argia.eus
INPRIMATU
Euria Baionan
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21a
Goiz honetan euria ari da, samurkiro, Baionan. Badu, alabaina, bulta bat ez dela horrelakorik gertatu. Alderantziz, zainak eta larru azalak korapilatzen zituen beroa jasan dugu, Baionako besten denboran barne. Orduan, karriken goitikin eta piza urrinaren mendratzeko, uhar on bat desira zitekeen, baina zeruak etengabe, gor eta mutu gelditu ziren.
Euria ari da, benedikatze baten antzera. Bazterrak laztantzen ditu eta etxe aitzineko baratzeko belar erein berria esker onez dagoela ematen du, leihotik begira dagoen bizidun hau bezala. Irudi du lantzerra dela, ortzaiza uher agertzen da eta gris maitagarriak auzoko arbolen berdetasun ugaria troxatzen du. Gustatzen zait Baionako euri hau.
Euri honek behar bada, bakardadea gozatuko du. Athenatik itzultzerakoan jakin dut berrietan, bazirela Parise aldean, familiek eskatu ez zituzten eta beroagatik zenduriko bospasei ehun jende zahar, mila eta mila hilen artean. Irailaren lehenetik aitzina, hobi amankomunetan ehortziko dituzte, bitartean nehork ez baldin baditu "bereganatzen". Galdera batzu pausatzen ahal ditugu naski, bakardadea zilegitzen duen gure gizarteaz. Bakardadea, antza, ez da soilik poeten kalamitatea.
Euria ari da Baionan, eta sineskaitz, Athenan ere euria egin zuen.