren detergentetzat aurkeztuz. Hemen gu, zintzoak, hor terrorismoa. Hemen gu, aingeruak, hor demonioak. Julio Medem zinegilearen dokumentala aitzaki, Euskal Herriaren aurkako eraso orokorrak esparru berri bat itxuratu nahi du, kanpoko zinema industriak gure berri, haren bertsioa ez bada, izan ez dezan. Egilea, Madrilen bizi eta bertan jaso, jasandako Euskal Herriari buruzko desitxuraketak behartu omen zuen delako dokumentala egitera. Topikoak lege eta sortzailearen askatasuna etsai, beste hainbaten kultur jardunak bezalaxe, PP eta izen ugarienpeko morroiek errekaratu nahi diote emaitza artistari, Julio bera eta bere "Euskal pilota, larrua harriaren kontra" txapapotearen itsasoan harkaitzperatu arte. Ez dute aukerarik alperrik galtzen Estatuaren beroaren lerdean ugaltzen ari diren bakteria hauek, doinu bakar monokordean ari eta musikariak bailiren orkestra osatzeko adina subentziorik badutenak. Belarriak etengabe findu beharrean gaude, doinu horrek errepikatzearen poderioz harrapa ez gaitzan. n