Urtzi Urrutikoetxeak zera zioen «Berria»n: «Literatur zale gutxi dira saltoki handietara beren beregi liburuaren bila doazenak, baina behin han egonda...».
Aitzol Aramaio zinegilearen hitzak dira hauek «Habe» aldizkarian jasoak: «Berton egiten dena, oro har, kalitate handikoa da. Eusko Jaurlaritzaren ‘Kimuak’ egitasmoak asko lagundu du honetan. Hala ere, nire ustez, film luzeak egin beharko lirateke. (...) Eta ‘euskal zinemaren’ etiketa hori ez zait asko gustatzen. Komuneko zerbait izan beharko genuke, estilo antzekoa (...). Film laburrei begiratuta, ikusten dut kontatzeko oso modu ezberdinak ditugula batzuek eta besteok».
Juan Garziak «Zeberri» aldizkarian: «Literatur lan bat itzultzean hizkuntza beti zabaltzen da pixka bat. Obra on guztiek dute aurrez esan gabe zegoen zerbait».
Xabier Erkiziak honakoa idatzi zuen «Berria»n: «Globalizazio musikala ere badagoela erran dezakegu (...). Orain dela urte batzuk herrialde bakoitzaren kultura promozionatzea zen helburua, egun ia esterilizazio kultural batera hurbiltzen ari gara (...)».