argia.eus
INPRIMATU
Jonathan Swiften eskutik
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2007ko otsailaren 21
Badirudi Ibarretxeren plana artizarra bihurtu dela, baina ez da gure izartegiko plan bakarra. Euskal Herri errepublikarrean ere badago bertze bat, Departamentuarena alegia, askoz apalagoa itxuraz, baina Ibarretxerena bezain arriskutsutzat ikusten duena Aznarrek, Euskal Herriaren kontzeptuak berak jaso dezakeen sustapenaren beldur. Nafarroa Garaian ere, hain baxu dugun honetan, bere plana du Sanz jaunak, existitu ere egiten ez duen baina bere ametsetako mamutzar den Euskal Herri osoa begi-puntuan zuzen-zuzen.

Garrantzizkoa deritzot hiru planen aipamenari, bai baitirudi mendebaldeko abertzaleentzat Ibarretxerena baizik ez dagoela. Eta, bitxiki, lurraldetasuna denean abertzale horiek lupa handienarekin begiratzen diotena, onetsi edo gaitzesteko orduan! Zergatik ahaztuko ote bertze biez? Argi eta garbi dagoelako lurraldetasun kontzeptua Sanzen planean, Euskal Herri osoa desagerrarazi nahi duenez? Lurraldetasuna bere osoan hartzeko modu bat da, zaudete seguru. Euskadi errepublikarraz denaz bezainbatean, mugatua da, oso, plan hori lurraldetasunari begira; hain mugatua non gauzak ulertzeko ahalmen guztiak gainditzen baitizkit kolore alaietako lentilekin ikusi nahi izateak, den lupa txikirik txikiena ere erabili ordez. Aitortu behar dut jelos nagoela hainbertze "gora" eta hainbertze "fuera" Ibarretxerena bueltaka, bertze biei eta batik bat Sanzenari jaramonik egin gabe.

Zilegi bekit neronek ere bertze plan bat aurkeztea. Lehen eta behin, Euskadi errepublikarreko planak, hiruetako mugatuena izanda ere, aurrera jarrai dezala utziko nuke, bai bertako nola Erreinuko (espainiar Erreinuko) abertzale guztien aldetik arbuio berezirik jaso ez duenez. Gainera, errepublikar horien batasun eredugarria miresteaz gain, Itxaro Bordarekin nator bat, berez "% 100 basque" den altxor folkloriko eta gastronomiko horrek bere kabuz dirdira egin behar duelakoan bizirik jarraituko badu, hegoaldeko malkarretako arrano beltzaren atzaparrek odoleztatu gabe. Euskadi monarkikoari dagokionez, lurraldetasuna baldin bada benetan Ibarretxerena arbuiatzeko eta Sanzen planei jaramonik ez egiteko zioa, ez dut uste alde txar berezirik ikusiko dionik abertzale batek ere honako proposamen honi.

Barne-migrazio mugimendu gurutzatuetan datza nirea funtsean, ongi dezente konpon daitekeelakoan lurraldetasunaren auzia. Nafarroa Garaian bigarren mailako ghettotar sentitu eta Ibarretxerena bezalako plan bat egin ahal izateari halako inbidiaz begiratzen diogunok mendebaldeko lurraldeetara joanen ginateke bizitzera, hor boto eskubidea-eta jasoz. Berdintsu, mendebaldeko eskualdeetan Ibarretxeren planari uko egiten diotenak gure ekialdeko honetara etorriko lirateke. Hain segur, emaitza elektoralak ikusita, aurrera aterako litzateke Ibarretxerena, migrazio mugimendua ongi kudeatuz gero Araban kilin kalan dauden gauzak konpentsatze aldera. Eta, zer erranik ez, Nafarroa Garaian abertzaletasunak lehen indar politikoa suertatuko eta On Migueli aulkia kenduko lioke, abertzale eta benetan ezkertiar zerrenda bakarra aurkeztuko litzatekeenez. Biharamunean, hemendik abiaraziko lukete plan sendo bat, lurraldetasuna egiaz kontuan hartuko lukeena. Bereak eginen luke Ibarretxe, Nafarroa Garaiari jaramonik egin gabe jarraituko balu eta eskura izanen lukete orduko sortaldeko nafarrek euskal batasunaren gauzapena. Txarrenera jota ere, Aznarrek hanka sartuko balu bi erkidegoak suspenditzeko, segurtatuta geldituko litzateke lurraldetasuna, abertzale ortodoxoek lortuko bailukete hain gorroto bizia dioten Jaurlaritzaren botere-gunea deuseztatzea.

Hortxe duzue nire plana, marra loditan pintatuta. Harako 1729. hartan Jonathan Swiftek Irlandako arazoa gainditzeko aurkeztu zuenarekin alderatuta, nork ez luke erranen, haurrak-eta bazkatu, gizendu eta txarribodetan sakrifikatzea baino aunitz zuzenagoa politikoki eta, batik bat, gizalegezkoagoa dela? Ez gaude alferretan XXI. mende humanitario honetan!