Almudena Cacho: «Jendeari entzun nahi ez duena ere esaten dion programa da ona»

  • Alferrik ekarri duela aitortu badigu ere, karpeta batekin etorri da Almudena elkarrizketara. «Mania bat», barre egiten du bere buruaz. Irratiari eskaintzen omen dio bizitzaren erdia. Kotxean doala ere, ahoskatzeko ariketak egiten joaten da lanera, haizeari hizketan eta keinu arraroak eginez. Eta denbora librean isilik egoten ahalegintzen da. Benetako esfortzua eskatzen omen dio horrek, egunero hiru orduz etengabe hitz egin ondoren, zaila baita ahoaren erreflexu automatiko bihurtu denari uko egitea. Irratiak eman dizkio bere bizitzako unerik politenak, eta entzuleen arrosak eta pastelak. Baita gibeleko ultzera sortu ere.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Irrati esatari zara txikitatik?
Beti gustatu izan zait, hitzez adierazteko erraztasuna dudalako. Irakurtzea, idaztea eta entzutea asko gustatu zait txikitatik. Hasieran mediku izan nahi nuen, psikiatra batez ere. Baina odola gorriegia da, nire gusturako.
Umetako eskolari eskertzen diot jendaurrean asko irakurri izana. Egunero irakurtzen genuen ozen, ahoskatzen saiatzen ginen, idatzi ere egiten genuen... Oso interesgarria da eskolan hori lantzea, horrelako heziketa batekin hobe ulertuko baikenuke elkar.

Zer behar du esatari on batek?
Lana lortzeko zortea. Erotuta ibiltzen gara lan bila. Kazetaritzan zer bide aukeratu erabakitzerakoan, "edozer gauza, dagoena" esaten genuen ikasten ari ginela. Hemen, Radio Euskadin, praktikak egindako jende asko gasolindegietan ari da lanean, edo tabernetan. Eta gaitzerdi, lana dutenean. Nahi duzun horretan lan egitea luxu handi bat da. Nik zorte hori izan dut.
Unibertsitatetik gero eta belaunaldi gehiago pasatzen denez, urteak pasatu ahala, egoerak txarrera egin du, gainera. Norberaren gaitasunek punturen bat ematen dute, baina horrekin bakarrik ez da azterketa gainditzen. Zortea behar da, behar den unean behar den lekuan egotea. Kasualitate kontua da sarri.

Emakumeentzat egiten omen da irratia, baina emakumeek egiten al dute?
19 urterekin hasi nintzen. Garai hartan emakumeak ziren hartzaile nagusiak, eta orain espektroa zabalagoa da, emakumeak lan merkatuan sartu direlako. Lehen gizonezkoak bakarrik jarri ohi ziren esatari, bazirudien emakumeengana zuzentzea gizonezkoen gauza zela, edo emakumeei gizonezkoen ahotsa erakargarriago zaiela. Baina ez nago batere ados horrekin. Nik ez dut gizonekiko ezberdintasunik nabaritu programak zuzentzerakoan.

Nola sumatzen duzue zein eduki diren gizartearen interesekoak?
Gaurkotasunak markatzen digu bidea. Osasunaren gaia oso garrantzitsua iruditzen zait, gure entzuleei gero eta gehiago interesatzen baitzaie. Eta informazio praktikoa da interesatzen dena: errepidearen egoera, herriko albisteak...
Interes partikular eta orokorreko gaiekin jokatu behar izaten dugu. Badakit denei ez zaiela sukaldaritza interesatuko, baina entzuleen zati handi bati bai, edo berdin etxeko abereen gaiarekin. Oreka bilatu behar da albiste denekin.
Politikaz ahaztu gabe, gizarte gaiez arduratzen gara gehiago. Euskal Herrian arnasa da gizarteari buruzko programa bat egitea. Bai egiten duenarentzat, bat entzulearentzat ere. Politika gogor eta gordina bizi dugu egunero, eta ordu zehatz batzuetan, irrati programa denetan politikaz besterik ez da hitz egiten.
Bada jende bat politikarekin gustura, bizitzeko besterik behar ez duena. Baina nik behar ditut beste gauza batzuk ere, eta gure programa entzuten dutenek ere bai.
Bizitzaren zentzu zabalago bat hartu, eta beste erreferentzia batzuk, eta umorea, eta gizarte gaiak lantzea haize freskoa bezalakoa da.

Irrati kate bat aukeratzerakoan zer neurritan eragiten du ideologiak?
Kidetasun sentimenduak eragiten du diala aukeratzerakoan. Identifikatzeko fenomeno hori ez zait niri gustatzen. Identifikazio horrek gustuko duzuna bakarrik ematen baitizu, gozozaleari pastelak eman eta berdurak ezkutatzea bezalakoa da. Baina nire helburua da jende dena ordezkatuta sentitzea, ez dadila mindu gauza batzuek entzunda, edo mindu dadila baina aldi berean gozatua hartu dezala beste zerbaitekin. Hori da kritikoki irrati bati eskatuko niokeena, eta beraz, besteei eskaini nahi diedana.

Zure egun arrunt bat nolakoa da?
Goizean 5:30etan jaiki, eta 7:00etan mahaian eserita nago, lanean. Ordu horretan prentsa sakon irakurtzen dut, eta bezperatik prestatutako gaiak lehenean dirauen edo ezer berririk gertatu den begiratu. Azken berriren bat sartzeak merezi duen aztertzen dugu, eta entzuleen eskaerei kasu egin. Entzuleek gero eta gehiago erabiltzen baitute e-maila, baita telefonoa ere.
Interesgarri iruditutako dena fotokopiatu eta karpetak prestatzen ditut. Karpetei itsatsitako emakumea naiz ni. Ez dut karpetarik gabeko lanegunik gogoratzen. «Lanegun» zentzu zabalenean esanda, alegia, eskola, ikastaro, hitzaldi... denetara eraman behar dut karpetaren bat. Mania bat da.
Ondoren programa ikasten dut: gidoia goitik behera irakurri, elkarrizketatuko ditugun pertsonaiak nolakoak diren aztertu eta elkarrizketak nondik bideratu pentsatu...
8:30etatik aurrera lan erritmoa eta giroa azeleratzen hasten da. Kolaboratzaileekin harremanetan jartzen gara, dena lotu beharra dago, eta 10:05etan lehertzen da dena, programarekin.

Zer da kalitatezko programa bat?
Ez, derrigor, entzule asko dituena. Entzuleek entzun nahi dutena eta entzun nahi ez dutena ere ematen diena da kalitatezko programa. Kritiko izateko aukera uzten diena, iritzi propioa osatzeko balio diena. Kalitatezko programak fronte denei erantzun behar die, ez norabide bakarrari. Irrati gehienak aukera hori galtzen ari dira.
Lan sistemari dagokionez, talde osoak parte hartuz eta adostasuna bilatuz funtzionatzen da ondoen.
Eta forma aldetik magazinea gustatzen zait gehien, denetik kabitzen baita. Berdin informazio puntual bat, berdin kaletik zuzenean kontatutako albisteak, nola lasai eta sakonago landutako gaiak, hala bizitzeko behar ditugun azaleko gaiak eta oso serioak ere bai...

Egunero hiru orduz hitz egiten duzu. Nola zaintzen duzu ahotsa?
Beti zaindu dut asko ahotsa. Ikastaroren bat egiten dut urtero. Ez baita nahikoa bizitza osorako ikastaro bakarra eginda. Ariketak egiteko zinta bat dut kotxean, eta noizean behin entzuten dut. Ahoskatu egin behar da nabarmen, aurpegi arraroak jarri... Nahiko ariketa ridikuluak dira. Baina ez dut beste erremediorik, ahotsari esker bizi naiz ni.
Orain urte batzuk, arratsaldeko programa bat egiten ari nintzela, ahotsa gaizki sumatu nuen, baina programa eten beharrean, behartu egin nuen eztarria. Programari eutsi nion, eta albisteak sartzeko bost minutuz programa etetean, ez nuen lortu berriro hitz egiten hastea. Gurutzetako ospitalean bukatu nuen, ahots korda bat mailatuta, eta 21 egunean ez hitzik egiteko agindu zidan medikuak. Nire bizitzako 21 egunik txarrenak izan ziren. Arbela lepotik zintzilik nuela ibili behar izan nuen!

Bakarrik hizketan aritzen zara, entzulea ikusi gabe. Zer harreman duzu entzuleekin?
Inori eta denei aritzen gara hizketan. Nahiago izaten dut inor ez zaidala entzuten ari pentsatzea. Esaten ari naizena zenbat jendek entzun dezakeen pentsatzen jarriz gero, hankak dardarka hasten zaizkit.
Baina gertakizun bitxiak izan ditut entzuleekin. Orain gutxi 80 urte inguruko gizon bat etorri zitzaidan, arrosa batekin. Egunero entzuten omen nau. Gremio bati buruz hitz egitea tokatzen denetan, gertatu izan zait euren opari bat jasotzea. Esaterako, okinei buruz hitz egin, eta pastel kaxa bat bidali zidaten. Gauza oso bitxiak ere eskatzen dizkidate. Esaterako, ama bat etorri zitzaidan bere alabaren maitasun kontuez aholku eske. Edo beste batek bere semeari nola ikasi eta azterketak nola gainditu azal niezaion deitu zidan...

Zer irrati entzuten duzu zuk?
Egiten den dena entzuten dut. Nire programarekiko oso ezberdinak direnak entzutea gustatzen zait. Beste interes batekin entzuten ditudalako. Ez naiz kirolzalea, baina kirol programak entzutea gustuko dut, beste era bateko irratia egiten dutelako, freskagarri zaidalako. Musika programa lasaiak ere asko gustatzen zaizkit. Aldiz, konpetentzia entzuten dudanean, ezin dut eragotzi denbora osoa nire lanean pentsatzen aritzea. Alegia, nola ari den konpetentzia programa hori egiten eta nola egiten dudan nik.

Gidoiak zer garrantzia du saio bakoitzean?
Egun nork bere gidoia idazten du, baina ez da esango dugun dena idazten. Benetako gidoia irrati nobelek bakarrik dute. Irratirako gidoilari profesionalen falta nabari dut. Ez dago denborarik, eta denetik egin behar izaten dugu. Programak erabat gidoitzea ederra litzateke, gidoilari profesionalak horretara bakarrik jarrita aritzea. Kalitatean aldea nabarituko litzateke. Baina ez da batere errentagarria, garesti aterako litzateke.

Telebista aurkezlea eta irrati aurkezlea zertan dira ezberdin?
Telebista oso boteretsua da, eta telebistak jan ez dezan aurkezleak borroka korapilatsua egin behar du. Egungo aurkezleak medioak janda daude, alegia, programak egitean erakusten duten nortasuna, telebistako nortasuna da, ez berezkoa. Telebistaren araberako aurkezleak dira, ez aurkezleen araberako telebista programak. Baina aldi berean, telebistari pultsu hori jotzea polita da, eta ausarta. Showmana eta kazetari hutsa izatetik haratago doa.
Irratiak ez du hainbesteko oihartzunik, ez da hain teknikoa, eta lanerako askatasun gehiago ematen du. Irratian programak aurkezlearen nortasuna dauka.

Telebistako "Boulevard" programaz zer oroitzen duzu?
Debate politikoa egiten genuen batik bat. ETAren su-eten garaia zen, eta horrek asko markatu zuen programaren norabidea. Gonbidatuak hitz egiteko gogoz eta jarrera irekiz etortzen ziren. Ikusleek eskertzen zuten hori.

Debateko moderatzaile edo domatzaile zinen?
Askotan sentitu dut debatea eskuetatik joateko zorian zegoela. Horrelako kasuetan, ez dago moderatzeko arau edo sekreturik, jakin egin behar da egoera eta gonbidatuetara egokitzen. Kontuz ibili behar da inor ez iraintzeko, baina aldi berean mugetatik atera ez dadin zaintzeko... Batzuetan telebistako iskanbilak gehiago saltzen du edukiak baino. Ni beti saiatu nintzen hori gertatu ez zedin, baina ez zen xextrarik falta izan. Helburua gaietan sakontzea bada, eta elkarri entzunda aurrera pausoak ematea, gertatu daitekeen gauzarik txarrena da besteak esan nahi duena ez ulertzea. Debate batzuetan asko izerditu naiz.

Zein da moderatzailearen lana?
Moderatzailearen lana ikusleak egingo lituzkeen galderak egitea da. Beti ez da lortzen, baina denborarekin sumatzen dugu gizarteak zer kezka dituen.

Bikoizketa lanetan ere aritu zara. Zer pertsonaiari jarri diozu ahotsa?
"Chicas de oro"etako bati jarri diot ahotsa, baina beste serie baterako. Blanch piztia beroari, alegia, gizonak jaten zituen emakume horri. Dokumentaletan beti Margaret Thatcher eman didate bikoizteko.
Baina interesgarriena ez da pertsonaia ezagunak bikoiztea, baizik pertsonaia hori zure neurrikoa izatea, eta bien artean aktore bat osatzea. Tentsio azkarreko lana da: irudiak ikusi, nola esan barneratu, bota eta ahaztu egiten dugu egindakoa, hurrengo esaldira pasatzen gara. Erritmo bizia da benetan.
Ahotsa oso da garrantzitsua pertsonaiarentzat. Aktore batzuek bikoiztailearen ahotsa dute beti. Ez berea. Esaterako, Antonio Banderasi beti bikoiztaile aktore oso on batek jartzen dio ahotsa, eta jendeak uste du Banderasen ahotsa hori dela. n

Bertsoa

Zenbaiten arazoa
da aukerarena,
diala mugitzean
gustuan barrena.
Beti entzuten badu
entzun nahi duena,
ez dena sinistea
da pasako dena,
eta ez pasatzeko
esaiguzu dena.

Doinua:
Hamalau Heriotzena

Moderatu edo domatu egiten dira telebistako debateak?
«Batzuetan telebistako iskanbilak gehiago saltzen du edukiak baino. Ni beti saiatu nintzen hori gertatu ez zedin, baina ez zen xextrarik falta izan. Helburua gaietan sakontzea bada, eta elkarri entzunda aurrerapausoak ematea, gertatu daitekeen gauzarik txarrena da besteak esan nahi duena ez ulertzea. Debate batzuetan asko izerditu naiz».

Curriculuma

jaio: Segovian, 1964an.
bizi: Barakaldon
irrati esataria
ikasketak: Kazetaritza

Ibilbidea
Irrati alternatibo eta txikietan hasi zen. Ondoren, Herri Irratian aritu zen (1986an), eta Miramar irratian geroago (1987 eta 1990 artean).
Radio Euskadin 1990. urtean hasi, eta geroztik kirol programak ez beste lan guztiak egin ditu: era guztietako programak aurkeztu eta zuzendu.
Euskal Telebistan «Boulevard» debate programan moderatzaile izan zen (1994an) eta «Lo que faltaba»ko lan taldean aritu zen.
Bikoizketa lanak ere egin ditu.

Mingainean ilerik ez.
Roge Blascorekin bidaiei buruzko programa bat egiten ari nintzela, estudioan zegoen gonbidatu batek ileordea zeraman. Aurikularrak jantzita zituen, eta pisu handia dutenez, burua jiratu zuen batean aurikularrekin batera ileordea mugitu zitzaion. Gizona oso gaizki pasatzen ari zen, baina ez zuen lortzen bere lekuan jartzea. Roge altxa, eta elkarrizketa eten gabe, ileordea ongi jarri zion. Teknikoek alde egin zuten, barrea ez guri kutsatzeko. Ez dakit nola, baina egoerari eutsi genion, entzuleak ez ziren ezertaz ohartu.


Azkenak
60.000 euroko isuna ezarri diote ‘Indar Gorri’ profilaren kudeatzailari

Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]


2024-11-20 | Sustatu
Mastodonen oinarritutako Matx.eus sare soziala abiatu da, euskal kirolaz jarduteko

Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean

Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.


2024-11-19 | Leire Ibar
Palestinako genozidioa salatuko du ikasturte honetan ere Gure Haurrak Ere Badira mugimenduak

Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Ijito herria ikusarazteko programazio didaktiko bat prestatu du Hezkuntza Sailak

“Te Siklârel Romanipen” ikasketa plana prestatu dute Ijito Herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortu du proiektua, EHUrekin eta Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin... [+]


2024-11-19 | Leire Ibar
Nafarroako Unibertsitate Publikoak Justizia Errestauratiboko Titulua eskainiko du 2025ean

Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie. 


2024-11-19 | Pau Lluc i Pérez
Hainbaten artean, bat

Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]


2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


2024-11-19 | Mikel Aramendi
G20ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri

Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


2024-11-19 | Gedar
Kartzelatik irtetean ematen zen diru-laguntza apurra desagerrarazi dute Espainiako Estatuan

Nafarroako Salhaketak jakinarazi duenez, laguntza hori ezinbestekoa zen preso egondako pertsonek "gutxieneko oinarri ekonomiko bat" eduki zezaten, "askatasunean bizitzen hastera igarotzean". 480 eurokoa baino ez zen subsidioa.


Eguneraketa berriak daude