Ez naiz lehena deitoratzen Euskal Herrian politikak -zentzu estuan- duen gehiegizko protagonismoa. Ez dut ukatuko Herria egituratzeko planteamendu politiko sakonen interesa, baina askotan ika-mika ziztrinetan galtzen dugu denbora eta indarra. Herrigintzak, ordea, beste gauza asko eskatzen ditu, eta egin ere egiten dira, baina sarri isil antzean, behar adinako debaterik edo jarraipen eta kontrolik gabe (batzuen gozamenerako, agian!)
Era askotako euskal ezkerrak ere, hainbat arrazoirengatik, beste helburu batzuetara gehiago bideratzen ditu bere ahalegin sakabanatuak, eta gutxitan da gai alternatiba eraginkorrak planteatzeko zenbait arlotan. Azpiegitura-sareari dagokionean, adibidez.
Eibar-Gasteiz autobideko lanak ikusten ditudanean, begiak ixten ditut. Beasain-Durango korridorean Ormaiztegi-Zumarraga zatia nola egiten ari diren ikusten dudanean etxetik, begietako mina egiten zait. Azpiegiturak modernizatu beharraz zalantzarik ez dut. Beste kontu bat da egin nahi den guztia beharrezkoa den edo ez: Eibar-Gasteizko autobidearen premiaz zalantza handiak izan ziren bere garaian. Ezkio-Itsasotik igaroko den bide berriarena bestelako kasua da: hortik ibili behar dutenek eta herriko askok biziki eskertuko dute. Badakigu gure orografia nolakoa den, eta ulergarria da hemen edozein errepidek, kasurik onenean ere, aurreko egoeran aldaketa nabarmenak eragitea. Hain zuzen, horrexegatik saiatu beharko genuke gauzak txukun egiten. Ez diot inori galdetu, baina ziur nago «ingurumenerako eragin txikienarekin» ari direla egiten lanak, gaur egun dena egiten baita horrela; baina ez dakit tramite hutsa den ala zerbait gehiago. Eta ikusten duguna baldin bada posible den «eragin kaltegarri txikiena», izu-ikara sortzen du pentsatzeak zer ote litzatekeen obra horiek «inpakturik handienaz» egitea.
Ez naiz bide-ingeniaria eta ez dakit dagoen edo ez errepideak egiteko beste modurik. Baietz esango nuke, baina ziur asko zailagoa eta garestiagoa izango da. Garbi dago gaitasun teknologikoa badugula muino eta mendiak azkar moztu, paretik kendu eta zulo eta sakonuneak bete eta berdintzeko. Baina ebakitako malda horiei, erori gabe, bere tokian eusteko, oraingoz lardaskeria itzelak ikusten ditut: ageri-agerian utzitako geruzen formarik eta kolorerik errespetatzen ez duten sasi-konponketa itsusi eta zatarrak. Eta hau eragin bisualari bakarrik dagokionez.
Badakit hondatuena ere paisaia oraintxe dagoela; gero denborarekin bazterrak berriro ere berdetuko dira, eta oraingo txikizioa dezente disimulatzea espero dut, behintzat lurra geratzen den lekuan. Baina ez da pazientzi kontua bakarrik. Urteak dira Beasain eta Ormaiztegi arteko zatia egin zela, eta hor inork konpontzen ez dituen trakeskeriak daude oraindik.
Estetika eta artea ez dira bakarrik, edota batez ere, museotan pilatutako objektu-multzo baten edertasunera mugatzen. Gizakiak naturan dituen esku-hartzeetan ere erakutsi beharko luke horretarako gaitasuna... edo gutxienez egindako «zauriak» kurioso osatzeko ahalmena. Eta gizarte batek, bere buruaren estimu apur bat baldin badu, ezin du onartu herri-lanetan (komunikazio-bide, industrialde eta bestelako azpiegituretan) errazkeriaz jokatzea eta irizpide ekonomiko hutsek izatea lehentasuna.
Izan ere, honek guztiak beste kezka handiago bat sortzen du: aipatu errepide hauek horrelako eragina badute ingurumenean, zer ez ote dugu ikusi beharko Abiadura Handiko Trenaren burdinbidea egitera iristen badira?