Dozena bat reggae


2021eko uztailaren 19an
Urteak pasa ahala musika mundua gero eta estilo gehiagotan banatzen ari da. Azkenaldian fusioak musika mota gehiago sortzeko parada eman du. Eta hortaz, entzuleak askoz ere aukera zabalagoa du. Euskal Herrian musika estilo bat izan da nagusi hainbat urtetan. Azken urteotan, ordea, mundu zabalean bezala estiloak ugaritu egin dira: heavy-a, rock-a, hip-hop-a, technoa... Bob Marley eta The Wailers taldeak Europan hain ezagun egin zuen reggae-ak ere bere tokia topatu du gure artean. Asko ez badira ere, badaude Jamaikako doinu horiek jorratzen dituzten taldeak. 12 Tribu banda azpeitiarrak ia zortzi urte daramatza rastafari doinu dantzagarriak Euskal Herrian barrena hedatzen.

Popetik reggaera

Aurrekariak topatzen hasiz gero Uztauek izan zen 12 Triburen hazia erein zuen banda. Izan ere, talde hartatik zetozen Jorge, Txato eta Galo izan ziren proiektu berriaren bultzatzaileak. Borja, Mark, Jaques eta Peio izan ziren beraiekin batera lehen formazio sendoa osatu zutenak. Bi gitarra, baxua, bateria, saxoa, teklatua eta tronboiaz osatutako bandak Tau Ceti izenpean egin zuen lehen grabaketa. Lau abesti haiek, ordea, ez ziren bakarrik argitaratu. Bilduma hartan beste hiru talde azpeitiar izan zituzten lagun. "Atxuiya Sound" izenarekin kaleratu zen lana. Orain bezala, grabaketa hartan ere ingelesez mintzatu ziren, izan ere, Mark abeslaria australiarra da. "Egia da ukitu internazionala ematen diola taldeari. Baina egia esan, beharrizanagatik egiten dugu ingelesez. Mark eta Txato bateria-joleak dira abesten jartzen diren bakarrak. Bestalde, bateria jo eta abestea ez da batere erosoa. Hortaz, Mark da abeslari nagusia. Gustatuko litzaiguke abesti guztiak euskaraz abestea, baina... ", diosku saxofoi-joleak. Lehen grabaketa hartan oraindik pop doinuak jorratzen zituzten, baina jadanik hasiak ziren reggae munduan murgiltzen. Estraineko diskoa 1998. urte inguruan kaleratu zuten. Grabazio berriarekin batera banda azpeitiarrak izena ere aldatu zuen. Horrela, Israelgo hamabi tribuak gogoratuz 12 Tribu izenez bataiatu ziren. Formazioan hainbat aldaketa izan eta gero, beste hiru partaide sartu ziren taldean, banda azpeitiarra tronpetaz, DJ batez eta perkusioaz indartuz. Eizagirreren esanetan baliabide oso gutxirekin burutu zuten grabaketa: "Zortzi pistako mahai analogiko batean grabatu genuen, ahal zena egin genuen". Produkzio guztiaz taldea arduratu zen eta banaketarako Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntza izan zuten. Argitaletxeak "Hotsak" zigiluarekin kaleratu zuen "Who's your leader" izeneko estraineko lan hura. Makina bat kontzertu eskaini zituzten lan harekin. "Armintzako Txapel Reggae Jaialdian izan ginen, Nafarroan ere hainbat emanaldi egin genituen, gaztetxe askotatik pasa ginen. Eskarmentu handia hartu genuen garai hartan", onartzen du saxofoi joleak. Kontzertuak eskaintzeari utzi gabe bigarren disko bat grabatzeko abestiak konposatzeari ekin zion banda azpeitiarrak. Horrela, joan zen neguan "In it together" grabatu zuten. Gaur egun zazpi partaidek osatzen dute 12 Tribu: Mark (ahots nagusia, gitarra solista eta erritmikoa), Ladis "Ras la" (baxua eta koroak), Imanol (teklatua), Txato (bateria eta koroak), Dono (tronpeta), Pello (tronboia) eta Borja "Txarly" (saxoa, flauta eta koroak).

Jamaika, rastafaria, filosofia eta bizimodua

Gaur egungo beste hainbat estilok bezalaxe reggaeak ere Ameriketara Afrikatik eramandako esklaboen musika tradizionalean ditu sustraiak. Horrela, bluesa Mississippi inguruan sortu zen moduan, reggaea Jamaikatik dator. Mento izenekoa, Jamaikako musika tradizionala da Eizagirreren esanetan reggaearen jatorria. "Mentoa rythm&blues eta soularekin nahastean ska musika sortu zen Jamaikan. Skatalites eta Laurel Aitken dira, besteak beste, estilo hori gure artean ezagun egin dutenak. Bob Marley bera hasieran ilea soilduta ibiltzen zen eta ska estiloa jorratzen zuen The Wailing Wailers taldearekin. Ska-ren erritmoak pixka bat aldatuz eta makalduz rocksteady eta reggae estiloak sortu ziren gero", azaltzen du Borja Eizagirrek. Banda azpeitiarreko saxofoi- joleak, gainera, Euskal Herrira etortzen den bakoitzean Lauren Aitkenek lagun duen bandan parte hartzen du, Basque Ska All Stars izenekoan, alegia.

Reggaea rastafari mugimenduarekin oso loturik izan da beti. 12 Tribuko saxofoi-joleak dioskunez, sinestunak, rastafariak, elizetan biltzen ziren abestu, danborra jo eta Jah jainkoa gurtzeko. Marihuana erretzearen filosofia ere bide horrekin bat zetorren. Taldeko partaide guztien kasua ez bada ere, Eizagirreren esanetan badira zenbait kide rastafari mugimenduarekin oso identifikaturik sentitzen direnak. "Beste era batera bizi izango bagina, agian, denok txurroekin joango ginateke kaletik, baina... ni alde horretatik agnostikoa naiz", onartzen digu saxofoi-joleak. Azpeitiarraren esanetan, zerbait barruraino sentitzeko ez da zertan janzkera zehatz batekin joan behar kaletik.

Reggaezale sutsuak ez direnen artean Bob Marley da, dudarik gabe, Jamaikako musika estilo honen erreferentziarik garrantzitsuena. Bestalde, musikari eta pertsona handia izan zela uste badute ere, Marley ez da, ezta gutxiagorik ere, azpeitiarren eragin bakarra. "Taldean entzuten dugu Bob Marley, baina beste hainbat banda mitiko daude, Burning Spear, kasurako. Disko berrian gainera talde horren kanta bat sartu dugu. Hor daude Al Jaman, Gregory Isaac... zortzi mila klasiko esan ditzaket", dio Eizagirrek.

«In it together»
"In it together" autoproduzitutako lan bat da. Diskoa Azpeitiko Urrestilla auzoan grabatu dute Tiobibo Produkzioak-en eskutik. Nahasketetaz, ordea, Santanderko Loud&Lone bikotea arduratu da. Borja Eizagirreren esanetan estatuko eta Europa osoko reggae ekoizlerik "garrantzitsuenetakoak" dira Loud&Lone. "Borja eta Robertok (Loud&Lone) taldeko teklistarekin, Imanolekin ikasi dutenez, gure diskoa produzitzeko ideia aipatu genien. Orain hori behar zutela esan eta materiala pasatzeko eskatu ziguten", azaltzen du azpeitiarrak. Santanderkoek A-Lone Productions zigiluarekin egiten dituzte ekoizpen lanak. Eta musikari gisa Iñaki Yarrituren Basque Dub Fundation taldearekin ere lan egin izan dute. Diskoa ekoizteaz gain, Loud&Lone taldearen zortzi abesti dub bertsioan egiteaz ere arduratu da. Hortaz, diskoa hemeretzi abestiz osatzen da: 12 Tribuk konposatutako hamabi kanta eta horien artean aukeratutako zortzi abestiren dub moldaketak. Grabatutako kanta bat oinarrian izanik grabazio eta produkzio mahaia erabiliz abestiaren bertsio berri bat egitean datza dub moldaketa. "Batzuetan beste grabazio pista bat ere gehitu diezaiokezu, flauta bat melodia bat eginez... Baina funtsean dub moldaketa bolumenekin eta efektuekin jokatuz egiten da. Aurretik existitzen den kanta baten birnahaste moduko bat da", azaltzen digu Eizagirrek. Reggae-a ez ezik, ska estiloa ere jorratzen du 12 tribu taldeak: "Aurreneko lanean ska nahiko azkarra landu genuen. Oraingo honetan, berriz, ska klasikoagoa egin dugu, Skatalites bezalako taldeen eragin zuzenagoa duen ska klasikoa".


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude