Mickey mouse sagu ezagunaren alboan ipinita argazkia atera ohi dute Disneylandera joaten direnek. Lituaniako Grutas Parkera doazenek antzeko zerbait egiten dute, baina Stalinen lepora salto eginda. «Stalinworld» izenez ezagunagoa den parke tematiko honek 200 hektarea ditu eta Stalinen garaiko kontzentrazio esparru sobietar bat irudikatzen du. Vilnius hiritik 130 kilometrora dago eta bide hori tren bagoietan pilatuta egin dezakete bisitariek, KGBko agenteez inguratuta, deportatuak bailiran. Parkearen sortzaile Viliumas Malinauskas-en esanetan, «Disneylanden xarma eta sobietar esparruen izua batzen dira Grutas Park-en». Dena 1,5 euroren truke.
Praga zeharo aldatu du pribatizazioak: Leninen museoa zegoen eraikinean estatubatuarrentzako informazio zerbitzua dago orain; Bartolomejska kalean, garai bateko sobietar polizia politikoaren egoitzan, benetako ziegak alokatzen dituzte gaua pasatzeko. 2001eko Gabonetan, Savarin jauregian, kasino baten eta McDonalds baten eraikin berean, komunismoaren inguruko museoa zabaldu zuen Glenn Spicker estatubatuarrak, hiri berean jatetxe kate baten jabe den negozio gizonak. Spickerrek komunismoarekin zerikusia duten 1.000 objektu inguru bildu ditu bertan, Jan Kaplan historiagilearen laguntzaz, eta arduradunen esanetan helburu didaktikoa du.
Ez dakigu zein zen jatorriz Budapesteko Izuaren Etxearen helburua, 2001eko udan bere ateak zabaldu zituenean. Polemika bilatzen bazuen, aurkitu zuen behintzat. Printzipioz nazismoaren eta komunismoaren biktimei eskainitako museoak, praktikan 4 gela eskaintzen dizkio nazismoari eta 20 komunismoari. Armada Gorriak 1956an erabilitako T-54 baten kainoiaren mehatxupean hasten da bisita. Jarraian datozen gelek 600.000 hungariarren deportazioa ekarri nahi dute gogora. Ondoren, tortura gelak datoz, errealismoa bilatu nahian itukin eta guzti eraikiak. Baina azken galeriak sortu du gehienbat eskandalua, bertan, Stalinen erregimenaren zerbitzura aritu ziren hungariarren argazkiak bildu baitira bertan. Horietako batzuk bizirik daude oraindik. Polemikaren usainak erakarrita Izuaren Etxeak arrakasta handia izan zuen hasieran, baina sarrera txartelaren prezioaren eraginez ziurrenik (13 euro) bisitari kopuruak berehala nabarmen egin zuen behera. Hungariarrentzat garestiegia da Izuaren Etxean sartzea eta, beraz, turistak dira bertara hurbiltzen diren gehienak. Hala ere Maria Schmidt zuzendariaren esanetan etxe honen helburua «ahanzturaren aurka borroka egitea eta herri honetako gazteei diktadura komunista zer izan zen erakustea da».
Rigan (Letonia) KGBren benetako egoitzak zabaldu dizkiote publikoari eta Rumanian gauza bera egin dute Sighet-eko espetxearekin. Krakoviako multimedia museora sartzen denak, berriz, sarrerak arrazionamendu txartel baten itxura duela ikusiko du eta Lenin, hormako erretratu batetik, begira-begira duela.