argia.eus
INPRIMATU
Teknologia arte bihurtzen denean
  • Kultura digitalean artea eta teknologia oso lotuta agertzen zaizkigu. Artea emozioaz eta mundu subjektiboaz arduratzen den bitartean, zientzia eta teknologia arrazionaltasunaz eta mundu objektiboaz arduratzen dira. Bien ikuspuntuen arteko nahasturatik jaiotzen da kultura digitala.
Auria Etxeandia 2007ko otsailaren 21

Guztiok entzun dugu zerbait arte digitalaren inguruan. Baina zer da arte digitala? Teknologiaz baliatuta sortutako artelan guztiak sartzen ditugu arte digitalaren baitan. Ez da artearen barruko tendentzia bat, ezta genero bat ere. Artista digitalak, edozein garaiko, edozein mugimenduko artistak egin ohi duen bezala, teknologiaz baliatuta munduaren interpretazio bat egiten du. Teknologia bitarteko bat baino ez da, artistaren beharretara dagoen tresna bat baino ez. Bitarteko bat izanik, sormena ez dago teknologian, hau erabiltzen duen gizakian baino.

Ez da hau arte digitalak bestelako arte mugimenduekin duen antzekotasun bakarra. Izan ere, arte digitala definitzen duten ezaugarri asko XX. mendeko mugimendu artistikotik oinordetzan hartutako elementuak eta espresiobideak dira. Besteak beste, Surrealismoa, Pop-Art edota Arte Kontzeptualetik edan du arte digitalak.

Interaktibo izatearena da arte mota honek egin duen ekarpenen artean aipatuena. Elkarreragina, feedbacka, azken finean artista eta erabiltzaile-ikusle-kontsumitzaile-partehartzaile-sortzailearen (ez dakit nola deitu artelana bat ikustera doan pertsonari) arteko hartu-eman bat dago arte mota honetan. Modu honetan, erabiltzaile-ikuslea artelanaren produkzio prozesuan sartzen da eta artelanean eragiteko aukera du.

Arte digitalaren ibilbidean beste aurrerapauso bat arte zibernetikoaren sorrera izan zen. 1948 urtean, Norbert Wiener-ek zibernetikari buruzko liburu bat argitaratu zuen, "Cybernetics: Control and Communication in the Animal and the Machine" izenekoa. Liburu honek eragin handia izan zuen, ez bakarrik zientzia eta teknologiaren alorrean, baita arte munduan, laster hasi baitziren artista batzuk zibernetikaren kontzeptuekin lanean. Hitz horren atzean, bi kontzeptu garrantzitsu daude eta biek izan dute eragin zuzena arte digitalean. Bi kontzeptu horietako bat feedbacka da eta bestea makina eta gizakiaren arteko harremana. Garai hartan, egun erabiltzen diren kontzeptuak ere bazituzten buruan, halako bisionario aurreratuak izango ziren eta beraien buruan zegoen teknologia nola erabili, edo hobeto esanda nola des-erabili. Hau da, ohiko erabilera moduekin apurtzeko modua bilatu nahi zuten. Teknologia bera erabili, beste erabilera bat bilatzeko.


Digitala izatearen eraginak


Aipatu dugunez, arte digitalak interaktibitatea du ezaugarri, beraz, ikuslea integratu beharko du nolabait eta hori gertatu dadin, obra horrek irekia izan behar du, hau da, egitura irekia izan behar du. Ireki izan behar horrek eta interaktibitate horrek artelanek duten egitura behin betikoarekin eta itxiarekin apurtzen du. Artelanaren kontzeptu ezberdin horrek artearen inguruan dauden arlo guztiak berriz planteatu behar direla esan nahi du: museo eta galerien izaera, kritikoaren papera... Kontzeptuaz gain, artelanaren dimentsio berria ekartzen digu. Kasu honetan, prozesua bera bukaerako produktua baino garrantzitsuagoa den obraz ari gara eta, oraingo artean nagusitzen den obra iraunkor eta estatikoen gainetik, obra atenporalak, dinamikoak eta aldakorrak nagusitzen baitira kultura digitalean.

Ikuslearen ikuspegitik ere hainbat aldaketa antzeman daitezke. Izan ere, modu honetako obra baten aurrean gaudenean, prozesuaren zati bat baino ez dugu ikusten, artelana irekia eta aldakorra den heinean.

Originala eta kopiaren artean ezberdintasunik ez egoteak arazo ugari ekarri ditu, batez ere jabetzaren inguruan. Honek krisia sortu du kulturaren industrian, batez ere musika eta zinemaren industrian, eta batez ere jabetza eskubideen inguruan.

Max Ernst. Interaktibitatearen aitzindaria
Max Ernst dadaista izan zen, interaktibotasuna praktikan jarri zuen lehenetarikoa. 1920. urtean Alemanian egindako erakusketa batean, kartel bat ipini zuen sarreran. Kartel horretan, bisitari bakoitzari bere marrazkietan ekarpen dadaista edo antidadaista bat egiteko aukera ematen zien. Modu honetan, ikusleek marrazkietan parte hartzen zuten. Ikuslearen inplikazioa eta partehartzea beharrezko zen hamaika adibide aurki daitezke XX. mendeko abangoardien artean.

Zer da?
Net.Art: Internet erabiliz egiten den lan artistikoa da. Internetetik eta Interneterako sortutako artea.

Arte digitala: Teknologia digitalak erabiliz egiten den artelana. Ordenagailu, mugikor eta bideojokoetaz baliatzen dena.

lArte elektronikoa: Baliabide elektronikoak erabiliz egindako sorkuntzak. Arte elektronikoa ordenagailuarekin egindako lana izan daiteke, baina baita digitalak ez diren baliabideak erabiliz egiten dena: bideo artea, instalazio interaktiboak, musika elektronikoa.

Helbideak
Arteleku: www.arteleku.net/
Amaste: www.amaste.com/
Aleph: aleph-arts.org/art
Artnodes:www.uoc.edu/artnodes/cat/ index.html
Artnouveau:www.artnouveau.ccg.pt
Bitniks: www.bitniks.es/
Cibervisión:www.cibervision.org/