Gerra berriak ere militar drogatuak behar ditu


2021eko uztailaren 19an
Drogak ematen dizkie Estatu Batuetako armadak bere pilotuei, eta hauek drogatuta burutzen dituzte munduan zehar sartuta dauden gerretako operazioak. Horra ACFTV ekoiztetxeak duela gutxi plazaratu duen eta OneWorld.net komunikabide aurrerazaleak Interneten ikusgai ipini duen erreportaiaren mamia.

Militar amerikarrek anfetaminak eta bestelako drogak erabiltzeari buruz komunikabideek behin baino gehiagotan hitz egin izan dute, baina gerra «istripu» zehatz baten inguruan hartu du gaiak indar berria. Kanadan hain zuzen. 2002ko apirilaren 18an, Afganistango Kandahar hiri inguruan, Estatu Batuetako F-16 hegazkin batek laserrez gidatutako 225 kiloko bonba bota eta Kanadak harantz bidalitako lau soldadu hil zituen.

Edozein gerratan gertatzen da okerrekoari tiro egin eta laguna hiltzea -«friendly fire» deitzen dute ingelesez- baina Harry Schmidt eta William Unbach pilotuek egindako petto honen eraginak hautsak harrotu zituen Kanadan. Ziurrenik, hautsak harrotu ziren gaueko entrenamendu saioetan ari ziren lau soldadu kanadar hil eta beste zortzi zauritu izanaren errudunak Estatu Batuetakoak direlako. Estatu batuarrek uste izan zuten tiroka ari zitzaizkien taliban talderen batekoak zirela kanadarrak, eta misil hilgarria jaurti zieten orduan.

Bizirik atera ziren soldaduen salaketengatik, major gradua duten bi pilotuei prozesua ireki zien armadak, eta beren buruak defenditu beharrak eraman ditu pilotuok ezkutuko zenbait egia azalera ateratzera. Hasteko, Kandaharreko huts hori gertatu aurreko asteetan, bi pilotuek astean zazpi egunez egunero 10 ordu eman zuten hegan, eta istripua gertatu zen gauean bertan sei ordu zeramaten airean. Nola gainditzen zuten nekea? Pilotuak anfetaminen eraginpean ari ziren lanean. Zehazki, abokatuek argudiatu dute bi gizonok dextroanfetamina (dexedrina, karrikan «speed»a izenez ezaguna dena) hartzera behartu zituztela.

«Espitatuta»

Familiako norbait azken gerra handietako batean izan dugunok badakigu soldaduei -adorea emateko baino gehiago beldurra leuntzeko- beti eman izan zaiela drogaren bat. 1936-39ko gerran koñaka ematen zieten etsaiaren trintxeren kontra lehertzera joan behar zuten soldaduei, «quitapenas» eta antzeko izen bitxi askorekin ezaguna zen alkohola.

Baina gizartean bezala armadetan ere droga berriak aspaldi sartu ziren. Anfetamina, adibidez, Bigarren Mundu Gerran erabili zela dokumentatuta dago, amerikar, britainiar, aleman eta japoniar tropek erabili baitzuten. Ordurako, 30eko hamarkadan, eliteko atletek anfetaminaren eraginak ondo frogatuak zituzten.

50eko hamarkadan metanfetamina (metedrina) bezala dextroanfetamina (dexedrina) legez ekoiztu eta publikoaren eskura zegoen. Bere eragin «mirarizkoen» jakinaren gainean zeuden gutxiengoek erabiltzen zituzten, batzuek ikasketetan azterketak gainditzeko, beste hainbatek argaltzeko.

60ko hamarkadan etorriko zen horiek legez kanpo uztea. 1960ko Olinpiadan Kurt Jensen txirrindularia hil zen anfetamina gaindosiz, eta urte batzuk beranduago, 1967an, Tom Simpson garbitu zen motibo beragatik Franziako Tourrean. Hala ere, legez kanpo utzi izanak ez zuen droga berri horien erabilera gehiegi eragotzi, eta laborategi klandestinoetan ekoiztutakoa kontsumituko zuen hainbat herritarrek aurrerantzean. Hala ezagutu dugu hemen ere aspalditik.

Ezaguna da droga horien erabilerak luzera ondorio larriak izan ditzakeela pertsonengan. Gosea galtzetik hasi eta depresioa, aluzinazioak, buru nahasketak eta paranoiaraino. Baina gauza bat da herritar soil batek arrisku horiekin jolas egitea, eta beste bat arma hain arriskutsu eta hilgarriak egunero eskuartean dituzten militarrak errealitatea ondo neurtzeko ahalmena galduta aritzea.

Militarren artean anfetaminaren familiako drogen erabilera -eta baita koka eta beste hainbat drogarena ere- oso zabala da. Hori da Kandahar ondoko istripu militarraren ikerketa azaleratzen ari dena.

Basakeriak

50 minutu irauten du Jamie Doranek gidatu duen filmak eta bertan mintzo da Panama, Bosnia, Kosovo, Afganistan eta Irakeko gerretan parte hartu duen zenbait pilotu.

Horien esanetatik garbi ateratzen den lehenengo ondorioa zera da: koalifikaziorik handieneko pilotuen artean -«top gun pilots»- arras hedatuta dagoela drogen erabilpena, eta hori beren nagusiek bultzatzen dutela gainera, arriskurik gabeko pilula laguntzaile garbiak direla esanez. Gerrako une gogorretan pilotuak horiek hartzera behartzen dituzte.

Erreportaiak bildu dituen militarrak ez dira disidenteak, amerikar patriota klasikoak dira. Baina, azkenean, sentitu dute zenbait egia esateko beharra: ikusten dutelako lehen beraiek bezala, orain ere beste pilotu eta militar gazteagoak AEBak defenditzera joan eta Pentagonoko jeneralek laborategiko untxi gisa erabiltzen dituztela.

Lekukotasunak gordinak dira. Golkoko Gerrako (1991) heroi den Steve Tate pilotuak hala deklaratu du: «Errukigabe bihurtzen zaituzte, erabat errukigabea. Nik gerra horretan hil nuen zenbait jende normalean hilko ez nuena, baina orduan mehatxu bezala ikusi nituen». Armadako erizain batek, Joyce Rileyk, honela esan du: «Txarrena da askotan beraiek ere ez dakitela ikusitakoa egia zen ala ez, hori da ikaragarriena».

Zergatik? Edozein herritar espetxera eramaten duten drogak hartzea agintzen dietelako beren gizonei militar buruek. Militarrek beti beren legeak.
«Top Gun» film famatuan, honela zioen Tom Cruisek: «I feel a need, a need for speed", (Beharra sentitzen dut, abiadura -speed- beharra). «Speed» horren ondorioez asko ikasi dute Irakeko jendeek.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Behe Banda
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Eguneraketa berriak daude