Aztiriatik Aizpeara: Meatzarien ibilbidean

Hego-haize zakarreko egun lainotua da. Aztiriako baserri multzoan utzi dugu autoa, eta eguerdian abiatu gara, guardasola lagun, Santa Marina baseliza, bi jatetxeak eta iturridun plazatxo atsegina atzean utziz (607 m). Plazatxoaren ondotik langa batez itxitako pista bat ateratzen da maldan gora, pinudian barna. Basoaren soilune batean goi-tentsioko postearen azpitik pasa behar izan dugu ostera berriro pinu artean sartzeko, xenda arrastoari segika, pista lau batera ateratzeko. Ote artetik pixka bat gorago igoz gero, beste pista paralelo batera aterako gara. Bietako edozein hartuta ere, eskuinera joz, pinu landaketen artetik, Otañora bidean goaz zuzenean. Atzera begira, ikusmira zabaltzen hasten da, Usurbe, Samiño eta Izazpi, eta urrutirago Ernio eta Gazume ikus daitezke. Ederki antzematen da Udalaitzen perfil zorrotz eta berezia ere. Pista lepo batera heltzen da. Bihurgunea egiten du hemen eta borda bat dago eskuinean. Pista utzi eta bordaren ondotik pasaz norabide berean jarraitu dugu. Bordaren horma batean "Otaño" irakur daiteke (765 m). Pinuen artean ibiliz jarraitzen dugu bidezidor garbi batetik. Zuhaitzak bakantzen eta belardia zabaltzen hasi dira; gertu dugu gailurra. Geldiune luze eta lasaia egiteko aproposa den belaze eder bat da Otañoko kaskoa (842 m); bertize geodesikoaren ikurra, aizkoradun ohiko postontzia, eta hildako mendizalearen oroitarria, mendien izenekin: Aconcagua, Illimani, Mont Blanc, Aneto. Aizkorriren ipar aurpegiko malkarrak bistan ditugu parean; gaur lainoak itsatsita dituzte. Beste aldean Aztiria ikusten da behean.

Ekarritako bidearen norabide berean jarraitu dugu oinez, mendiaren beste aldeko bizkarretik behera, bidexka bati segituz, pista batera atera arte. Borda txukun bat dagoen lepo batera heldu gara horrela eta bidegurutzean ezkerreko (hegoaldea) bidetik joan (744 m), bordaren ondotik pasaz. Bidea laua da, pinudian barna doa ehiza postu batzuen ondotik. Eta pista berriro, lepo bateraino jarraitu duguna. Arrainoaitz aldera segitzen duen gailurreria utzi, eta langa bat pasaz, beheranzko bideari heldu diogu, Aizpea aldera zuzen. Bidegurutze batean, eskuinean zelai bat daukagu bere bordarekin. Ezkerrekoa hartu dugu hemen. Altuera galduz, bihurgune batzuk eta gero, Aizpeako lehenengo baserrietara gerturatu gara; Aristizabal eta Urrutikoetxea. Pistak Aizpeako auzora heltzen den errepide txikiraino eraman gaitu, eta hortik malda gorari ekin behar ostera (400 m), goialdean dagoen Mantxola baserriraino. Hemendik Aizpe Goikoetxeara igotzeko bada bide zaharra, baina sasiak erabat hartuta dago, eta ezinezkoa da bidea erabiltzea. Norbaitek esan du leku hau beste nonbait balego eta ez hemen, bidea garbitua eta zaindua egongo litzatekeela... Horrela bada, beste modurik ezean, baserriaren ondoko zelaian sartu behar izan dugu txarrantxa saltatuz, eta belardiaren ertz-ertzetik, goiko sagastira sartu hesi gehiago saltatuz. Sagastitik gora eta gero pinudian topatutako bidetik, goiko auzora heldu gara, beste lauzpabost baserri bakarti Aizpuruko haitzaren oinetan (485 metro).

Pistatik gora, goren dagoen baserri hutseraino igo gara, Goikoetxea. Hemen ere, bide zaharra pasatzen da baserriaren ataritik gora; eta hemen ere, sasiz josia eta erabilezina dago. Aurrekoan bezala, zelaitik gora igo gara ahal bezala, bidea ezkerrean dugula. Basoaren erdian galdutako borda batera heldu gara. Pista bat topatu dugu hor, eta eskuinera segi beste borda erori baten aurrietara. Tarteka bidezidorretatik, atera gara basotik azkenean. Txarrantxaren ondotik (Mutiloa eta Zerainen arteko muga) Ollargain deitutako bizkarrean gora, gorosti asko ikusteko aukera izan dugu. Igandeetarako txabola hesitu batera heldu garenean, meatzen lur mugimenduak antzeman ahal izan ditugu argi (670 metro). Pixka bat beherantz egiten badugu beste txabola pare bat dago. Hemendik Aztiria auzora itzultzeko pista segitu besterik ez dugu egin behar.

Ikuspegia
Otañora bidean goaz zuzenean. Atzera begira, ikusmira zabaltzen hasten da, Usurbe, Samiño eta Izazpi, eta urrutirago Ernio eta Gazume ikus daitezke. Ederki antzematen da Udalaitzen perfil zorrotz eta berezia ere.

