argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 27a
Kepa Junkerak «K» zuzeneko diskoa kaleratu du, martxoan Bilboko Arriaga Antzokian eskainitako kontzertuak jasoz. Hala, Junkerak 1998an «Bilbao 00:00h (Resistencia)» diskoarekin hasitako eta ondoren «Maren» lanarekin jarraitutako bidea amaitzen du.
Jorge Oteizaren inguruko ekitaldi ugari egingo da uda honetan. Batetik, «Jorge Oteizari Omenaldia. Bat gutxiago» erakusketa zabaldu du Juan Gorriti artistak Lekunberriko Mitxausenea kultur etxean hilaren 21era arte. Gironan berriz, Oteizaren 62 lanen bilduma bat ireki dute: «Oteiza, el obrero metafísico».
Jose Ibarrolak Bilboko Renfe geltokirako egin zituen giza irudiek ez daukate etorkizun argirik. Guggenheim aurrean kokatuta dagoen geltokia udazkenean desagertu egingo da eta oraindik ez dakite zer egingo duten Ibarrolaren irudiekin.
Unai Elorriagak Zilarrezko Euskadi saria jaso du, iazko Donostiako Liburu Azokan «SPrako tranbia» euskarazko liburu salduena izan baitzen.
David Gonzalezen «Septiembre» lanak irabazi zuen Euskal Herriko lan onenaren saria Gasteizko Ikus-Entzunezkoen 18. Jaialdian. Lan hau Larrotxene Kultur Etxearekin batera ekoitzi zuen.
Xabier Santxotenak bere parke-museoa inauguratu du Baztanen. Bertan artista nafarraren eskulturak bederatzi bordatan bildu dituzte. Bestalde, Gasteizko Udalak Santxotenaren bi eskultura kendu ditu, eskulturak hobetzeko asmoz abian jarritako planaren baitan.