Jon Mancisidor: «BBK Solidarioa esklusio sozialaren kontrako iniziatiba bat da»

  • BBK-k argi berdea eman berri dio banku solidario motako proiektu bati: BBK Solidarioa. Esklusio sozialaren kontrako proiektu bat da, munduko beste leku batzuetan egin diren esperientzien ildotik, eta, hasiera batean, 2 milioi euroko diru hornidura izango du, gure artean berria den proiektu horren zenbait alderdi oinarrizko bermatzeko. Arlo horretako arduraduna den Jon Mancisidor zuzendariordeak argitu digu egitasmoaren edukia.

2021eko uztailaren 12an

Zer da banku solidarioa?
Operazio finantzarioak egiteko modu berezi bat da, finantza sistema tradizionaletik kanpo dauden pertsona edo kolektiboei finantzazioa erraztu nahi diena. Esklusio sozialaren arriskua edo egoera nozitzen duten pertsonak dira, ondasunik ez dutenak eta, beraz, ohiko finantzazio zirkuituan sarbiderik ez dutenak, zeren operazio baten abal moduan aurkez ditzaketen baliabideak dituzten pertsonei orientatua izaten baita zirkuitu hori. Banku Solidarioaren bitartez, irtenbidea eman nahi zaie esklusioko poltsa horiei. Horretarako, inpaktu sozial eta pertsonal positiboa duten jarduerak finantzatzen dira; hau da, pertsonaren esklusio egoeran edo haren ingurunean ondorio mesedegarriak izango dituztenak. Betiere, zenbait irizpide etiko eta solidario errespetatu behar ditu, eta finantzatzen den jarduera berez ere bideragarria izatea edo antzeko jarduerak sostengatzea lortu nahi da.

Ba al da antzeko esperientziarik munduan?
Munduan asko dira honen antzeko esperientziak. Bitxia bada ere, teknologia Hegotik Iparrera transferitzearen adibide gutxietako bat da hau, behartsuentzako mikrokredituak edo mikrofinantzak Hegoan asmatu baitziren, eta gero Iparrean egokituz joan ziren. Lehen esperientzia ezaguna Bangladeshen izan zen, non Grameen Bank izenekoa jarri baitzen martxan, xede nagusitzat emakume pobreei mikrokredituak ematea zuena. Gero, prozesua indartsu igaro zen Latinoamerikara, eta gero Iparreko herrialdeetara; bereziki, politika neoliberalen garapen handieneko unean, ongizatezko estatuaren lermatzea gertatu denean. Egoera horrek eraman ditu hainbat kolektibo, entitate eta pertsona mikrofinantzen eredu hori aplikatzera bizi maila aurreratuko herrialdeetan, sistema ekonomikotik baztertutako pertsonen poltsa handiak izaten baitituzte. Hor ditugu Holandako kasua, Triodos bankuarekin, edo Italiakoa, Paduan sortutako Banca Populare Italianarekin. Frantzian ere bada produktu solidarioak labelizatzeko iniziatiba bat, Finasolen inguruan.



Zergatik bultzatzen du Bilbo Bizkaia Kutxak esklusio sozialaren kontrako proiektu hau?
BBK-k ekintza sozialaren arloan jarduteko moduan izan duen eboluzio logikoagatik. Bilbo Bizkaia Kutxak, batzar nagusiaren erabakiz, bere mozkinen %30a xedatzen du helburu horretara. Aurtengo ekitaldian, 80 milioi eurora iritsiko da zenbatekoa. Programa horren bitartez, ekintza ildo berri bat abiatu dugu, zabalik dauzkagun gainerako ildoak osatzen eta aberasten dituena. Ekintza berri horrekin, geure estrukturak premia berrietara egokitzen ditugu, eta interbentzioko eredu eraginkorragoak hartzen ditugu. BBKren Banku Solidarioak bere estruktura finantzarioetara biltzen ditu tradizionalki banku sistematik marjinatuak egon diren pertsona eta kolektibo horiek. Horregatik uste dugu iniziatiba benetan positiboa bultzatzen ari garela esklusioaren kontra borrokatzeko.



