Oraingoan poesia hautatu izanaren arrazoia?
Ez da erraza esatea zergatik idatzi behar ditudan poemak euskaraz. Egia esan, ez dakit. Ez dakit zer den literatura, ez eta zer den poesia, dakidan bakarra da esaten ditudan hitzei eta izkiriatzen ditudan lerroei zornea direla, zauri irekiei ateratzen zaien zornea. Joxe Azurmendik dio bere liburu batean Euskal Herria ospitale handi bat dela, eta justu hortik datorkigu gure munstrokeria.
Zer esan nahi duzu horrekin?
Nire ustez munstrokeria gure kultura eta politika neurtzeko kategoria egokiena da, garbi baitago munstroak garela. Batzuen ustez indigenak gara euskaldunok, indigenegiak batzuetan; beste batzuen iritziz posmodernoak gara, posmodernoegiak. Argi dago, beraz, onerako edo txarrerako, desberdinak garela, beti lekuz kanpo. Nik esango nuke Euskal Herria Europako patera dela. Gure bertuteak munstroak direla eta gure akatsak ere bai; azken batean, zer dira Jorge Oteizaren apostoluak, munstroak baizik? Zer Picasso-ren «Guernica» koadroko pertsonaiak, edo zer Euskal Herrian hildakoak, munstroak baizik? Eta zer da gaurko adierazpen askatasuna, munstro bat baizik?
Horregatik idatzi al dituzu poemok?
Munstrokeria ikusteko poeta pribilegiatua da, nire iritziz. Errealitatea kuestionatzen duelako, baina beti ezbaian, zalantzan ibiliz. Hori dela-eta olerkaria ez da ez baikorra ez ezkorra, baiezkorra edo ezbaikorra baizik. Beraz, Euskal Herria da lekurik egokiena ezbaian ibiltzeko, munstro abertzalea izateko eta olerkaria izateko.