Antzerkiaren gaitasun terapeutikoak
EHUko udako ikastaroen baitan antzerkiak dituen gaitasun terapeutikoak aztertu zituzten. Javier Almán antzerki zuzendariak teatroterapia saio bat eskaini zuen. Mota horretako saioen helburua antzerkiak eskaintzen dituen baliabideen bidez gaixoak esperientziak kanporatzea da. Ikastaroen baitan adierazitakoaren arabera, antzerkia minusbaliotasunak dituzten pertsonentzako laguntza terapeutiko bat izan liteke, baita drogen menpekotasunetik irten nahi dutenentzat ere.
Mutrikuko harria ospakizun iturri
Mutrikuko parrokiko lehen harria, jarri zela berrehun urte beteko dira datorren abuztuaren 25ean. Hori dela-eta «Mutriku 1803-2003» izeneko taldea sortu dute zenbait hiritarrek eta uztailetik irailera arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, erakusketak, antzerkia eta meza bereziak. Ospakizun horien artean, garrantzitsuenetako bat «Hauxe da harrixa» lana izango da. Ikuskizun honen bidez, bertara hurbiltzen direnek duela 200 urte Mutrikun zer gertatu zen jakin ahal izango dute. Garai hartan Jasokundeko Andre Mariaren eliza ixteko agindua eman zen. Agindu horrek hamahiru urteko tirabirak eragin zituen, ados jarri eta eliza berria leku berrian egiteko erabakia hartu zuten arte.
Munduko ahozko inprobisatzaileak
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatuta, ahozko inprobisazioaren inguruko munduko kongresua egingo da Donostian, azaroaren 3tik 8ra bitartean. Kongresu hau Bertsozale Elkarteak munduko inprobisatzaileekin harremanetan jartzeko egiten ari den ahaleginetan beste urrats bat da. Kongresuaren baitan goizetan saio akademikoak egingo dira Miramar Jauregian eta arratsaldetan jaialdiak Lugaritz kultur etxean, azken egunean ezik, amaierako jaialdia Bilboko Euskalduna Jauregian egingo baita.
Musika Hamabostaldia ate joka dator
Donostiako Musika Hamabostaldia oso gertu dugu. Abuztuaren 5ean hasi eta irailaren 4ra arte musika programa aberatsaz gozatzeko aukera izango dugu beste behin. Aurtengoa 64. edizioa izango da. Programazioko xehetasunen artean, eskainiko diren bi opera aipatu behar dira: «Orfeo ed Euridice», Comediants taldeak ekoiztua eta «Ariadne en Naxos» Alemaniako Halle Operaren eskutik iritsiko zaiguna. Baina horretaz gain, nazioarteko izen handi ugari iritsiko dira Donostiara. Zubin Methak Israelgo Filarmonikaren gidaritza eramango du, Víctor Pablo Pérezek berriz, Galiziako Sinfonika gidatuko du eta Eliahu Inbalek Berlinekoa. Gainera, Ewa Podles abeslaria, Ann Murray mezzo sopranoa edo Juan Diego Flórez Peruko tenorea bezalako artista handiak ere izango dira 64. Musika Hamabostaldi honetan.
Intermitenteen greba.
Frantziako kultur jaialdietako artista eta teknikarien, hau da intermitenteen langabezia arautzen duen erreforma dela-eta, Frantziako hainbat udako jaialdi arriskuan dago. Avignongo jaialdiko intermitenteen grebak eragin mimetikoa sortu du eta ondoren etorriko diren beste jaialdi batzuk bertan behera utziko dituztela iragarri dute artista eta teknikariek. Esaterako, Arroxelako kantu eta musika jaialdia, «Les Francofolies» izenekoa, ez egitea erabaki dute, gauza bera gertatu da Renneskoarekin, Pauekoaren eta Albikoarekin. Frantziako Gobernuaren eta intermitenteen artean akordiorik lortzen ez bada, dirutza handiak galduko dira, jaialdiko sarrerez gain, turismoak diru asko mugitzen baitu.
Euskalduna 2003ko onena.
Euskalduna Jauregiak 2003ko Munduko Kongresu Zentrorik Onenaren saria eskuratu du. Sari hori Kongresu Zentroen Nazioarteko Elkarteak ematen du. Euskaldunako ordezkariek Mannheim hirian (Alemanian) jaso zuten saria, aipatu elkarteak urteroko konferentzia egin zuen tokian. Hala, Bilboko Euskalduna Jauregia elkarte honek banatzen dituen hiru dominetatik lehena, urrezkoa alegia, eskuratu duen Espainiako Estatuko jauregi bakarra da. Valentziako Kongresu Jauregiak 2000. urtean zilarrezko saria irabazi zuen.