Gezurra esango nuke elkarrizketa nahi gabe aditu nuela esan izan banu. Egia esan, ez nuen espero atarian aurkitzea bera, telefonoz hizketan. Ausardia faltagatik eskaileratan geratu nintzen, ezkutuan, elkarrizketa osorik adituz: "Uzten baldin banauzu egizu uda baino lehen", esan zuen malko artean. "Udan errazagoa izango da zu ordezkatuko zaituen mutil bat aurkitzea" gaineratu zuen, gorroto handiz.
Hala da. Udan errazagoa da jende berria ezagutzea, herrietako festetan. Dagoeneko ageri dira lehen ondorio iraunkorrak. Telefonoz hizketan aurkitu nuen neskak ere ordezko mutila egin zuen sanferminetan, eta Bilbo-Iruñea-Bilbo bidea egitez nazkatzen hasia da: herrialdez gaindiko harreman ez oso praktikoak.
Uda garai aproposa da harreman berriak egiteko, eta aproposak dira ere teknologia berriak. Badirudi ohiko chat-ez gain, "maitasunaren atariak" zabaltzen ari direla. Ezkontza agentzien bertsio birtuala. Bertan zeure ezaugarriak eta nahiak sartu, eta hitzordua antolatzen dizute ezezagun batekin. Modakoa eta cool-a omen da tankera honetako hitzorduak izatea.
Aukeran, nahiago herrietako festak, bere ondorio guzti-guztiekin. Pena da bukatu direla.