Demagogo bezala kritikatuak izateko beldurrik baduzue?
Guztiz kontrara. Konbentziturik gaude gure bezeroek, entitate sozialek eta pertsona onuradunek ulertuko dutela lan egiteko modu honek bermatzen duela, hain zuzen ere, finantzazioko operazioak ez daudela karitatean oinarrituak, baizik eta pertsonenganako konfiantzan eta haien erantzukizunean. Jar dezadan adibide bat: Bilbo Bizkaia Kutxa Solidarioak pertsona bati mikrokreditua ematen dionean autonomo gisa hasteko, oso interes apalean egiten du, edo batere interesik gabe kasu batzuetan. Ez diogu ohiko abalik eskatuko, baizik eta emandako hitza betetzea, azaldu digun xedea betetzea eta finantziazioaren zenbatekoa itzultzea alegia. Izan ere, BBK Solidarioaren bitartez, jarraitu ahalko dugu beste operazio batzuk finantzatzen; hau da, beste pertsona askori aukera bat ematen. Beraz, erantzukizun hori bereganatzen duen mailegu hartzailea beste pertsona batzuei laguntzen ari da, esklusioko egoera gaindi ahal dezaten.

Zein sektoreri dago xedatua proiektu hau?
Lehenik eta behin, iniziatiba honen onuradun diren pertsonek finantzazioa jaso eta hainbat proiektutan baliatzen dute: autonomo bezala hasteko, enpresa txikia sortzeko, immigranteen familiartekoei bidaiak finantzatzeko, etxebizitzak egokitzeko, jatorriko herrialdean zorrak kitatzeko, integrazioko eta ekonomia sozialeko enpresak edo ingurumenaren arloko enpresak sortzeko, entitate sozialen gestioko ingurunea hobetzeko eta abar. Edozein adinetako pertsonak izan daitezke, eta profil basikoa honelakoa da: ekonomia prekarioko egoeran dauden familia gurasobakarrak, esklusioko egoeran dauden emakumeak, immigranteak, ezinduak, luzaroko langabetuak eta pobreziako eta marjinazio sozialeko egoeran dauden pertsonak. Bilbo Bizkaia Kutxa Solidarioak, gainera, sustatu egin nahi du pertsona horiekin zuzenean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko entitate sozialen ehundura. Talde horiek dira proiektuaren benetako dinamizatzaileak, horiek baitira iniziatiba honen beharra dutenengandik hurbilen daudenak. Horregatik, talde horiek ere iniziatiba berri honen onuradunak dira, beren proiektuak finantzatzeko edota iniziatiba sozialeko edo garapenerako kooperazioko enpresak sortzeko.

Zer fondo dauzka BBK-k iniziatiba honetarako?
Hasiera batean, BBK-k 2 milioi euroko diru hornidura jarriko du, proiektuaren zenbait alderdi oinarrizko bermatzeko, hutsegindako operazioak bermatzeko, gure bezeroek kontratatzen dituzten deposituen berreskuratzea bermatzeko eta abar. Gainera, BBK-k bere estrukturaren parte handi samar bat jarriko du proiektuaren eskueran, benetako apustua baita geure finantza lanari ildo sozial hori txertatzea. Alegia, ez dugu aparteko banku bat sortuko, beste leku batzuetan egin den bezala, baizik eta geure egiteko profesionala jarriko dugu proiektu honetan txertatzeko. Adierazi beharrekoa da BBK Solidarioak ez duela baliabiderik kenduko kutxaren agendan lehendik jasoak dauden beste ekintza sozial batzuetatik.

