argia.eus
INPRIMATU
Haurrentzako aspirina, errezetarekin hemendik
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Beste ezer esan aurretik, argi eta garbi utzi nahi dut Aspirina (azido azetilsalizilikoa, zehazkiago esateko) botika ikaragarri ona iruditzen zaidala, eta inoiz ez didala arazorik txikiena ere sortu. Baina hori aitortu ondoren, duela hilabete eta erdi edo, teletipoek zalaparta handiz barreiatu zuten berria jaso nahi dut hemen, jende arruntarengan sortutako beldurrak lasaitu eta aspirina benetan merezi duen ohorezko postu horretan mantentzeko.
Aspaldiko kontua da aspirinaren erabilerak Reye-ren sindromea izeneko gibeleko erasan larriarekin eduki dezakeen lotura, behin eta berriz aipatua, eta aldian behin jakizu zein interes eta zein asmok bultzatuta, komunikabide guztietara ailegatzen dena. Oraingo honetan ere hauts asko harrotu ditu, baina gauzak bere onera etorri direnean zer geratu da? "Prekauzio neurri bezala, aspirinaren erabilera kontraindikatzea 16 urtetik beherakoetan, eta sukarrarekin batera agertzen diren sindromeetan", Medikamentuaren Espainiako Agentziaren hitzak erabiliz, euskaratuta noski. Aspirina, horrela, errezeta medikoarekin saltzen diren botiken taldera pasatuko litzateke, orain arte libre saltzen zen bitartean.
Dena den, Espainiako Pediatria Elkarteko presidentea den Alfonso Delgado doktoreak lasaitasuna gomendatu zien gurasoei aholku berrien aurrean, botika horrek, medikuen aginduak jarraituz erabiltzen denean, ekarri ohi dituen mesedeak azpimarratuz. Eta hori baino gehiago axola zaidana, "ez dago zientifikoki frogatua zuzeneko harremanik aspirinaren eta Reye-ren sindromearen artean", Delgado-ren hitzetan.
Bayer laborategiak, bestalde, oraindik ez omen du jaso jakinarazpen ofizialik. Eta gainera, bere iritzian "merkatu aukera berri bat zabaltzen da, aurrerantzean medikuek 125 mg-ko aspirina (pediatrikoa) errezetatu ahal izango baitute, bai umeentzat, baita gaixotasun kardiobaskularrak dituzten paziente helduentzat ere.