argia.eus
INPRIMATU
Julufraia, mahoa eta krabelina
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Iparraldean julufraia, Zuberoan bereziki mahoa eta gainontzekoonean krabelina (Dianthus caryophyllus) deitzen dugu gure etxe eta basetxeetan lehengo mendearen erdia aldera arte zabalduenetakoa zen lorea. Kriskitin, kraskitin... arrosarekin batera lore estimatuenetakoa izan da. Kolore aukera izan arren batez ere gorria eta tarteka zuria izan dira hemen gogokoenak, euskaldunak garen zuriaren eta izan nahiko genukeen gorriaren isla ote? Paparrean, belarri gainean eta ezpain ertzean txerri hiltzaileak ez zirenek ere gustura erakutsi izan dutena lotsabide da egun; eta oihaletan inprimatutako "sixty" itxurako loretzar asmatuak nahiago dira; krabelinaren usain natural "jasanezina" baino edozein markakako lurrina hobea delakoan, apika...
Balkoia eta atari aurre dotoreenak saritzen dituen lehiaketa batean izana naiz. Balkoietan surfinia, petunia, gitanilla geranioa, eta azken puntako diren abarrak besterik ez da ikusten oraintxe eta hara! saldoa krabelin zintzilikario! Zuri gutxi batzuek eta gorri mordoa. Aspaldi ia ahantzia nuen krabelina. Pintatu berria den fatxada ezin itsusiagoan krabelinek garai bateko dotorezia aldarrikatzen dute. Buruan besterik ez dut orain eta urte garai honetan adarretik aise ugaritzen denez datorren urtean ea etxekoa bezala neure fatxada ere dotoretzeko adina krabelin osatzen dudan... axalekoa bakarrik ez dudan zuria odolarena bakarrik ez den gorriaz zipriztintzeko.