argia.eus
INPRIMATU
Izatezko bikoteen legearen argi-itzalak
Iñaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2021eko uztailaren 19a
Eusko Legebiltzarra sarri izan dugu hizpide hilabeteotan, baina hemen landu nahi dugun gaiak ez du zerikusirik komunikabideetan arreta handia lortu duen liskarrarekin. Ondoko lerroetan «2/2003 legea, maiatzaren 7koa, izatezko bikoteak arautzekoa»-z arituko gara, hiru ikuspuntuotatik: lege horren balorapenetik, legeak jendaurreko iritzian izan duen oihartzunetik eta legeak sor ditzakeen zenbait arazotatik.

Bizimodua aukeratzearekin batera pertsona askori sortzen zaizkion ezohiko egoerak izan dira lege hori egiteko zioak: «...beren buruaren askatasunaz baliatzerakoan, harreman-talde afektibo eta sexual iraunkorrak eratzen dituzte, ezkontza-kontratu bidez gauzatzera irisi gabe, edo araubide horretara lotzerik nahi ez dutelako, edo, sexu bereko bikoteak izateagatik, ezkontzeko aukerarik ez dutelako». Eta oztopo horiek gainditzera dago legea zuzendua, hain zuzen ere.

Horregatik, lege hori aitzindaria da, antza, inguruko eskualde gehienetan bikote mota berriei irtenbide egokirik oraindik eskaini ez zaielako. EAEn, aldiz, hemendik aurrera zenbait bikotek kokapen egokia eta babesa aurki ditzakete: «...pertsona askok beren nortasuna garatzen lagunduko dien familia-eredua aukeratzean jasaten duen lege-diskriminazioa desagerraraztea da; aukera afektibo eta sexual guztiak errespetatuko dituen esparru bat sortu nahi da, aniztasun, berdintasun eta askatasun printzipioak errespetatuta».

Lege horrek zeharkako abantailak ekar diezazkioke halaber gure gizarteari. Nagusiki, ikuspuntu heterodoxo bat defendatzeagatik; botere politikoaren guneetatik gure gizartearen pluraltasuna onartu eta bultzatzeagatik. Lege horren kasua soilik familiaren kontzeptuari eta bikote-motari badagozkie ere, azken finean ezberdina dena onartzeko modua da. Eta kontserbadurismoa pentsamolde estu eta zurrunari lotzen zaiola erreparatuta, legearen beste ekarpena tolerantzia eta aurrerakoitasuna bultzatzea da.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, lege berri hori txalogarria da.

Iritzi publikora jauzi eginez, egia da biztanleriaren heren batek ez duela lege horretaz ezertxo ere entzun, berriki kaleratu den inkesta batek dioenaren arabera (http://www1.euska- di.net/estudios_sociologicos); hala eta guztiz ere, EAEko gizarteak izatezko bikoteei onartzen dizkien bizi-baldintzak bat datoz legeak berak jasotzen dituen kasuekin. Adibidez, %81 «gehienbat ados» daude «ezkondutako bikoteen eta ezkondu gabeko izatezko bikoteen eskubideak» berdintzearekin.

Jendeak, oro har, ondo ikusten ditu izatezko bikoteen «bikotekidea hilez gero alarguntasun pentsioa kobratzea», zenbait «lan eskubide» (amatasun edo aitatasun baimenak...), «bikotekideari gorputz organoak kentzeko eta ebakuntzak egiteko baimenak eman ahal izatea» eta «tratamendu fiskala» (errenta aitorpena elkarrekin egitea, familiartekoen arduragatik desgrabatzea, dohaintza edo donazioetan eta herentzien transmisioen zergarik eza...).

EAEko biztanleriak adierazten duen jarrera irekia harrigarria bezain pozgarria da, duela hamarkada batzuk gai horietako asko gure artean gaizki ikusiak eta onartezinak zirela kontuan izanda.

Halere, sexu bereko bikoteekiko intrantsigentzi edo zorrozkeri zantzuak badaude gure artean. Adibiderik nabarmenena hauxe da: izatezko bikote heterosexualei «haurrak adoptatzeko eskubidea» %91k onartzen dietela, eta errekonozimendu hori izatezko bikote homosexualentzat %57raino jaisten dela (bestalde, azken eskubide horren kontra daudenak %29 dira). Puntu horrek ondo baino hobeto adierazten du gure gizarteak dituen tabuetatik handienetako bat: homosexualitatearena, hain zuzen.

Era berean, hizpide dugun legetik haratago doan beste iritzi bat ere jasotzen zuen arestian aipatu dugun inkestak: «Zure ustez sexu bereko bikoteak familia mota bat dira?». «Ezetz» eta «baietz» uste dutenak %25 eta %66 dira, hurrenez hurren. Hemen ere agertzen da, beraz, homosexualitatea «normaltzat» hartzeko oraindik ere erresistentzia duen gure gizartearen laurdena edo. Dezente aurreratu dugula, dena den, ezin da ukatu.

Bukatzeko, lege hori gauzatzean ager litekeen arazoren bat aipatu nahi dugu; ustezko puntu ahul bat, hain zuzen. Legearen baitan sortutako Izatezko Erregistroan izena eman ahal izateko bikotekideak elkarrekin bizitzera behartuta ez egotea. Bikoteek «harreman sexual edo afektiboa izan behar dute elkarren artean», baina ez dute zertan elkarrekin bizi behar. Legea, puntu horretan, malguegia ez ote den beldur naiz. «Hecha la ley, hecha la trampa» dio gaztelaniazko esaldi ezagunak, eta arrisku hori areagotu daiteke legeak ezarritako baldintzek balizko iruzurrari ateak ondo-ondo ez badizkio ixten.

Egia esanda, ez naiz kontu horietan aditua, baina diruaren hotsaren aurrean asko dira garuneko neuronak ederki astintzen dituztenak. Eta izatezko bikotetzat hartua izatea, adibidez, dohaintza eta herentzia transmisioetan abantaila izan badaiteke, bikote mota horren kopuruak egiazko neurritik gorantz nabarmen jo dezake. Elkarrekin bizi beharrik gabe izatezko bikote izaera hori saritua bada, nola egiaztatu izena eman dutenek «harreman sexual edo afektiborik» benetan dutela? Iruzurrik gertatzen ez dela ziurtatzeko, badago kontrolen bat ezartzerik? Eta kontrolatzea balego ere, iruzurraren atzetik ibiltzeak zer kostu izango luke?
Zalantzarako motiboak badaude, eta ikuspuntu batzuetatik txalogarria den lege berri horrek ezustekorik emango ote digun denborak argituko digu. Bitartean, pozik egon gaitezke, baina ez lotan.