Andres eta Ander Vilariño: burdinazko zaldiak

  • Anderrek «a zer ejenplua!» botaz entzuten ditu aitaren istorioak. Eta berak ere bere erokeriak egin dituela aitortu arren, gaur ez dela hainbeste inprobisatzen eta dena antolatuago dagoela garbi dauka.Andres mendiko rallyen errege da. Bide motzean tope, maldan gora bero, trumoia bezala pasatzen dena. Garai batean gau osoa gidatzen pasatzen zuten karrera eroak ditu oraindik gogoan.Ander zirkuituan trebatua da, teknika perfekziora eramaten den karreretan. Eta 1 Formulara igotzeko ez ditu metro asko falta.Aurrez-aurre, motorra bizitzeko bi bide eta ibilbide ezberdin, baina osagarri. Horrela ulertzen dute eurek: «Bi belaunaldi gara, gora egiteko gogo bera dugunak». Odolak eta odolean daramaten automobilismoak elkartzen ditu.

Biok dakizue zer den pilotu izatea, eta zer den pilotu baten senidea izatea. Senide batek nola bizi ditu lasterketak?
ANDRES: Anderrek eta biok Mari Karmen, nire emazteari asko zor diogu. Honi denari eusten jakin izan du, beti ilusio eta umore onez gainera. Bera izan da familia honen benetako motorra. Oso istripu gogorrak izan ditut, nahiz eta beti ondo ateratzeko zortea izan dudan.
Behin, Italian, autotik airean atera eta 60 metro egin nituen hegan. Autoa amildegira erori zitzaidan, eta handik ateratzeko zuhaitzak moztu behar izan zituzten. Ni hegan atera nintzen, eta zuhaitz puntak moztu nituen. Beste behin airean tronpo bat egin eta Isuako amildegira erori nintzen.
Baina familian bizitako istripurik gogorrena Anderrek izandakoa da. Frantzian, Nogaroko zirkuituan gertatu zen. Helikopteroz atera zuten. Tibia 2,5 cm hautsi zuen. Oso gaizki pasatu nuen, beldurrak akabatzen nengoen.
ANDER: Oso ezberdin bizi da istripua auto barrutik eta kanpotik. Lehian ari garenean ez dugu pentsatzen ezer gertatuko zaigunik, istripu arriskua beti hor egon arren. Baina aita ari denean karreran, oso urduri egoten gara. Nahiz eta gehiago urduritu karreran zenbatgarren egingo ote duen pentsatzen, istriputan baino.
ANDRES: Kirol honi esker oso batuta gaude. Ez bakarrik aita-seme harremanagatik, gauza bererako bizi garelako baizik. Asko sentitzen dugu batak eta besteak egiten duena.

1 Formularako bidea luzea eta kurbatsua omen da...
ANDRES: Nik karrera bat irabazi edo galtzeak ez du hainbesterainoko transzendentziarik. Europako txapelduna naizenez mendiko frogan, urte txar bati buelta ematen errazagoa da, babesleek errazago iraungo didate. Baina Anderren bidea oso gogorra da, estres handikoa. 1 Formulara iritsi nahi duena urte batean okertzen bada, akabo. Talde txar batek, ingeniari txar batek edo denboraldi txar batek zapuztu dezake proiektu osoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduko ez balio, ezinezkoa litzaioke gora iristea. Euskal Herria 1 Formulan ikusi nahi dute. Denontzat amets bat litzateke. Pilotu euskaldun bat dugu, 1 Formulara iristeko pauso batera. Pentsa zer ahalegin den: mundu osoan 1 Formulako 21 pilotu bakarrik daude, eta 21 horien artean egin behar da lekua. Mota guztietako eraginak daude tartean: sozialak, ekonomikoak, politikoak... Egiatan da bide konplexua. Zaila da iristen, eta gainera 1 Formulan adina mugatu egiten da. Azkar zahartzen dituzte pilotuak. Nigel Mansellek 1 Formulako Munduko Txapelketa 38 urterekin irabazi zuen. Egun exageratu egiten da gaztetasunaren kontua. Marketingak denarekin ahal du. Irudi kontua da.

1 Formulara iristeko zenbaterainoko eragina dute bestelako faktoreek?
ANDER: 1 Formulara iristea ez dago lortutako emaitzen esku bakarrik. Nik Espainiako 2 txapelketa irabazi ditut, 3.000 Formulako munduko serietan nago, iaz "pole position" bat egin nuen eta bi aldiz igo nintzen podiumera. Fernando Alonso, emaitza berberak lortuta, 1 Formulara igo zuten, bere aitapontekoak, bere managerrak eta babesleak oso ondo mugitu direlako. Mundu konplexua da. 1 Formulara iritsi diren denak dira oso onak, baina pilotu oso on asko dago bidean geratu dena.
ANDRES: Fernando markaz kanpoko pilotua da, eta bere talde osoak oso ondo egin du lan.

Zer interes dute herriek, euren pilotu bat 1 Formulara iristeko?
ANDRES: 1 Formulan irudia, dirua, teknologia eta garapena mugitzen da. Pentsa zer den Kolonbiarentzat Juan Pablo Montoyak 1 Formula irabaztea, herri horretaz kalapitak bakarrik entzuten direnean! Espainiako Estatuan ere interes sozial eta politiko asko dago euren pilotu batek 1 Formulako txapelketa bat irabaz dezan.
Euskal pilotu bat 1 Formulara igotzea lortzea, bide emankor bat zabaltzea litzateke: bere atzetik mentalitate bat sortuko litzateke Euskal Herrian, bai instituzioetan, bai kirol ikuspegitik, industria aldetik, teknologikoki... Ander 1 Formulan sartzeko zorian dago, eta lortzen ez badugu oso zaila izango da beste pilotu batekin lortzea; oso zaila da pilotu bat egitea. Euskal Herrian talde bat osatu da: Epsilon Euskadi. Anderren lanari jarraipena ziurtatzea da helburua, eta Euskal Herria Europa mailako potentzia izatea motor munduan.

Epsilon Euskadi taldeak Mondragon Unibertsitatearekin egiten du elkarlana. Zertan datza proiektua?
ANDER: Lau atal bereiz daitezke: bata lehiako taldea da. Beste atala ingeniari gazteak prestatzea da, mundu honetan praktikak eginez. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean egiten dugu hori. Oso ezberdina da auto fabrika batean lan egitea (modu mekanizatua da oso, oso epe luzera), edo lehiako taldean jardutea. Hemen abaila osoan egiten da lan, beste taldeei irabazi behar zaielako, eta beste taldeak alemaniarrak, belgikarrak, ingeniaritzan puntakoak direlako. Hirugarren atala teknologikoa da. Autoko piezen garapena lantzen dute, hori ere Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Garapen teknologikoa lantzea da kontua, etorkizunera begira. Laugarren atala pilotu gazteen harrobia sortzea da, etorkizunean jarraipena ziurtatuta egon dadin.

Nola egiten da pilotu bat?
ANDRES: Bi eratara egin daiteke: bat, zaletasun itsua duten gurasoak edukita. Guraso horiek zirkuitu batera eta bestera ibili behar dute, denbora eskaini behar zaio. Hori izan da Mari Karmenek egin duen lan izugarria. Nik baino zaletasun handiagoa du berak. Etxean baldintza horiek ez dituenak taldearen babesa bilatu beharko du, laguntza instituzionalak lortu...
Gure proiektuetako bat Euskal Herriko selekzio bat egitea da. Probintzia bakoitzetik 5-7 urteko pilotu bana aukeratu, eta kartingean prestatu, monoplazan hasteko punttuan jarri arte. Monoplazan trebatzeaz Epsilon Euskadi arduratuko litzateke. Unibertsitateko teknikoez gain ezinbestekoa da bertako pilotuak ateratzea, jendea zaletzeko. Bestela, talde tekniko bikain bat izango dugu, baina pilotu frantses, brasildar edo alemaniar batekin.

Andres, zu mendiko automobilismoan ibili izan zara, eta Ander, zu zirkuituan. Zer ezaugarri ditu automobilismo mota horietako bakoitzak?
ANDER: Mendikoa bonba bat da. 5-10 kilometro bitarteko frogak dira, eta auto bakoitzak bakarka egiten du lasterketa, erlojuaren kontra. Tentsioa maximoa da, dena bost kilometrotan jokatzen baita. Gainera, autoak 480 zaldi ditu, 600 kilo, eta orduko 0 kilometrotik 100era 3 segundotan azeleratzen du. Mendiko pilotuak ausartegiak dira, eroak.
Zirkuituko autoek antzerako ezaugarriak dituzte: 450 zaldi inguru dituzte. Baina aldea badago. Auto denek elkarren ondoan lehiatzen dute, zirkuituari buelta asko ematen zaizkio, eta perfekzioa da limitera eramaten dena. Autoak punttuan egon behar du, milimetrora; motorra milimetrora afinatua, balaztatzea maximora eramanda. Dena oso neurtuta dago. Zirkuituan pilotuak baino gehiago balio du autoa punttuan izateak eta taldeak. Monoplaza autoko zirkuituetan %85 autoa da eta gainerakoa pilotua. Mendian erdi eta erdi izango dira.
ANDRES: Nik Europako bi txapelketa galdu nituen autoz aldatzeagatik. Europako txapelketak irabazi nituen autoa saldu, eta auto marka berri batean jarri nuen konfiantza. Majo damutu zitzaidan erabaki hura.
Jendea, telebistan karrera ikusten ari dela, sarri harritu egiten da: "Fernando Alonsok Schumacher aurreratu du!". Aurten Schumacher gaizki pasatzen ari da, autoak ez baitio erantzuten. Baina hala da eta kito, Schumacherrek bere gloria urteak izan ditu, bere autoa onena zen garaian.

Auto onenaren teknologia ez dute besteek kopiatzen?
ANDER: Kontratu esklusiboak dituzte. Ferrarik, esaterako, kontratu esklusiboa du pneumatiko marka batekin, eta Renault, Williams eta MacLarenek beste pneumatiko marka batekin. Tenperatura margen bat dago: 25-26 gradutik gora egiten duen karreratan Michelin pneumatikoak oso ondo ibiltzen dira, eta tenperatura hotzagoetan hobe ibiltzen dira Ferrariak Bridgestone pneumatikoekin. Gerra teknologikoa dago euren artean. Michelinekoek pneumatikoa berotzean errodadura banda zabaltzea lortu dute.

Zergatik gertatzen dira karreretako istripurik gehienak?
ANDRES: Izan liteke akats tekniko bategatik, baina gehienetan azken muturreraino arriskatzeagatik gertatzen da. Arriskua neurtzea geure esku dago, baina ez gara konturatzen. Karreran zoazela, pentsatzen duzu "kurba hau segundo hamarren bat jaitsi behar dut, hortxe nago eta...". Limatzen hasten zara, limatzen eta limatzen, autoak alde egiten dizun arte.

Hemendik aurrera, limitera iristen ari da teknologia?
ANDER: Muga bat jartzen denean, teknikoek modua aurkitzen dute 5 urtean muga hori gainditzeko. Orain urte batzuk, 1 Formulan pneumatiko marradunak jartzera behartu zituzten, kurbak hain azkar hartu ez zitzaten. Lehen urtean 3 segundo makalago errodatzen zuten, bigarren urtean pneumatiko lisoekin bezain azkar, eta hirugarren urtean lisoekin baino 3 segundo azkarrago.
Motorrekin, berdin. Ayrton Senna eta Alain Prosten garaian, motor turboak zeuden eta 2.000 zalditara iristen ziren. Turboak kendu eta motor atmosferikoak egin ziren. Hasieran 700 zaldi ingurutan zebiltzan, eta diotenez berriro 1.000 zaldi ingurutan dabiltza. Teknologia geldiezina da, ez dago limiterik. Lehiaketako autoen teknologian zenbat tranpa eta trikimailu dagoen!
ANDRES: Kakotx arteko "tranpak" dira. Ingeniariek legearen limiteen barruan egotea bilatzen dute, baina araudia nola interpretatzen duzunaren arabera, bide ezberdinak zabaltzen dira. Era guztietako amarruak daude.

Pilotuen artean zer giro dago?
ANDER: Gure karreretan aurkakotasuna erabatekoa da. Denak ari gara 1 Formulara iristeko borrokan, oso gutxirentzat dago lekua, bidea oso estua da... Gure artean tentsio handia dago, pilotu askori agurrik ere ez diogu egiten. Aitaren kategorian lagun giro handiagoa dago, nahiz eta denak bezala, batzuekin besteekin baino hobeto moldatu.
ANDRES: Lehengo mentalitatea oraingoaren oso ezberdina da. Lehen, denaren gainetik zegoen besteari laguntzea. Oraingo borroka gupidagabea da, gaurko mentalitate lehiakorra oso tristea da, baina errealitatea da.
ANDER: Pilotu gisa zaildu naizen giroan lege bat dago: "Honen gainetik pasako naiz, bestela bera pasako zait gainetik".
ANDRES: Lehiakortasun giroa neurriz kanpokoa da. Kirolari gisa ikusita, benetan penagarria iruditzen zait, baina aldatzen ia ezinezkoa da. Oinarritik hasi behar da hezten. Normala da denen lagun ez izatea. Kirolean urte asko goi mailan dagoenari etsaiak ateratzen zaizkio, bere lekua hartu nahi izaten dutelako. Bakoitzak bere bidea egin behar du, eta kontzientzia lasai eduki. Niri zaila egin zait besteren tentsioei entzungor egitea, denoi gustatzen zaigu maitatuak sentitzea. Baina horrekin bizitzen ikastea beste biderik ez dago, bestela psikologikoki hondoratu egingo ginateke.

Eguneroko bizitzarako auto bat erosten duzuenean, zeri begiratzen diozue?
ANDRES: Niri atentzioa deitzen ez duten autoak gustatzen zaizkit. Gogoan dut auto marka garrantzitsu batekin Le Manseko 24 Orduak korri nituenean, galdetu zidatela ea horrelako auto bat nahi al nuen. Ezetz erantzun nien. Nola joango nintzen horrelako batekin kalera! Guk kilometro asko egiten ditugu, eta auto ona aukeratzen saiatzen gara. Beti BMWrekin korri izan dut, eta prezio berezia egiten digunez, hori erabiltzen dut.
ANDER: Asko bidaiatzen dugunez, dieselak hartzen ditugu, kontsumoari begiratzen baitiogu, eta sendoa izan dadila. Auto normalak eta diskretuak gustatzen zaizkit.

Olaberriako zirkuituan gidatzeko ikastaro kualifikatuak ematen dituzue. Zein dira jendeak maizen egiten dituen akatsak?
ANDER: Errepidean ikusi ditudan istripu asko, gidatzeko teknikak ez menperatzeagatik gertatzen dira. Eroa dena beti ero izango da, baina gutxienez ondo gidatzen jakin dezala, orduan; azkar gidatzea gustatzen zaionak, gidatzeko teknikak ikasi behar lituzke. Teknikak ondo erabiliz istripu asko eragotziko genituzke.
ANDRES: Bada uste duenik azkar gidatzea, frenatu gabe joatea dela. Hori oker handia da. Balazta erabiltzeak ez du esan nahi mantsoagoa goazenik, alderantziz, azkarrago joatea baizik, eta seguruago gainera.
ANDER: Kurba denek era perfektuan hartzeko, pasoko abiadura bat dute. Eta pasoko abiadura baino azkarrago hartuz gero kurba, mantsoago goaz. Pistaren egoeragatik eta autoaren ezaugarriengatik pasoko abiadura orduko 100 kilometrokoa bada, kurba horretan 110ean sartuta ere, gaizki egiten ari gara. Azkarregi sartu gara, autoa ibilbidetik pasatzen da, gelditu egiten da pixka bat, eta 120an ateratzen gara kurbatik. Beste eran, 100ean sartuta, agian 140an aterako ginen kurbatik. Gainera, seguruagoa da.
ANDRES: Garrantzitsuena nola frenatu ikastea da, ABS balaztak ez dituenarentzat hanka delako ABS bakarra. Balaztatze perfektua egiten zaila da, asfaltoa, euria, bideko zikinkeriaren araberakoa delako.
ANDER: Errepidea ona edo txarra denetan nola gidatu, bustia dagoenean nola eraman autoa, era bateko eta besteko kurbak nola hartu edo bat-batean istripu batekin topo eginez gero nola gelditu irakasten dugu.

Gazte koadrilek karrera klandestinoak egiten dituzte errepideetan. Zer iruditzen zaizkizue?
ANDRES: Inon motorrarekiko zaletasunik badago, Azpeitian dago. Motorraren mundu osoko hiriburua Azpeitia da eta! Pilotu onak ateratzen dira han.
Errepidean oso zuhur ibili behar da. Nik ere egin ditut nire erokeriak; gazteak ginenean azkar ibiltzen ginen, eta lagunekin bagindoazen, erakutsi nahi izaten genien zer ondo gidatzen genuen. Hori arrisku handia da.
Istripuen errealitatea irudietan erakusten duten kanpaina horiek badakit jende bati ez zaizkiola gustatzen. Baina gizakiok, zoritxarrez, zer gertatzen den gogoratu araztea behar dugu. Errealitatea horrelako krudela da, eta ikusi beharra dago.
ANDER: Nik ere egin ditut nire erokeriak. Baina kontuan izan behar da jende gehiago badela inguruan. Karrera klandestinoak oso gaizki iruditzen zaizkit. Pentsa, konturatu gabe errepide horretan sartu denari bizitza izorratzeko arriskua dagoela. Azkar ibili nahi duenak, zirkuitu bat bila dezala.

Anjela Vilariño
Kartingean nabarmendu den pilotua da Anjela, Anderrek bezalaxe, kotxea baitzuen txikitako jostailua. Emakume eta gizonek batera jokatzen dituzte lasterketak. Orain arte ez da emakumerik iritsi 1 Formulara, Anderrek dioenez, «gaur arte gizonen mundua izan delako motorrarena, ez dago beste arrazoirik. Atletismoan iker daiteke emakume eta gizonen goi mailan segundo batzuren aldea egotea. Baina gure arrebak erakutsi du mutilek adina gidatzen duela».
Marketingak egoerari zukua ateratzen badaki: «Bada neska bat 1 Formulara eramaten saiatzen ari direna, baina marketinga da beste ezer baino gehiago».

Ander Vilariño
Jaio: Donostian, 1979an.
Bizi: Hondarribian.
Zirkuituko lasterketa pilotua
Ikasketak: Ekonomia ikasketak egiten ari da.

Lorpenak
Karting erresistentziako Euskadiko Txapelduna da.
1995ean Elf Campus Formulako Selekzioko bolantea irabazi zuen.
1996an Renault Elf Campus Formulan bi garaipen eta 2 «pole position» lortu zituen, orokorrean 4. postuan geldituz (frantsesak ez ziren pilotuen artean lehena).
1997an, Nazioarteko Renault Finaletan 4. postua eskuratu zuen.
1998an, Frantziako Renault Formulan taldeko debutanterik onena izendatu zuten.
2000. urtean Supertoyota Formulako Espainiako Txapelduna izan zen.
2001ean 3 Formulako Espainiako Txapelduna izan zen.
2002an Telefonicako Munduko Serietan errebelazioko pilotu izendatu zuten.

Andres Vilariño

Jaio: Donostian, 1952an.
Bizi: Hondarribian.
Mendiko lasterketa pilotua
Ikasketak: Merkantzia ontzietako kapitain izateko turismo ikasketak egin zituen. Kabotajeko patroi eta hegazkineko pilotu pribatu izateko ikasketak ere eginak ditu.

Lorpenak
Lau alditan izan da Mendiko Europako Txapelduna (1989, 1990, 1991 eta 1992an). Lehendik Europan bigarren postua lortua zuen (1988an), eta hirutan izan zen hirugarren postuan (1987,1986 eta 1993an). Europako Txapelketan garaipen gehien eskuratu dituen bigarren pilotua da.
Espainiako Txapeldun izan da lau aldiz (1979, 1980, 1984 eta 1999an). Espainiako bigarren izan zen 1981 eta 1985 urteetan, eta hirugarren 1983an.
1994an, Le Manseko 24 Orduetan 4. postua lortu zuen.
2001ean Barquetako Txapeldunen Desafioa irabazi zuen. Olaberriako zirkuituan jokatu zen.

Airbag bistan.
«Behin, gaueko rally batean parte hartu behar zuen pilotu bati arpa jo zioten: emakume bat jarri zuten kurban, berokiarekin. Pilotua rallyan kurbara iritsi zenean, neskak berokia ireki, eta barruko arropa hutsean jarri zen. Arrisku ederra bazterra jotzeko!». (Andres Vilariño)

Bolanterik gabe.
«Paul Ricard zirkuituan entrenamendu libre batzuetan geunden, nazioarteko talde batekin. Pilotu japoniar, frantses, alemaniarrak zeuden, baina eroenak beti ziren japoniarrak. Bide zuzen batean japoniar bati aurreratzen ari nintzela, begiratu egin nion. Formulako bolanteak kendu egin daitezke, eta ero alaenak, bolantea atera, niri erakutsi, eta berriro jarri egin zuen. Hori dena 180-230 kilometro orduko abiaduran! Hori ikusita, berehala frenatu nuen». (Ander Vilariño)

Bertsoa
Doinua: SEMAFOROA GORRI ETA BERDE

Berdin mendian igoera bat
edo zirkuitu ordeka,
hainbeste zaldi kapot azpian,
hainbeste truko gordeta.
Hainbeste kurba, hainbeste muga,
bihotza gogor kolpeka,
bolante baten jarraipen estu,
dena lotzen da hor eta,
eta kotxetik ateratzean
nola mantendu oreka?


Azkenak
Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1970eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


Eguneraketa berriak daude