Bezeroek izango al dute egitekorik?
Bai, noski. Iniziatiba hau ez da gestioko ekipo baten erantzukizuna izango, baizik eta BBK osatzen dugun pertsonen multzo osoarena: profesionalena zein bezeroena. BBK Solidarioaren bitartez, gure bezeroen aurrezkien parte bat proiektu sozial solidarioetan aplikatu nahi dugu. Horretarako, aurki jarriko dugu merkatuan Gordailu Solidarioen emisio bat. Aurrezkiko produktuak dira, kriterio solidarioak eta etikoak dituztenak (esate baterako, inbertsioen helburuak oinarrizko arau etiko batzuk betetzea) eta garapen sozial eta humanoarekin konprometituak sentitzen diren pertsonek kontratatuko dituztenak, 300 euroko zenbateko apal batetik hasita, edonorentzako modukoa izan dadin. Depositatzaileak BBK Solidarioari emango dio bere interes netoen %50a, aipatutako finantzazioko jardueretara bideratuak izan daitezen. Interes horiek Fondo Solidario batera joango dira, eta ekintzen zuzeneko onuradunek ere egingo dizkiote ekarpenak, jaso duten finantzazioaren arabera. Eta BBKren Obra Sozialak depositatzaileek egindako ekarpena halako bikoa egingo dio fondo horri.



Nola kontrolatuko da iniziatiba hau?
Funtsezkoa da BBK Solidariotik egiten dugun guztia ezarritako printzipioekin bat datorrela garantizatzea. Alde batetik, agente guztiek (depositatzaileek, onuradunek, Entitate Sozialek eta BBK-k) Kode Etiko bat sinatu beharko dute, iniziatibaren filosofia eta alderdi bakoitzak hartzen duen konpromisoa zehazten dituena. Bestalde, oinarrizko kontroleko organo bat eratu da, Etikako Komitea, eta haren egitekoa izango da proiektu berriak proposatzea eta onestea edo errefusatzea, aipatutako Kode Etikoa oinarritzat hartuta. Komite horren osaera bat dator proiektuan parte hartzearen eta kolaboratzearen printzipioarekin. Pisurik handiena onuradunek, depositatzaileek eta entitate sozialek izango dute, 7 ordezkari izango baitituzte, aldian-aldian bozketa bidez hautatuak. BBK-k 6 delegatu izango ditu Komitean. Pertsona bakoitzak boto batekin hartuko du parte, nahiz eta proiektuaren filosofia den erabakiak, ahal dela, aho batez hartzea.

BBK Solidarioaren onuradunaren profila
BBK Solidarioa bankuaren onuradun den pertsonaren profila honako hau da: ekonomia prekarioko egoeran dauden familia gurasobakarrak, esklusioko egoeran dauden emakumeak, etorkinak, ezinduak, luzaroko langabetuak eta pobreziako eta marjinazio sozialeko egoeran dauden pertsonak.
Banku solidarioan, eragin sozial eta pertsonal positiboa duten jarduerak finantzatzen dira, pertsonen bazterketa egoeran edo haren ingurunean ondorio mesedegarriak izango dituztenak.


Azkenak
Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako

Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Saturazioa

Bekatu bat aitortu behar dut hemen. Duela lau urte, ohitura berri bat sarrarazi nuen nire bizian: igande gauetan, kaka kanoi baten antzera "informazio" jarraikia hedatzen duen CNews telebista kate ultraeskuindarra begiratzen hasi nintzen. Hasieran ordu erdi bat astero... [+]


Itziar

Kointzidentzia harrigarriak daude bizitzan. Izan ere, zenbat ikusle elkartu litezke Arriaga antzokian? Zenbat komun ote daude solairu bakoitzean? Zein probabilitate dago Gipuzkoako emakume bik sartu-irtenean leku eta istant berean kointziditzeko, 35 urtean elkar ikusi barik egon... [+]


2025-04-09 | Hiruki Larroxa
Zer dugu bisexualitatearekin?

Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Ukrainako gerraren beste irakurketa bat

Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola,... [+]


Errusiarekiko gerra hauspotzen

Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]


Ukrainako gerra bukatzear
“Europarrok, gerrarako prest!”

Orain Errusiak inbaditu behar ei du Europa eta horren aurrean berrarmatze basatia bultzatu behar dute Europar Batasuneko herrialdeek. Lehen Sobietar Batasunak egin behar zion eraso, eta Gerra Hotzak ia mundua irentsi zuen. Gezurra zen ordukoa, eta gezurra da gaur egungoa, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude