argia.eus
INPRIMATU
Pablo Iztueta: «Hutsune larriak zeuden Gerraurreko literaturaren azalpenean»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zein helbururekin osatu duzu trilogia hau?
Ohartu nintzen bazeudela hutsune larriak Gerraurreko euskal literaturaren bilakaera aztertu, eta azalpena eta interpretazioa egiterakoan, eta horiek bete nahi izan ditut. Adibidez, sistemaz ahaztua izan da Orixeren euskal literaturaren historia. Eta errakuntza handia da hori, nire ustez, Orixe delako euskal literaturaren lehen historia idazten duena, 1927an gainera, kritika literarioa eginez, gure klasikoak erreibindikatuz eta aranismoa bete-betean zegoen hartan iturrietara itzultzea eta azken orduko aranismoak ahaztea eskatuz.

Orixez gain, Aitzol eta Lauaxeta. Zergatik?
Aitzol hautatu dut, literaturaz arduratu zelako eta garai hartako nolabaiteko factotum bat izan zelako. Bere estetika inposatu zuen Gerraurretik egindako azkenengo poesia lehiaketan, Sukia eta Otamendi apaizak saritzerakoan. Nire lanean agertzen da zergatik gelditu zen baztertua Lauaxetak, Orixek edo Lizardik landu zuten poesia kultoa.

Eta Lauaxeta hautatzearen arrazoia?
Beno, uste dut Lauaxetak ez zuela euskal literaturaz eta estetikaz saio bat lantzeko inongo asmorik, Orixek behartu zuela hartara, «Maitale kuttuna»ren inguruan sortu zen polemikarekin. Kritika zorrotza egin zion, bere poesia amaneratua edo horrelako zerbait zela salatuz. Lauaxetak ez zion berehala erantzun, baina gero bai, «Euzkadi» egunkarian segidan agertutako sei artikulutan azaldu zuen bere pentsamendua, esanez: «Bai, jauna, ni zurekin nago klasikoei dagokienean, baina urrutirago noa, modernoak ere sartzen baititut».