Bentalehor, Aztiriako benta
Joxe Luis Ugarte adituaren eskutik, Jon Azpiazu gure lagun ormaiztegiarraren bidez, honakoa jakin ahal izan dugu leku hauen inguruan. Aztiriako benta, Bentalehor izenez ere ezagutua da, etxe honen jabea aspaldi Legorburu abizeneko bat baitzen. Jada XVIII. mendean bada etxe honen aipamenik. Legazpi inguruan beste hainbat bentaren berri ere badaukagu. Bentalehor Loidi izeneko mendatean eraiki omen zuten, Legazpi, Mutiloa eta Gabiriako lurrek bat egiten duten lekutik gertu, baina ez kasualitatez, antzinatik Seguratik Legazpira zihoan erregebide garrantzitsua pasatzen baitzen hemendik. Bertatik pasatzen zen, gainera, Mutiloako meatzetatik Legazpiko burdinoletara joateko ere.

Zerain eta Mutiloako meatzak
Zerain eta Mutiloan aspaldi langile kopuru handiak izan zituzten meatz garrantzitsuak zeuden. Gainera, horietan lanak egiteko trenbide txiki baten berri ere badugu, gaur horren arrasto gutxi gelditzen bada ere. Mutiloako meatzetan 100 langile baino gehiago aritzen zen beharrean, XX. mendearen hasieran. Meatz hauetako lanetarako, trenbideak Liernitik pasaz Ormaiztegiko geltokiarekin lotzen zituen, eta handik Pasaiako portura eramaten zuten minerala. 1947ra arte ibili zen trena.

Bestalde, Zeraingo meatzik garrantzitsuenak Aizpean zeuden, Otaño mendiaren magaletan. Lanak XIX. mendearen erdialdean hasi ziren antza, baina garai oparoenak XIX.aren bukaeran eta XX.aren hasieran izan ziren. Dena den, Aizpeako meatzei buruzko historiako lehen aipamena 1512koa omen da, orduan Fernando Katolikoak Aretxabaletako Otaloratarrei ustiaketa baimena eman baitzien.

Hasiera batean, La Union de Cerain izeneko konpainiak ustiatu zituen Aizpeako meatzak, geroago konpainia ingeles batek. 1933an, bertan behera utzi zituzten. Garai batean armada karlistaren eskuetan ere egon ziren. 500 langile aritzen omen ziren bertan lanean. Aizpea meatz ustiaketak Euskal Herriko zona honetan izan zuen garrantziaren lekuko da, baina ez dago bisitatzeko oso prestatua. Galerietan eta aire librean ustiatzen ziren meatz hauek. Lehengo trenbideen trazatuak, polborinak, perretxiko formako kaltzinazio labe bitxiak, eta beste hainbat gauza ikus daiteke, asko sasiak jota. Ormaiztegira minerala jaisteko, gainera, teleferiko bat erabiltzen zen. Meatzak azken urteetan ustiatzen zituen konpainia alemaniarrak utzi zituen bezalaxe daude orain. Bertan jasotako gauza asko Zeraingo museoan daude.

Zerainen antzinako kartzela ere badago. Bertan pasatzen omen zuten gaua meatzetan lan astunak egitera kondenatutako presoek. Ezin aipatu gabe utzi Larraondoko zerratoki hidrauliko eraberritua, XIX. mendekoa. Uraren indarraz baliatuz, zerrak eta tornoak funtzionatzen zuten, eta Larraondo baserriak zerrategi honetan zegoen beste turbina baten bidez lortzen zuen argindarra.

Meatzak
Aizpea auzoko meatzak La Union de Cerain izeneko konpainiak ustiatu zituen lehenbizi. Ondoren, enpresa ingeles batek hartu zuen 1933. urte bitartean. Armada karlistaren esku ere egon ziren Zeraingo meatzok.


Azkenak
2025-01-29 | Julene Flamarique
Greba mugagabea hasiko dute Trapagarango MFS enpresaren 104 langileen kanporatzearen aurka

ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez


2025-01-29 | Julene Flamarique
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei

Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


Teknologia
Estetikoa

Asteburu honetan 'estetikoa' hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora... [+]


2025-01-29 | Leire Artola Arin
Isela González eta Amada Chavez
Elkar babestuz borrokatzen duten emakume ekintzaileak

Mexikoko bi emakume hauen bizitzak indarkeriak eta desplazamenduak zeharkatzen ditu. Haien familiako edo komunitateko kideak hiltzen ikusi dituzte, eta krimen antolatuak zabaltzen duen terrorea azalean sentitu dute; mehatxuak, jazarpena... ohiko dituzte. Baina horrek guztiak... [+]


Nortasuna

Aurreko egunean, Bilbon, lagun batekin elkartu nintzen Bira tabernan. Tar-tarrean ari ginen oso gustura eta esan nion: “Noski, Giputxia zarenez, kar-kar-kar”. Eta berak nabarmendu zuen ez zela gipuzkoarra. Nik ongi ulertu gabe, jarraitu nuen esaten, “A! ez?... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


2025-01-29 | Andrea Bartolo
Gerra inperialistari gerra

Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]


Industria politikak: noren erreminta?

Azken urteotan, industria politikaren kontzeptua hainbat mailatan indarrez berragertu da. Neoliberalismoaren mailua izandako erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsak, gaur egun zera azpimarratzen du: merkatuek baliabideak modu eraginkorrean esleitzeko eta arazo horiek konpontzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude