argia.eus
INPRIMATU
Mendexa
2021eko uztailaren 16a

Uda garaian, orain, bete egiten da Mendexa, batez ere egun eguzkitsuetan. Lea Ibarreko zein inguruko jendea batzen da Karraspion eguzkia hartzera. Marea gora dagoenean, 28.380 metro koadro ditu eta ura jaitsi ahala, 140.380 metro koadrora heltzen da. Naturak berez ematen dituenetatik aparte, badira zerbitzuak bertan: sorosleak, dutxak, iturriak, komunak, aldagelak, paperontziak, oinen garbitokia, panel informatiboak... Hondartzaren inguruan lau taberna egoten dira irekita udako egunetan freskagarriren bat hartu nahi duenarentzat eta noski, baita Frantziako Tourra ikusi nahi duenarentzat ere.
Azken urteetan, bandera urdina egon da Mendexan Europako Ingurumen Hezkuntzarako Federazioak emanda. Aurten, zailagoa izango da horrelako lorpenak izatea Prestigeren hondamendiaren ondorioz. Muskerren antzera, eguzkipean egotea ez ezik, bada Karraspio inguruan egin daitekeen hainbat ekintza: paseoak, urpekaritza, piraguismoa eta hondartzetan egiten diren ohiko osterantzeko jokoak.
Hondartzaren aurrean, Garraitz uhartea dago. Lekeitioko portua ere aurrez aurre ikusten da. Atzeko aldean berriz, mendi paisaia ederra dauka Karraspiok. Haitz asko dago hondartzaren inguruan, eta askotan jendeak itsas labarrak bete egiten ditu, eguzkia hartzeko itsasoaren kontran dauden leku hezeak baitira. Haitzgune bat baino ez dago baina, horretarako egokituta. Hatxazpiko Lapatza Mendexako Baurdo auzoan dago. Eskailerak daude Hatxazpirantz urreratu gura dutenentzat. Gainera, helduleku eta guzti egokitu dituzte orain eskailerok. Bertan, mahaiak, eserlekuak... daude han bazkaldu edo afaldu gura duenarentzat.


Itsas lantegi zaharrak eta
itsas errota

Maria errota izango da gure inguruetan antzinako itsas errota zaharren lekuko bakarretakoa; urmaela mugatzen duen dikea gordetzen du oraindik ere. Lekeitioko hiriak eraiki zuen Maria 1555ean, Mendexa hiriaren auzoa baino ez zenean. Urmaela itsas gorak betetzen zuen, eta urak, apurka-apurka pasatzen utzita, gurpil hidraulikoa bueltaka jartzen zuen. 1980an etxea bota egin zuten, eta dikea eta urmaela baino ez dira gordetzen.
Isuntza zubiaren alde banatan daude antzinako itsas lantegiak; Lea ibaiaren bokalean. Egurrezko itsasontziak eskuz egin zein konpontzen ziren lantegiotan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran berritu zituzten, baina leku berean daude Erdi Aroan eraiki zirenetik. Egituraz, sinpleak dira: egurrezko zutabeen gainean kokatutako teilatu handiak baino ez dira berez. Hormarik gabeko estalpeak dira.
Uretara begira, ontziak uretara botatzeko harlanpak eta uretatik ateratzeko errailak dituzte. Horiei esker, itsasontzia hara eroan daiteke eta bertan konpondu. Kantauri inguruan gordetzen diren ontzitegi txukunenak dira Leakoak. Egun, ez dira erabiltzen.
Isuntza zubia Lea ibaia gurutzatzeko eraikita dago, Lekeitioko eta Mendexako Likona auzoa lotzeko. Begi bakarrekoa eta puntu erdikoa da egituraz. Oinez zein kotxez pasatu daiteke bertatik gaur egun.


Itsasotik urrundutako zatia

Leagi auzoak, berriz, Mendexako mendi historiaren lekukotza biziak gordetzen ditu. Bertan dago Lea Goikoa jauregia. Eraikin itzela da: horma bakoitzak
9 x 4 metroko azalera dauka eta 80 cm. lodiko harlangaitzez eraikita dago. XIX. mendeko jauregi neoklasikoa da. Lehenagoko gotorlekuen ezaugarriak ere baditu: bertikaltasunik ez, ertzetan harlanduz indartutako hormak...
Leagi dorretxea ere, izen bereko auzoan dago. Ahaide nagusien arteko borroketan ordezkari nabarmena izan zen Iarzako Adanena izan zen. Etxea eraikin kubikoa da, eta oin angeluzuzenaren gainean, harlanduz egindako huts-guneak, ertzak eta fatxada ditu.
Ate nagusiaren gainean Leagi familiaren armarria dauka: luma eta molorrikaz orlatutako kaskoaren azpian, ume edo aingerutxo bi ditu armarriak. Baita, armak ere: basurdea, zortzi muturreko izarra. XVIII. mendean eraikita dago, eta estiloz barrokoa da. Dorretxetik hurbil dago Leagiko gurutzea. Toskanar bati eutsitako lau angeluko oinarriaren gainean, harrizko zirkulu baten barruan dago gurutze txikia. Leagin dago Santa Luziaren baseliza ere.
Auzoaren izen bereko zubiak Ispaster Mendexarekin lotzen du. Harrizkoa da Leagi zubia, eta puntu erdiko ederra dauka. Begi bakarrekoa da azpitik ibaian gora eta behera dabiltzan txalupek pasatzeko lekua izan dezaten.
Likona auzoak ere gordetzen ditu Mendexako historiaren pasarte batzuk. Mendexako baserririk zaharrena, esate baterako, bertan dago. XVI. mendean eraiki zuten Likona baserria, izen bereko leinuaren orubean. Likonatarren tartekoa ei zen Loiolako Inazioren ama ere. Haitz enborrez egindako zutabeak eta egurrezko egitura ditu baserriak. Familiaren ezkutua ere, fatxadan dauka oraindik. Likonako gurutzea kareharrizko zutabe baten gainean dago. Bertan agertzen den idazki baten arabera, 1896an eraikita dago gurutzea.
Herriko parrokia, berriz, Zelaia auzoan dago. Tontorrean. Ad Vinculako San Pedroren eliza barrokoa da, eta XVI. eta XVIII. mendeetan eraikita dago. Elizpe txikiaren gainean dauka kanpandorrea.
Lehenago ospitale zaharra izandakoa, oso hondatuta dago. Lekeitiotik Aulestirako errepidean ezkerretara dago. Lea ibaiaren beste aldeko ertzean. Harlangaitzez egindako hormak ditu, eta handia da neurriz. Lea ibarreko (Ispaster eta Lekeitio barne), osasun arazoetan zer egin handia izan zuen. Orain baina, herrigunetik urrun dago, eta errepideak oraindik gehiago bakartu du. Leagi zubia da bertarako komunikazio bide bakarra.


Leagi kanpinetik Leagi dorretxera

Mendexako Leagi kanpinera joanez gero, egin beharreko ibilbidea da; Karraspiotik gorago, Mendexak eskaintzen duen aukeretako bat. Ibilbidea erraza da. Ia ez dauka aldaparik. Oporretan egiteko modukoa da.
Kanpinetik bertatik, Lekeitio oso ondo ikusten da, eta itsasoaren bista itzelak ere bai. Herriko bideari ekin, eta gurutze handia topatuko dugu.
Leagi dorretxeraino helduko gara astiro-astiro, eta handik Amoroto ikusten da. Kilometrora heltzen ez den paseoa da, eta bidean Gaspar, Aldeko, Aurreko, Santiagoneko eta Sebastiñe baserri ikusgarriak daude. Beste baserri batean, Sebastianen, baserriko produktuak eta bertako sagardoa saltzen dituzte.
Bizikleta zaleentzat berriz, Isuntzako Zubitik Ondarroarako bidea dago. Oinez ere egin daiteke, baina bizikletaz egiteko aprobetxatzen du jendeak. Ordu bi inguru egin behar dira pedalei ematen Isuntza zubitik Ondarroara joateko. Errepide oso lasaia da, eta jende asko ibiltzen da bertan paseatzen.


Historia

XVI. mendean bilakatu zen Mendexa elizate, eta ordukoak dira hango lehen agiriak. Erdi Aroan leinu-taldeak bizi ziren Mendexan. Abeltzaintzan jarduten zuten eta ez zeuden herrian guztiz finkatuta. Ondoren, biztanleak nekazaritza inguruetara zabaldu ahala, bertan finkatu ziren.
Mendexan XIII. mendeko arrastoak ere badaude. Andra Mariren eskultura erromanikoa kasu. Horrek ematen dizkigu bertako biztanleek jarduera eta egoitza finkoa lortu zituzteneko pistak. Garai batean Lekeitioko Andra Mari basilikaren menpean egon zen Mendexa. Eurentzako apaizik ez zutela-eta, Lukoko jaunarengana jo zuten mendexarrek. Horrek Mendexako eliza parrokia bilakatzeko agindua eman zion Lekeitioko udalbatzarrari 1545ean. Lekeitiarrek Aita Santuarengana jo zuten, baina hark ere Mendexaren alde ebatzi zuen.

Informazio praktikoa
Non jan
Jaimeren taberna (94 624 31 17), Herriko taberna-jatetxea (94 684 09 60), Tontor taberna-jatetxea (94 624 34 20), Zubiko taberna (94 684 30 15).
Lotarako
- Itxas Ertz landetxea: Likona auzoan dago. Tel: 94 624 31 77 eta 656 77 05 99.
- Endai kanpina: Lekeitiotik Ondarroarako errepidean dago. Tel:. 94 684 24 69.
- Leagi Kanpina: Lekeitiotik Mendexarako bidean dago. Tel: 94 684 23 52 / 94 624 324 20.
- Medexakua baserri turismoa: Zelaia auzoan dago. Tel. 94 624 31 08 / 639 02 13 22.
Festa eta ospakizunak
San Pedro eguna ekainaren 29an, San Isidro maiatzaren 25ean, San Inazio uztailaren 31n, Santa Luzia abenduaren 13an.